Lurgaia fundazioak "bertako basoak berreskuratzeko" proiektua aurkeztuko du Arraunetxen

Iñigo Gaiton 2021ko api. 19a, 09:14

Herrio natur taldeak antolatu du hitzaldia, eta larunbatean izango da, 18:30etatik aurrera. Antolatzaileek azaldu dutenez, modu telematikoan jarraitzeko aukera ere emango dute.

Lurgaia Fundazioak hainbat herritan aurkeztu du bere proiektua "bertako basoak berreskuratzeko" helburuarekin, eta apirilaren 24an Orion izango da fundazioko kide bat, 18:30ean Arraunetxen jarri duten hitzorduan, hurreratzen diren herritarrei proiektua azaltzeko. Herrio natur taldeak antolatu du ekimena, Orioko Udalaren babesarekin.

Saioa Internetez jarraitzeko aukera ere egongo da, Meet plataformaren bitartez. Hau da esteka: meet.google.com/xbs-obcg-cqc

Lurgaiaren funtzionamendua

Lurgaia Fundazioak bere webgunean azaltzen duenez,  lursailak eskuratzen ditu "bere jabeekin (publikoekin zein pribatuekin) egindako borondatezko dohaintzaren, salerosketaren edo lagapen-hitzarmenen bidez".

Jabe horiek titulartasunari eusten diote, "baina lurzoruaren erabilera iraunkorra bermatzen dute: balio naturalak, kulturalak eta paisaia-balioak kontserbatzea eta/edo berreskuratzea".

Proiektuari laguntzeko hainbat modu ere ageri dira webgunean: dohaintza egitea da aukera bat, eta hainbat tamainatako baso zatiak oparitzea, beste bat (diru kopuru desberdineko bonuen bitartez).

Fundazioaren arabera, 105 hektarea baso kudeatzen ditu orain, eta helburua da 153 hektarea kudeatzea. 45.000 euro behar dituela ere jartzen du webgunean. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide