Zubietako erraustegian hondakin industrialak erreko dituztela salatu du Irriparra Berreskuratu taldeak

Karkara 2021ko mar. 10a, 08:48

Erraustegiaren aurkako kale agerraldia izan zen ostiral arratsaldean. Martxoaren 27an erraustegiaren parean egingo den protestan parte hartzera deitu dituzte herritarrak

Ostiral arratsaldean, erraustegiaren aurkako protesta izan zen arratsaldeko seiak eta erdiak aldera. Bi pertsona Elizako zimitoriotik zintzilik jarri ziren S.O.S. irakur zitekeen kartelarekin, eta segidan, beste bi lagunek manifestua irakurri zuten Oteitzaren pietatea jarrita dagoen arkupean. Irriparra Berreskuratu taldeak antolatutakoa izan zen kale agerraldia.

Manifestuaren irakurketaren lehen zatian, Zaldibarko zabortegiari egin zioten erreferentzia. Haien hitzetan, iazko otsaileko hondamendia gertatu eta gero jakin zen Zaldibarrera «edozein zabor mota» eramaten zutela, «arriskutsua ala ez, dena nahastuta, kontrolik gabe». Segidan, Zubietako erraustegira eraman zuten irakurketaren gaia. «Zaborra erraustegiaren labeetan erretzen denean, inork ez daki zer aterako den, eta jakin badakigu emisio arriskutsuenak, dioxina eta furanoa, adibidez, urtean ordu gutxian bakarrik neurtuko direla».

Irriparra Berreskuratu taldekoen arabera, Zaldibarko hondamendiaren ondoren airean eginiko neurketek dioxina eta furano maila altuak zeudela erakutsi zuten. «Orain, osasuntsua balitz bezala, Zubietako erraustegian hondakin industrialak erreko dituztela esan digute, kontrolik gabe era guztietako hondakinak onartzen dituztenek».

Erraustegiaren edukiera
Agerraldian jakitera eman zutenez, Gipuzkoan sortzen den errefusa baino gehiago erretzeko prestatu dute erraustegia: «2019an Gipuzkoan 138.000 tona errefusa sortu ziren, eta erraustegia 200.000 tona erretzeko prestatu dute. Ikusi da, Gipuzkoako herri gehienetan posible dela errefusa asko murriztea. Zergatik ez da hori egiten Donostian, Irunen, Lasarten eta halako udalerrietan? Horiek dira erraustegia gehien elikatzen dutenak, eta ez dute beste udalerri batzuek txukun samar egiten dutena hondatzeko eskubiderik», salatu zuten.  Labur bada ere, industria sektorea ere izan zuten hizpide. «Badira lanak txukun egiten duten enpresak, baina zoritxarrez, hondakin guztiak nahasirik botatzen dutenak ere bai».

Erraustegira kanpoko hondakinak ekartzearen gaineko kezka ere azaldu zuten: «Hurrengo urratsa zein izango da? Kanpotik zaborra ekartzea? Hondakinak, eta ondorioz gaixotasunak, murrizten saiatzea baino interesgarriagoa al da hori?».

Bukaeran, hitz gogorrak izan zituzten agintarientzat eta hondakinak erretzeko erraustegien ereduarentzat; besteak beste, erraustegiak dauden tokien inguruetan «gaixotasunak eta heriotzak areagotzen» ari direla salatu  zuten. Martxoaren 27an elkarretaratzea egingo da Zubietako erraustegiaren parean, eta Oriotik haraino oinez hurreratzeko proposamena egin zuten: «Joareak dantzatuz joango gara. Tarte luzea den arren, erronka hori gauzatzen saiatuko gara. Animatu gurekin joaldunetan parte hartzera, jendea beharko dugu eta!».

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide