Donostiako Maria Cristina Hotela eta Victoria Eugenia Antzokia hiriko eraikin ederrenetakoak dira. Biek ere Espainiako erregina banari zor diote izena. Erregina haiek ama-alabak ziren, XIX. mende bukaera eta XX.aren hasierakoak. Biak ere Donostia zale amorratuak, urtero uda sasoi osoa ematen zuten bertan. Haiekin batera etortzen zen orduan Donostiara Espainia eta Frantziako jende asko: aristokratak, enbaxadoreak, ministerioko goi kargudunak…
Horrek eliteko turismoa ekarri zuen Gipuzkoako kostaldera. Udatiarrak entretenitzeko, ikuskizun asko sortu zen garai hartan: danborrada, traineru estropadak, Aste Nagusia, zaldi lasterketak, suak, eta baita maila altuko gastronomia bera ere. Baina lanik gabeko gizon-emakume haientzat hura dena ez zen nahikoa, udako egun libre luzeak betetzeko. Orduan, itsasoko uraren alderdi terapeutikoak fama hartu zuen, eta hondartzako bainuak terapia bihurtu ziren. Eguzkitatik babestuta, ez zutelako nahi nekazarien azal kolore iluna hartu, baina itsasoko uraren terapia bai. Aristokrata aberats haien bainua zaintzeko eta haiei laguntzeko ofizioa sortu zen orduan: bainu-zaina, edo orduan zioten bezala, bainerua.
1840 aldean instalatu zituzten Kontxan lehenengo aldiz bainurako kasetak, eta bereziki errege-erreginentzako kaseta. Erret-kaseta bi errailen gainean jaisten zuten hondartzara, lurrunezko motor batek mugituta. Besteak apalagoak ziren: idi-pareak jaitsi eta igotzen zituen, udatiar ilustre haiek barruan zirela.
Baineruak udatiarrak kasetatik atera, urertzeraino lagundu eta haien bainua zaindu behar zuen. Itsasoko bainu hotzaren ondoren, kasetan ur beroarekin eta gero ur epelarekin bainatzen ziren berriz. Uda osoan gehienez ere bederatzi bainu har zitzaketen, gorputza asko nekatzen omen zielako. Ordutegia araututa zegoen, eta aristokratak goizeko lehen orduan joaten ziren: 7etatik 9etara.
Baineru oriotarrak
Oriotik hainbat gazte hasi ziren Donostian lan horretan: Eugenio Genoba, Jose Mari Atxega, Erramon Lino, Manuel Salsamendi Erru, Julian eta Donato Intxauspe… Gehienak arrantzaleak ziren, batzuk traineruko arraunlari ere bai; baina arrantzako eta arrauneko diru sariak batuta ere, garai hartan ez zuen nahikoa ematen diruz ondo ibiltzeko, eta uda garaian baineru lanak egiten zituzten Donostiako Kontxako hondartzan, sos batzuk eskuratzeko. Donostiara egun batzuetan oinez joaten ziren Igeldotik barrena.
Baineruek pieza bakarreko galtza handi bat izan ohi zuten soinean, zuria, marra horizontal beltzak zituena eta bular aldea osorik tapatzen ziena, eta hankak belaunetaraino. Mathilde Van Eys holandarrak kronika bat idatzi zuen 1868an senarrarekin Euskal Herrian zehar egindako bidaiaz. Zarauzko Udalak 2018an argitara emandako liburuxka batean deskribatuta agertzen da emakume hark Zarauzko hondartzan hartu zuen bainua: “Emakumeak ezin dira bainatu, ez bada bainuzain batekin. Hark gogor eusten zaitu une oro eskumuturretik. Ni goizean goiz bainatzen nintzen, itsasbeheran. Aldagelatik atera orduko, Francisco nire bainuzainak eskutik heltzen zidan. Uretara sartu behar genuenean, Francisco makurtu, uretan atzamarrak busti eta aitaren egiten zuen, babestuta sentitzeko. Itsaso biziko egun batean, olatu handi bat zetorren; Franciscok ni makurtzea nahi zuen, olatua gainetik pasatzeko. Saiatu zen ni beheratzen eskumuturretatik indartsu tiraka, baina ez nion utzi. Eztabaidan ari ginela, olatua iritsi eta garondoan kolpe gogorra eman zidan, Franciscori txapela eraman zion. Haserre zegoen, baina olatuak, erresakan, itzuli egin zion. Denbora luzean izan nuen garondoko mina, egindakoaren zigor modura…”.
Wilsonen erronka eta Julianen garaipena
Julian Intxauspe Genoba, 1879ko urtarriaren 7an jaioa, bigarrena zen 12 senideko familian (sei neska eta sei mutil). 1901ean Orion balea harrapatu zuten arrantzaleetako bat zen. Julian izan zen, baleak azken buztankadak eman eta hil ondoren, uretan murgildu eta azpitik txikota pasatuta balea lotu zuena, gero traineruek atoian lehorrera ekartzeko. Estropalaria ere izan zen: 1901, 1909 eta 1910ean Oriorekin Kontxako bandera irabazi zuen traineruko arraunlaria, Manuel Olaizola patroi zutela. Behin, bi anaiarekin itsasoan arrantza egitetik bueltan zetorrela, barran olatu batek harrapatu, ontzia irauli eta hirurak putzura bota zituen. Julianek beste biak nola edo hala hartu eta atera zituen lehorrera.
Uretan gizon indartsua zen Julian, igerilari ona, Donostian urtero hartzen zuten udan baineru lanerako. Egun batzuetan, itsaso barea eta marea ona zenean, lana bukatuta, igeri etortzen zen Kontxatik Orioko etxera (zubiaren eta tren geltokiaren ondoan). Julianen azainak eta igerilari fama, gainerako baineruek haizatuta, Donostiako Club Nauticoko arduradunengana iritsi ziren.
Halako batean, badirudi Wilson izeneko igerilari ingeles famatu bat etorri zela Donostiara. Hiriz hiri zebilen, tokian tokiko igerilari onenei apusturako erronka eginez, uretan lasterketa jokatzeko; eta, aidanean, ordura arte denei irabazi zien. Gauzak horrela, Nauticoko agintariek onartu egin zioten erronka ingelesari. Kontxako baineruen aldetik berehala aldarrikatu zuten Julianen izena, norgehiagokarako. Intxauspek onartu egin zuen.
Adostutako eguna eta ordua ailegatuta, bi baliza jarri zituzten igeri bidea mugatzeko. Joan-etorria egin behar zuten udaletxearen ondoan dagoen Nauticotik Loretopekora, bi hondartzak bereizten dituen arroka tokira, Miramar jauregiaren azpian (gaztelaniaz gaizki izendatutako Pico del loro). Julian ohiko trajebainuarekin, bainuzainen marra horizontaleko txuri-beltza, eta ingelesa antzeko beste batekin, baina beltza.
Nauticotik abiatu orduko aurreratu zen Julian. Ingelesa Loretopekoko balizara iritsi zenerako, Intxauspe urruti zeukan, ziaboga hartuta helmugarako bidean. Ingelesa, jabetuta zenbaterainoko aldea zion oriotarrak, erretiratu egin zen. Nauticoko jendeak sekulako harrera egin zion Intxausperi. Julianek helmuga igaro zuenean, jendeak bero-bero hartu zuen, bibaka eta txaloka. Lasterketaren ondoko ospakizunetan ingelesek, tartean Wilson zela, onartu egin zuten euskaldunaren nagusitasuna, eta festa giro onean bukatu zen.
Ez dakigu Julianek bestelako saririk irabazi ote zuen, baina egun hartako balentriaren oihartzunak luze iraun zuen, eta handik aurrera ezizen baten jabe egin zen: Orioko Wilson. Handik zetorkion goitizena. Mendebete geroago, gaur egun oraindik oso gogoan ditu Wilsonen abenturak haren iloba Donato Intxauspek.
Turistak Oriora
Orio, kostaldean, turismo maila handiko bi herriren artean egonagatik (Zarautz eta Donostia), hona oso gutxika iritsi zen turismoaren fenomenoa. Baina sortu ziren hotel batzuk (denak kamio ondoan: Toki Alai, Esnal, Salsamendi…) eta, halako batean, bainuzain lana Oriora ere etorri zen. Donato Intxauspe (Julianen anaia), Donostiako baineru izan ondoren, Orioko bainerua izan zen urteetan. Haren seme-alabei eta Bañeruanekok esaten zitzaien herrian.
Gerra ondoreneko garaian, maila altuko turistak ere hasi ziren etortzen; Donostia eta Zarautzen oso bestelako neurri eta mailan, jakina. Honela kontatu zigun Juanito Urkizuk bera gaztetxoa zen garaiko Orioko turisten uda giroa: “Martin-Artajo ministroaren ilobak etortzen ziren udan carmonatarren etxera, hiru gazte. Han egoten ziren. Hondartzara joateko niri deitzen zidaten. Nik orduan 15 bat urte nituen. Karro batean eramaten nituen hondartzara, sareak garraiatzeko batean; bertan banku batzuk zituen jarrita eta haien gainean eserita eramaten nituen. Zentralen (Toki Alai) ostatu hartuta egoten zen La viuda alegre ere eramaten nuen gurdian hondartzara, alarguna bere seme-alabekin”.