'Kapitain Frakasa' eleberriaren bertsio berritua kaleratu du Anjel Lertxundik

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 10a, 18:00

Anjel Lertxundi, 'Kapitain Frakasa' eleberria eskuetan. (Erein argitaletxea)

Duela 30 urte argitaratu zuten estreinakoz nobelaren lehen edizioa, eta, orain, liburuaren ‘remake’-a atera du Erein argitaletxeak.

Anjel Lertxundik Kapitain Frakasa eleberriaren remake-a kaleratu du, lehen argitaratze hartatik 30 urte geroago. Erein argitaletxeak izendapen horrekin aurkeztu du gaur Donostian idazlearen bertsio berritua. Nobela beltzaren parametrotan jokatzen duen kontakizuna da Lertxundirena: omega marka bat pasaportean, Italia eta Frantzia arteko mugan negozio ilunetan dabilen talde bat, giro politiko nahasia... Inazio Mujika editorearen esanetan, "gaurkotasun handikoa" da.

"Liburua argitaratu zenean, kritika onak izan zituen liburuak, pozik egon nintekeen, eta halaxe nengoen, pozik egindako lanarekin. Berria omen zen Kapitain Frakasa euskal literaturaren panoraman, diferentea eta, kritikaren esanetan, ausarta", aditzera eman du Lertxundik. Euskarazko narratiba alorrean Espainiako Kritika Saria jaso zuen urte hartan, gainera.

Asebetetzeak hilabete gutxi iraun ziola ekarri du gogora. Izan ere, itzulpen posible bat tarteko, berriro irakurri zuen testua, eta konturatu omen ez zuela hark amestu nuen maila ematen. "Batetik, pasarte batzuetan kontakizuneko piezen puzzlea ez zegoen biribildua, eta, bestetik, hizkeran bazeuden oraindik ere muturreraino eramandako elementu sintaktiko batzuk irakurketa zailtzen zutenak", xehetu nahi izan du.

Ondorioz, "auzi" horiek konpondu behar zituela erabaki zuen, eta hori egin bitartean edizio berririk ez argitaratzeko eskatu zion argitaletxeari. Une horretan, Otto Pette eleberriarekin buru-belarri ari zen, eta gauza batek bestea ekarri zuenez, azkenean, 30 urte luzatu da itxaronaldia. "Urteekin batera, esperientziak ere mesede egin dio nire idazkuntzari", gaineratu du idazleak.

Gauzak horrela, "liburu bera izanik, bi bertsio desberdin dira, bi antolamendu berri eta idazkuntzaren galga berri bat, ez baitira alferrik pasatu 30 urte orduko bertsioren eta gaurkoaren artean, ezta, zorionez, euskara literarioarentzat, eta, noski, ezta nire literatura ulertzeko moduarentzat ere".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide