Begetarianismoa

Leire Izagirre 2021ko mai. 31a, 03:18

Maiatzeko KARKARA aldizkarian argitara emandako artikulua, 'Osasuna' atalean.

Gaur egun nabarmendu den moda dela badirudi ere, antzinatik datorren korrontea da begetarianismoa. Antzinako kultura gehienetan eraman ohi zen elikatzeko modu hau. Europan, antzinako Greziako erlijioaren jarraitzaileak izan ziren lehenengoak, K.a. VI.mendean, eta gerora, historian zehar oso ezagunak izan diren pertsonaia ugarik jarraitu dute landareetan oinarritutako elikadura: Pitagoras, Leonardo Da Vinci, Voltaire eta Rousseau-k, besteak beste.

Hala, batzuen identitate eta bizi filosofia den arren, beste askorentzat arrotza izaten jarraitzen du kontzeptu honek. The Vegan Society-ren arabera, honela definitzen da beganismoa: bizimodu eta filosofia bat, zeinak animalienganako esplotazio eta krudelkeria oro baztertzen dituen. Definizio hau elikaduraren arloan aplikatuz gero, hots, begetarianismoari dagokionez, esan daiteke animaliengandik eratorritako elikagai zein produktu orori uko egitean oinarritzen dela, izan haragia, arraina, arrautzak, eztia, esnea zein esnekiak.

Baina orduan, zer jaten dute begetarianoek? Pentsaezina badirudi ere, horien elikadura oso aberatsa da, fruta, barazkiak, lekaleak, zerealak, fruitu lehorrak eta haziak egunerokotasunean kontsumitzen baitituzte.

Beganismora hurbiltzeko arrazoien artean, moral edo etikoak, ingurumenezkoak, erlijiozkoak, kulturalak eta osasunari lotuak aipatu daitezke. Azken argudio horrek zeresana eman du gizartean, eta begetarianismoak osasunean izan ditzakeen onurak interesa piztu du zientzialarien artean. 

Zer dio zientziak? Ebidentzia zientifikoaren arabera, elikadura begetarianoa daramaten pertsonek bizi ohitura osasuntsuagoak daramatzate, eta beraz, osasunari lotutako aurreikuspen positiboagoa izango dute. Hala ere, berariaz elikadurari lotuta, ez da erraza ondorio garbiak ateratzea, ikerketa bakoitzean modu desberdin batera definitzen baita elikadura begetarianoa, eta emaitza askoren atzean, elikaduraz gain, bizi ohiturek izan dezaketen eragina ere azaltzen baita.

Dena den, orain arte aztertu denaren arabera, pertsona begetarianoek gaixotasun kronikoak garatzeko arrisku faktore gutxiago izan ditzaketela ikusi da ez-begetarianoekin alderatuta:

Obesitateari dagokionez, ikusi den joera honako hau da: geroz eta animalia produktu gutxiago, orduan eta arrisku gutxiago obesitatea garatzeko. Diabetesaren kasuan, badirudi elikadura begetarianoa 2 motako diabetesaren prebentzioan zein tratamenduan onuragarria izan daitekeela, gaixotasun horrekin lotutako parametro askotan hobekuntzak ikusi baitira. Gainera, badirudi populazio begetarianoak gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arrisku faktore gutxiago dituela, eta bereziki, gaixotasun zerebrobaskular eta koronarioak pairatzeko arrisku gutxiago dutela ikusi da. Azkenik, minbiziaren kasuan, pertsona horietan intzidentzia baxuagoa ikusi da, batez ere digestio sistemako minbizietan (kolon, adibidez) eta baita bereziki emakumeetan agertzen direnetan ere (bularrekoa).

Emaitza horiek ondo antolatutako elikadura begetarianoan ikusi dira; landare jatorriko produktuetan, antioxidatzaile eta zuntzetan aberatsa, eta aldiz, koipe saturatu eta kolesterolean baxuagoa dena. Gainera, B12 bitamina gehigarri gisa hartzearen garrantzia aipatzekoa da elikadura mota horretan.

Hau guzti hau kontuan hartuta, esan daiteke osasuntsu egoteko egoki antolatutako elikadura izateaz gain, bizi ohitura mesedegarriak ere ezinbestekoak direla, izan elikadura omniboroa zein begetarianoan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide