Neska eta mutil koskor asko hasi da surfean azken urteotan. Urte gutxirekin, orduak eta orduak egiten dituzte uretan edo hondartza aldean, olatu gainean ez bada haiei begira. Adi-adi egonda, zentzumenak fintzen hasten dira oso gaztetatik, eta hazten joan ahala, ingurune naturalaren etengabeko mugimenduak irakurtzen ikasten dute: mareen gorabeherak, haize aldaketak, itsasaldien joan-etorriak...
Irakurketa hori ondo egindakoan, bueltan jasotako saria bikaina izan daiteke: surfean gozamen bete-betea dastatzea. Beste batzuetan, aldiz, atsekabetuta itzuliko da etxera gaztetxoa, naturarengandik esperotakoa jaso gabe. Horrek duen balioa ere handia da, etorkizunera begira batez ere: surflariak umetatik ikasi eta barneratuko du naturarena dela indar handiena, eta onerako edo txarrerako, harena dela azken hitza.
Inguruan izan ohi ditudalako aipatu ditut surflariak, baina arraunlariak ere ekar nitzake testura; umetatik Itsaspe edo Kukuarri aldean ibili diren mendizaleak ere bai; edota errioaren bueltan korrika aritzen direnak. Zaku berean sartzen ditut denak: Orioren ingurune natural ederrean eta harekin batera bizitzen ikasi dutenen taldean.
Multzo horretako lagunak balio erantsia duten herritarrak direla ikasi dut denborarekin: eguneroko bizitzako edozein egun grisetan ere, herrian bertan badute zer gozatua. Hau da, bizi kalitate hobea eta zorion une gehiago izaten dituzte eskura. Geroago, kasu batzuetan, naturarekin gozatzen ikasten dutenek urratsa ematen dute aurrera, eta benetan maite dutena zaintzen ere hasten dira.
Herrio natur taldeko kideei aspaldi piztu zitzaien kontzientzia ekologista. Haien sentsibilitateak bultzatuta, azkar ibili ziren, eta ordutik, ia gehienon aurretik joan dira. Taldeak ia 20 urte daramatza lanean, eta aitortza merezi dute. Boluntario lanean aritu dira, xuxen-xuxen eta etenik gabe herrigintzan. Jarraikortasun horrek, gainera, meritu handia du. Politikarien aldetik ezezkoak entzundakoak dira behin baino gehiagotan, eta jendarteak ere bizkarra eman die sarri. Gogorra egingo zitzaien bidea irekitzea. Gogorra oso, hain argi ikusten zutena azaltzen saiatu eta bueltan erantzun antzuak jasotzea.
Hori guztia aurka izan arren, lanari eusteko indarra izan dute Herriokoek, eta denborak arrazoia eman die: klima aldaketa ukaezina da, eta ingurumenaren aldeko borroka hil ala bizikoa.
Urriko aldizkariko erreportajean irakur daitekeen modura, taldeak etorkizunera begirako perspektiba handiarekin jarraitzen du lanean. Ezinbestean, haien ahotsa entzunagoa izango da aurrerantzean.