Ainara Munduate: "TAO sistema berriak ez du eragin negatiborik izango herritarrengan"

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 30a, 14:18

Udalak bilerak egin ditu merkatariekin eta herritarrekin, haien guztien ekarpenak biltzeko. Indarrean dagoen erloju-sistema kendu egin nahi dute, TAO makinekin ordezkatzeko.

TAO sistema berria egituratzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Orioko Udalak. Hausnarketa prozesu baten ondoren, merkatariekin bildu ziren aurrena udal ordezkariak, eta lehengo astean herritarrekin bilera irekia egin zuten. 

Bileretan jasotako ekarpen guztiak eskuartean dituzte orain, eta lantzen ari diren proposamenean txertatzen ari dira,  Ainara Munduate Hirigintza batzordeburuaren hitzetan: "Sistema berriak hiru helburu nagusi ditu: errentagarria izatea, TAO sistematizatzea eta, aldi berean, herritarrak ez kaltetzea. Formula berriak bilatzen ari gara, eta horiek udal teknikariekin eta zinegotziekin kontrastatu behar dira orain". Aurreikuspenak betez gero, TAO sistema berria zehaztuta izango dute abendurako, esleipena egin eta hurrengo urtean martxan jartzeko. 

Udalean, pandemiaren aurretik ikusi zuten TAO sistemak gabeziak zituela. "Merkatariek eta ostalariek orduan azaldu zutenaren arabera, indarrean dagoen erloju sistemak nahasmena eragiten du, eta ez du bere funtzioa ondo betetzen", azaldu du batzordeburuak. Horregatik, oraingo erloju sistema kendu eta TAO makinak jarri nahi dituzte.   

TAO urte guztian
Gaur-gaurkoz, uda denboraldian bakarrik ordaindu behar izaten da Orion aparkatzeko, eta hori urte guztira zabaltzea aztertzen ari dira. "Industria gutxi du Oriok, eta udalaren diru sarrera nagusia udal kanpina da. TAO urte osora zabaltzeak diru bilketan igoera bat eragin dezake, herriaren onurarako". 

Munduatek argitu nahi izan duenez, aldaketek ez dute eragin negatiborik izango herritarrengan; ordainpeko sistema bisitarientzat izango da, eta herritarrek urte osorako doako pegatina izango dute. Orain arte, pegatina hori uda denboraldian bakarrik izan da beharrezkoa. 

Urtean hiru denboraldi
Udalak eskuartean duen proposamenaren arabera, urtea hiru denboralditan banatuko da: uda denboraldia (ekainetik irailera), negua (azarotik martxora), eta tarteko denboraldiak (martxotik ekainera eta irailetik azarora). 

Udan eta neguan, orain arte bezala funtzionatuko du ordainpeko TAOak nagusiki, eta sistema berriak tarteko denboraldiei eragingo die batik bat. Garai horietan, bisitarientzat ordainpekoak izango dira aparkalekuen zenbait eremu. Bestalde, aztertzen ari dira komertzioak dauden kaleetako errotazio aparkalekuen denbora tartea ordu eta erdira luzatzea. 

Munduatek nabarmendu du prozesua moldaketetara "irekita" dagoela, eta sistema berria  "dinamikoa" izango dela: "Urtero berrikusi beharko da, premia berrietara egokitzen joateko". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide