Iritzia: Errolda Agiria

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko mai. 4a, 09:49

Tarana Karimek Arraunetxen emandako hitzaldia. Artxiboko irudia. Egilea: Aiora Larrañaga Solaberrieta

Apirileko KARKARA aldizkarian argitara emandako artikulua, 'Iritzia' atalean.

Martxoaren 18an Tarana Karim ekintzaile feminista eta musulmanak hitzaldia eman zuen Arraunetxen, eta kalean entzun nuen adineko emakume bat minduta beste bati esaten: “Hitzaldia zergatik? Orion, arrazistak al gaitun ba?". Ez dakit aurrean zuenak zer erantzun zion, baina BAI borobila merezi zuen bueltan. Eta horrekin ez dut esan nahi gu besteak baino okerragoak garenik, ezta gutxiagorik ere, baina, oraindik ere barruraino sartuta ditugu kolonialismo garaitik datozen hainbat sinesmen, eta horiek eragina dute gure eguneroko portaeran. Agian, zenbaitek pentsatuko dute alderdi ultraeskuindarrek migranteen aurka helarazten dituzten mezuak soilik direla arrazismoa, baina hortik harago, arrazakeria oso sotila izan daiteke, uste oker eta aurreiritziz osatua baitago.

Martxoaren 21ean Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta euskal hiriburuetan mobilizazioak antolatu zituzten pertsona arrazializatuek jasaten duten bazterkeria salatzeko. Bilbokoan, migratzaileek etxebizitza alokatzeko jasaten duten arrazakeria azpimarratu zuten. Hain zuzen ere, gai hori hizpide izan zuten Orioko hitzaldian. Alokairuarena, esaterako, arazo larria da herrian. Oraintxe bertan, alokatzeko etxe bila dabiltzan bi familia ezagutzen ditut; etsita daude, laster etxerik gabe geratuko direla jakinda, irtenbiderik aurkitzen ez dutelako. Zer sentituko genuke guk haur txikiak edukita, kale gorrian geratzeko arriskuan egongo bagina? Egoera latza da, eta gehienek ez dakite nora jo laguntza eske. Ez dira kasu isolatuak, ordea, asko direlako estuasun hori sentitu duten familia etorkinak, baina erakundeek ez diote irtenbiderik ematen arazoari.... Xelebrea da egoera: 'integratzeko' eskatzen zaie jatorri desberdinetako herritarrei, baina, era berean, oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkie; baita horretarako lanpostu segurua eta beharrezko diru sarrerak badituzte ere. Zenbaitek azkar erantzungo didate esanez bertakoontzat ere zaila dela alokatzeko pisua aurkitzea, eta arrazoi osoa dute, baina ahoskera entzunda bakarrik bertakoa ez zarela antzematen denean, etxebizitza alokatzeko aukerak asko murrizten dira.

Migrante askok, esaterako, direnak eta ez direnak egin behar izaten dituzte errolda agiri bat lortzeko, behar-beharrezkoa baita oinarrizko eskubideak izateko. Errolda agiria behar da, esaterako, Osakidetzako txartela izateko, gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea izateko, paperak legeztatzeko edo familia ekarri ahal izateko.

Argi dago etxebizitzaren gaia ez dela arazo hutsala. Esan daiteke etxebizitzak bere horretan ez duela bermatzen integrazioa, baina ezinbestekoa da gizarte bazterketari irtenbidea eman eta bizimodu duina eraiki ahal izateko

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide