Mantso-mantso mendian gora

Erabiltzailearen aurpegia Bittor Andres 2021ko uzt. 3a, 09:00

Ekaineko KARKARA aldizkarian argitaratutako artikulua, 'Osasuna' atalean.

Maiatzaren 23an, Talai Mendi Trail lasterketa antolatu genuen, Talai Mendi elkarteko kideok. Giro ederra izan zen bertan, eta ikusle bati baino gehiagori sartuko zitzaion mendian oinez edo korrika aritzeko gogoa. Ez da gutxiagorako, mendian ibiltzea deskonektatzeko eta naturaz gozatzeko modu bikaina delako, eta jende asko ezagutzeko eta harremanak sendotzeko aukera ematen duelako. Orion eta Aian, gainera, baditugu horretarako ibilbide ederrak. Mendian inoiz ibili ez denari gomendatuko nioke poliki-poliki hastea. Hasieran, oinez egin beharko ditu ibilbide errazak, Itxaspeko buelta, esaterako. Hori eroso egiten duenean, Kukuarri aldera joan daiteke, eta Pagoeta inguruan ere baditu bidezidor bikainak. Garrantzitsua da lehen saioetan oinez hastea, eta pixkanaka-pixkanaka korrika tarte txikiak egitea, beti ere osasuna zainduta.

Hain zuzen ere, teknologia berriek aukera ematen digute korrika dihardugun bitartean egiten ari garen ahalegina neurtzeko. Neu, esaterako, duela hogei urte korrika hasi nintzenean, ez nengoen sasoi onean. Lehen saioan Ikastola paretik autobide azpira egin nuen korrika, eta lehertuta etxera bueltatu nintzen. Ez nuen etsi, ordea, eta Zarauzko lagun batek gomendatuta, pultsometroarekin korrika hasi nintzen. Esan zidan denbora luzez korrika egiteko aukera ematen zidan erritmoa aurkitu behar nuela, nire pultsuari erreparatuta. Hasieran, poliki- poliki hasi nintzen, baina segituan nabarmendu nuen hobetzen ari nintzela. Erretzeari utzi nion, eta korrika egiteko harra barruraino sartu zitzaidan; hilabete gutxian, nire bizitza zeharo aldatu zen.

Handik urte batzuetara, berriz, Euskal Herrian mendi lasterketak antolatzen hasi zirenean, lagun batek aipatu zidan Zegama-Aizkorri lasterketa antolatuko zutela, eta animatuko al ginen probatzera. Orduan, errepidean soilik korrika aritzen ginen, eta pixkanaka mendi aldera korrika hasi ginen probatzeko. Kontuan hartu behar da mendian eta errepidean korrika egitea oso desberdina dela, mendi aldean erritmo aldaketa handiak izaten direlako. Joan gaitezke korrika, gero oinez aldapa igo eta, segidan, berriz ere korrika eta saltoka aldapan behera joan. Lehen saioa mantso-mantso egin genuen, baina azkar hartu genion gustua. Ordutik, beti mendian korrika aritzen naiz, eta ez naiz damutzen, mendian korrika egiteak sekulako askatasun sentsazioa ematen didalako.

Beraz, lotsagatik edo beldurragatik oraindik mendian korrika egitera ausartu ez direnak, mantso-mantso hastera animatuko nituzke. Garrantzitsuena ez delako lehen egunetik denak emanda hastea, egunez egun urrats txikiak egitea baizik. Helburua markatu eta hori lortzen saiatzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide