Karkarak bat egin du TKEk arraunlari bat gazteleraz egitera behartu izanaren harira plazaratutako adierazpenarekin

Karkara 2021ko abu. 12a, 10:28

Eusko Label ligako komunikazio-plataformak Donostiako arraunlari bat gaztelaniaz hitz egitera behartu nahi izan zuen uztailean. Horren aurrean, kostaldeko herrietan euskararen alde lan egiten duten bost eragilek, tartean Karkara kultur elkarteak, honako adierazpena kaleratu dute.

Abuztuaren hasieran jakin denez, Traineru Kluben Elkartearen (TKE) ikus-entzunezko plataformak  (ACT TV) gaztelaniaz hitz egitera derrigortu nahi izan zuen Donostiarra Arraun Elkarteko kide bat  uztailaren 25ean, Lekeition jokatutako estropadaren ondoren.  

Euskal Herrian Euskarazen (EHE) bidez salatutako egoera horren aurrean, honakoa adierazi nahi  dugu kostaldeko herrietan euskararen alde lan egiten dugun bost eragilek: 

1) Elkartasuna adierazi nahi diogu adierazpenak euskaraz bakarrik egin nahi izan zituen  arraunlariari. Egunero jasan behar izaten ditugu horrelako egoerak eta garrantzitsua da presioen  gainetik euskaldun gisa ditugun eskubideei tinko eusten dieten pertsonak agertzea, baita mota  horretako gertakariak eremu pribatuan ez geratzea ere, euskararen erabilera denoi dagokigun zerbait delako.  

2) Eusko Label liga antolatzen duen TKEri eskatzen diogu bere komunikazio-politika alda dezala,  euskaraz hitz egin nahi duten arraunlariak ez daitezen presionatuta sentitu, uztailaren 25ean gertatu  zen bezala. Euskal Herrian gaude eta euskaraz bakarrik hitz egin nahi izatea guztiz zilegi da.  Lehiaketaren komunikazio-lanak hizkuntza batean baino gehiagotan egin behar badira, TKEk  asmatu beharko du nola eseri tosta berean komunikazio eleanitza eta euskaldunei zor zaien  errespetua. 

3) Goi mailako kirolariak gizartearentzat erreferente dira, ez bakarrik lehiatzen direnean, baita  jendaurrean agertzen direnean ere. Horregatik, Eusko Label ligan parte hartzen duten arraunlari  guztiak animatu nahi ditugu ACT TV-k eta beste hedabideek egiten dizkieten elkarrizketetan  euskaraz egitera (baita galizieraz ere, herrialde hartako arraunlarien kasuan). Arrauna kirola baino  gehiago baita: neurri batean, bizi garen herriak ordezkatzen dituzte gure traineruek. Erakutsi  dezagun herri euskaldunak garela. 

Sinatzaileak:  
Axola euskara elkartea (Abanto) 
Bagera euskaltzaleen elkartea (Donostia) 
Blagan euskara elkartea (Hondarribia) 
Karkara Taldea kultur elkartea (Orio) 
Zuhatza euskara elkartea (Deba)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide