Berrogei lagun inguru juntatu ziren atzo arratsaldean Arraunetxen, Lurgaia Fundazioko kideek emandako hitzaldian. Herrio natur taldeak antolatu zuen ekimena, eta azaldu dutenez, oso ondo joan zen atzoko hitzordua. "Larunbata izanik eta atzo izan genuen eguraldia kontutan hartuz, benetan pozgarria da Arraunetxen jendea juntatu izana. Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei eta udal ordezkariei han izateagatik eta erakutsitako interesagatik".
Hitzaldiaren ondorengo galdera-erantzunetan galdera eta ekarpen dezente egon ziren. "Natur taldeko kideok atzo izandako pertzepzioaren arabera, herrian badago interesa basoen berreskurapenarekiko, eta oso animatuta atera ginen saiotik. Orain, eman beharreko hurrengo pausuak finkatzen ari gara, eta gauzak finkatu bezain pronto emango diegu herritarrei gure berri".
Atzoko hitzaldia bideoz jaso zuten antolatzaileek, eta datozen egunetan plazaratuko dute, interesa duen orok ikus dezan.