Ainara Manterolak Venezuelan izango du ibilbide profesionaleko hurrengo erronka. Izan ere, gaur iluntzean jakin denez, herrialde horretako emakumezkoen selekzioko kirol prestatzailea izango da aurrerantzean. Hala, Pamela Conti entrenatzailearekin batera arituko da elkarlanean.
Sare sozialetan plazaratutako oharrean zehaztu dutenez, egunotan bidaiatuko du Venezuelara Manterolak, astelehenean bertan Caracasen egoteko. Segidan Isla Margaritako CNAR errendimendu altuko zentrora joango da, taldearekin batu eta lanean hastera.