Datozen hamar urteetarako Euskara Plana egin nahi du Orioko Udalak, eta gogoeta prozesu bat abiatu du plan horren edukia herritarrekin batera lantzeko. Lanketa modu ordenatuan egiteko, estrategikotzat jotzen dituen lau alorretan lantalde bana osatu du: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Eta hain zuen ere, asteartekoa izango da sentsibilizazio eta ahalduntze lantaldearen lehen bilera. Bilera horretara herriko kultur elkarteak eta euskara arloko eragileak gonbidatu ditu udalak, baina besteren batek bilerara azaldu nahi badu, zabalik izango ditu ateak, bilera irekia izango baita. Datorren asteartean bilduko da Salatxo aretoan, 18:30ean.
Urtarrilera bitartean lantalde bakoitzarekin gutxienez hiru aldiz biltzea aurreikusten du udalak. Lehendabiziko saioan, ahulguneetan eta indarguneetan jarriko dute arreta, egoeraren diagnostiko ahalik eta zehatzena egiteko. Bigarren saioan, lehen saioan bildutako informazioarekin egindako diagnostikoaren berri emango dute, datozen hamar urteetarako helburuak finkatuko dituzte, eta baita horiek lortzeko ekintzak proposatu ere. Azkenik, hirugarren saioan, lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztuko dute, fintzeko eta osatzeko.