Datozen hamar urteetarako Orioko Euskara Plana osatzeko lanketak aurrera jarraitzen du. Gauzak modu ordenatuan egiteko, udalak estrategikotzat jotzen dituen lau lantalde osatu zituen: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Haietako bakoitzarekin bilera bana eginda, bigarren erronda abiatzekotan da orain. Hain zuzen ere, asteartean bilduko da bigarrenez herriko kirol eragileekin, 18:30ean, Salatxo aretoan. Udalak zuzenean gonbidatu ditu herriko kirol eragileak, baina horiez gain, interesa duen herritar orok parte har dezake batzarrean, irekia izango baita.
Urtarrilera bitartean lantalde bakoitzarekin gutxienez hiru aldiz biltzea aurreikusten du udalak. Lehendabiziko bileran, ahulguneetan eta indarguneetan jarri zuten arreta, egoeraren diagnostiko ahalik eta zehatzena egiteko. Astearteko bileran, aurrena, lehen saioan bildutako informazioarekin osatutako diagnostikoa aurkeztuko dute, eta ondoren, datozen hamar urteetarako helburuak finkatuko dituzte, eta baita horiek lortzeko ekintzak proposatu ere. Hurrengo bileran, berriz, lantaldeak ordura arteko egindako lanaren emaitza aurkeztuko dute, fintzeko eta osatzeko.