Joseba Orella: "Euskaraz aritu nahi dugu bisitariekin"

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza 2021ko uzt. 16a, 09:23

Joseba Orella, artxiboko irudian.

Urola Kostako Udal Elkarteko euskara teknikariaren esanetan, 'Ongi etorri euskararen herrira' egitasmoaren bidez, euskara eta euskal nortasuna Urola Kostako turismo eskaintzaren erdigunean jarri nahi dituzte.

Ongi etorri euskararen herrira egitasmoa jarri dute martxan Zarautzen, Zumaian, Orion, Getarian eta Aian. Joseba Orella Urola Kostako Udal Elkarteko euskara teknikariaren esanetan (Orio, 1986), turismo eragileak sentsibilizatzea da haren helburu nagusietako bat. Horrez gain, hainbat euskarri aterako dituzte udan, eta horien bidez euskarazko hainbat hitz eta esaldi labur ikasteko aukera izango dute bisitariek.

Zer jasotzen du Ongi etorri euskararen herrira egitasmoak?

Ikusten genuen atzerritarren aurrean euskaldunok askotan euskara baztertzen dugula, edo, are gehiago, oztopotzat ikusten genuela euskara. Horregatik, eskualdeko bost herritako turismo eragileak —ostatuak, tabernak, merkatariak, zerbitzuak…— nahasi nahi ditugu, jabetu daitezen euskara beste inork eskaintzerik ez duen balio erantsi bat dela, eta erakarmenerako amu izan daitekeela. Horrez gain, hainbat euskarri zabalduko ditugu, eta euskarri horietan hitz eta esaldi sinpleak landuko ditugu; hau da, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez ageriko dira hitz horiek, ahalik eta modu erakargarrienean, kanpotarrek ere murgiltze azkar eta arin bat izan dezaten, eta euskara praktikan jar dezaten.

Zer ekarpen egin diezaioke euskarak turismoari?

Askotan, turismoarekiko ikuspegi ezkorra izaten da nagusi, baina turismoa bada truke kultural bat ere. Eskualdean asko dugu eskaintzeko, ingurumenetik hasi eta zerbitzuetaraino, baina turismoa truke moduan ulertuz gero, gure-gurea den hori euskara da, eta euskarak eta, bide batez, euskal nortasunak turismo eskaintzan presentzia behar dutela iruditzen zitzaigun.

Zer lotura dute turismoak eta euskarak eskualdean?

Alde batetik, badakigu gure eskualdea euskararentzat arnasgunea dela, bost udalerri hauek direlako arnasguneak; bestetik, helmuga turistiko gisa ere erakargarria da eskualdea; turismoak indar handia du. Halako eskualdeen artean euskaldunenak ere bagara, eta ulertzen dugu gure turismo eskaintzan euskarari benetan duen balioa ematea dagokigula, lanketa hori egitean eredu izatea dagokigula, eta eskaintza osoa euskarari zentraltasuna emanez osatu behar dugula.

Euskarari buruzko zer jarrera izan ohi dute turistek?

Turismo zerbitzuetan eta turismo bulegoetan jaso izan den feedbacketako bat izan da jende asko gurera etortzen dela interesagatik, badakitelako hizkuntza eta herri ezberdin bat dugula, baina ondoren ematen ziguten iritzia zen ez zutela hortik nahi bezainbeste jasotzen. Gure arteko harremanak euskaraz baldin badira, euskara baldin bada ardatza harremanetan, kanpotik datorren bisitariak hori ikusi, bizi eta jasoko du. Horregatik, lehenbiziko lana turistekin harremanetan dauden horiek sentsibilizatzea zela ikusi dugu, eta, nola ez, eskualdeko herritarrok sentsibilizatzea ere bai.

Nolako eragina dauka turismoak herritarren hizkuntza ohituretan?

Kanpotarrak datozen momentutik, beste hizkuntzak ere entzuten dira gure kaleetan, baina nik uste dut herri euskaldunen pultsua mantentzen dela, nahiz eta momentu batzuetan, agian, euskarak presentzia gal dezakeen, batez ere guk ez badugu erdigunera eramaten. Adibide bat: batzuetan australiar batekin gaztelaniaz mintzatzen gara, nahiz eta mimikaz aritu. Elkarrizketa irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

 

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide