"Herritarren ideia eta proposamen berriak jasotzeko gogoa dugu"

Iñigo Gaiton 2021ko mar. 11a, 09:51

Rosaura Bravo ezkerrean, eta Marian Lazkano Ostargi elkarteko presidentea eskuinean. Argazkia: Iñigo Gaiton

Hogeita bederatzi urte bete ditu aurten Ostargik. Urteurrenaren harira ikusgai izan duten erakusketaz gain, elkartearen etorkizunaz eta erronkez ere aritu da Bravo elkarrizketan. 

Zer nolako inpresioa laga dizue asteburuko erakusketak?
Egia esan, oso ona. Aurreko juntako kideek esan zigutenez, azken urteetan jende gutxi pasatzen zen ikustera, eta aurten kontrakoa gertatu da. Toki aldaketak ere izango zuen eragina; lehen kultur etxeko aretoan egiten zen, eta jendeak ez du ohiturarik hara sartzeko. Aurtengoa kalean dagoen lokal batean egin dugu, eta oso eskura egon da edonorentzat.

Zenbat lagunen eskulanak egon ziren ikusgai?
Gaur gaurkoz, 70 herritar inguruk parte hartzen dute elkartean, eta horiek egindako lanekin osatu zen erakusketa. Martxa polita dugu orain, eta beteta ditugu eskolak hartzeko txanda guztiak. 

Kultur-aniztasuna aipatu izan duzue elkartearen balioei erreferentzia egiterakoan.
Bai, hala da. Taldeetan badira atzerritik etorritako lagun batzuk; besteak beste, kubatarrak eta kolonbiarrak. Pozgarria da haiek ere eskulanak egiten ikustea, horrela, guk ere beste herrialde batzuetakot teknikak ikusteko aukera dugulako. Bestalde, Orioko Xaltxerak talde feministarekin hartu-emanean gaude. Herrian integratzeko arazoak dituzten atzerritarrei laguntzeko prest al geunden galdetu ziguten, eta gure ateak parez pare zabaldu dizkiegu. 

Eskulanetan aritzeko afizioa sustatzea da Ostargiren xede nagusia, baina, aldi berean, funtzio soziala ere betetzen du elkarteak. Asko hitz egiten dugu gure artean, josten edo beste edozertan ari garen bitartean. Jende batentzat, eguneroko bizitzako gurpiletik atera eta bere buruarentzat hartutako denbora da gurekin egiten dutena. Balio handia du.

Junta berriak iaz hartu zuen elkartearen gidaritza. Zer helbururekin?
Ostargi indarra galtzen ari zela esan ziguten aurreko kideek; jendea zahartu ahala, gutxitzen joan zen kideen kopurua, eta geratzen ziren erabiltzaileen adina ere gero eta handiagoa zen. Elkartea haizeberritzeko jo zuten gugana, eta horretan saiatzen ari gara, jende gazteagoa erakarriz. 

Zer erronka dituzue orain?
Aipatu bezala, helduekin eta jende gaztearekin lan egitea gustatuko litzaiguke. Proiektu asko ditugu buruan; umeekin zerbait egin nahiko genuke, txikitatik eskulanetarako afizioa izan dezaten saiatzeko.

Zein izan daiteke gazteak erakartzeko gakoa?
Haien interesekoak diren gauzak eskaintzea: tapizeria, altzariak eraberritzea, eskultura, zeramika... Horretarako, ordea, gai horietan trebea den jendea behar dugu, irakasle lanetarako. Badakigu herrian badela talentua, eta edonorentzat ateak zabalik ditugula esan nahi diegu herritarrei. Desiratzen gaude proposamen berriak jasotzeko. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide