Euskararen benetako misterioa ez da bere jatorria, iraupena baizik. Adur Larrea ilustratzaile eta komikigilearen esaldi hori irakurri nuen pasa den astean sare sozialetan, eta euskararen etorkizunaz zer pentsatua eman zidan. Izan ere, euskara mendeetan zehar bizi-bizirik mantendu eta gaur egunera iritsi bada, herritarrok eta gure arbasoek euskaraz hitz egin dugulako izan da.
Etorkizuna kezkaz begiratzen dute askok ordea, eta kanpotik etorri diren herritarrek euskara ez dutela ikasten azpimarratzen dute behin eta berriz. Ez da gai samurra, eta iritzi kontrajarriak egon daitezke gai horren inguruan. Agian, arrazoi dute diotenek kanpotik etorri direnek ez dutela euskara nahi genukeena bezainbeste ikasten, baina aitortu behar da euren seme-alabek euskaraz barra-barra egiten dutela eta euskararen etorkizunarentzat seinale ederra dela hori. Hala, Aiako eta Orioko ikastetxeek arlo horretan egiten duten lana goraipatu eta eskertu behar dugu, oztopo handiak gaindituz eta zenbaitetan baliabide gutxirekin lortzen dutelako haurrek euskaraz ikasi eta hitz egitea. Bejondeizuela!
Jatorri desberdinetako aiar eta oriotar askok, gainera, seme-alabekin batera ikasten dute euskaraz, modu informalean; ez noski elkarrizketa oso bat euskaraz jarraitzeko moduan, baina asko eta asko gai dira ulertzeko, baita esaldi motzen bidez erantzuteko ere. Nik neuk etxean dut adibide garbia. Senarrak semearekin ikasi du euskaraz; aitak semeari wolofez hitz egiten dio, eta semeak oraindik hizkuntza afrikarra ondo hitz egiten ez duenez, euskaraz erantzuten dio askotan. Bitxia iruditzen bazait ere, primeran ulertzen dira elkar, eta ohartu naiz nire bikotekideak ondo baino hobeto ulertzen diola semeari eta esaldi motzak egiteko gai dela. Agian zenbaitentzat aurrerapauso txikia izan daiteke, baina nire iritziz munduaren beste muturretik etorri denak euskaraz ulertzea eta ahal duen heinean hitz egitea, albiste ederra da hizkuntzaren etorkizunari erreparatuta.
Hiztunek erabiltzeaz harago, bada euskararen etorkizuna baldintzatzen duen beste faktore garrantzitsua: erakundeek euskaraz funtzionatzea. Era berean, euskararen etorkizunarentzat ere ezinbestekoa izango da azken hamarkadetan garatu den mundu digitalean presentzia izatea. Arrazoi horiengatik heldu diote Orioko Udalak eta Elhuyarrek UdalHiztek proiektuari, “ahal den heinean udalean euskara hutsez lan egiteko, baina inor bazterrean utzi gabe”, azaldu du Jabier Zabaleta Euskara teknikariak. Argi azaldu du Itziar Cortes ingeniariak KARKARAri eman dion elkarrizketan: “Aro digitalean murgilduta gaude, eta ezinbestekoa da hizkuntza teknologietan aurrerapausoak egitea, euskarak presentzia eta indarra izatea nahi badugu".
Hainbat garai ezagutu ditu hizkuntza zaharrak, baina oztopoak gainditzen eta horietako bakoitzera egokitzen jakin du. Horregatik, oraingoan ere hautu kontzientea eta ahalegina egin beharko du gizarteak euskara garai berrietara egokitzeko, gure ondorengoek komunikatzeko beste hizkuntzak erabiltzea nahi ez badugu behintzat.