Urteroko ohiturari jarraituz, Herrio natur taldeko kideek Euskal Herriko zuhaitzen haziak banatuko dituzte larunbatean, herriko plazan. 11:00etan jarriko dute mahaia, eta han egongo dira 13:30ak arte. Ekimenaren helburua da herritarrak sentsibilizatzea bertako zuhaitz espezieak zaintzeak duen garrantziaren inguruan.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko zuhaitzen haziak banatuko dituzte: lizarra, gaztaina, artea, haritza, elorri zuria, gorostia, astigarra eta abar. Natur taldearen nahia da herritarrek beren etxeetan ereitea plazan jasotzen dituzten haziak, eta landaretxoa sortzen denean, kanpoan landatzea, toki egoki batean.
Haziak banatzeaz gainera, mahaira urreratzen direnei Lurgaia Fundazioaren inguruko informazioa emango diete Herrioko kideek, eta baita herrian sortu nahi duten bertako basoen aldeko dinamikaren berri ere.