"Guretzat nahikoa urte ona izan da"

Aiora Larrañaga Solaberrieta - Iñigo Gaiton 2021ko ots. 10a, 17:16

Oihane Alonso eta Jose Ramon Iparragirre

Oihane Alonso eta Jose Ramon Iparragirre merkatariak dira: Haur arropa denda du Alonsok eta janari denda Iparragirrek. Biekin hitz egin du KARKARAk izurriteak nola eragin dien ezagutzeko.

JOSE RAMON IPARRAGIRRE - Goiko Kaleko Coviran janari dendako jabea

Urtebete da izurritea hasi zenetik. Zer nolako urtea izan da zuentzat?
Guretzat oso urte ona izan da. Koronabirusa iritsi aurretik herritik kanpo erosketak egiteko ohitura handiagoa zuten oriotarrek eta negozioa nahi baino justuago zihoan. Dena dela, izurritea dela eta, herrian bertan kontsumitzeko joera handitu da eta goiko nahiz beheko kaleko jendea etortzen hasi da dendara. 

Joera hori urte guztian zehar mantendu al da?
Batez ere pasa den udaberrian antzeman genuen igoera nabarmena, itxialdi zorrotza ezarri zutenean. Izan ere, lehen astebetean saltzen genuena bi egunean saltzen genuen hiru hilabete horietan zehar. Gaur gaurkoz lan bolumena ez da horrenbestekoa, baina herrian erosteko joerari eutsi zaio eta gustura gaude. Jendea konturatu da egoera zaila izan denean ate ondoan zerbitzu ona eskaini zaiola. Beti saiatzen gara bezeroen beharretara egokitzen, horregatik, etxeko banaketarekin lan asko egiten dugu, eta bezeroek eskertzen dute.

Harreman estua duzu bezeroekin. Zer animorekin ikusten dituzu herritarrak?
Jendea nahiko pattal ikusten dut, triste, animorik gabe: alde batetik gaitzagatik eta bestetik lan kontuengatik. Asko lanik gabe geratu dira eta kolpe gogorra jaso duten familiak badira herrian; egoera zaila bizitzen ari dira asko. Gainera, egoera epidemiologikoa nahiko zaila dugu herrian, eta intzidentzia tasa handia izateak eragin egiten du jendearen animoan.

Jendeak betetzen al ditu neurriak?
Denetik dago. Batzuk oso arduratsuak dira eta zorrotz betetzen dituzte neurriak eta beste batzuk arduragabeago dabiltza. Saiatzen gara neurriak bete behar dira gogorarazten, eta norbait musukoa ahaztuta etortzen bada dendara, maskara ere ematen diogu, ahal den heinean denda arauak zorrotz bete daitezen.

 

OIHANE ALONSO - Ttipi Ttapa dendako jabea

Zer eragin izan du izurriteak zure negozioan?
Egia esan, txarra ere ez da izan eragina. Itxiera perimetralen ondorioz, herritarrek herrian erosteko ohitura handiagoa hartu dute, eta hori antzeman dut. Gustura nago dendan azken hilabeteetan izan den martxarekin. Egoerak hala behartuta, bezero berriak ere egin ditut, jendeak kanpora ateratzeko aukera gutxiago izan duelako. 

Laguntzarik jaso al duzu azken urtean?
Kostata, baina Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat jaso genuen lokala alokairuan dugunok, udaberrian itxita izandako bi hilabete haien zuloa tapatzen laguntzeko. Gero, Orioko Udalak egindako bonoen kanpainak ere asko lagundu digu.

Noiz bizi izan duzu momenturik gogorrena hilabete hauetan guztietan?
Udaberriko itxialdian. 2019ko udazkenean, herriko komertzioetan mugimendu gutxi zegoen, eta negozioaren gaineko kezka handia nuen. Etxeratze agindua ezarri eta gero, denda bi hilabetez izan nuen itxita, eta negozioari buelta ematea ezinezkoa izan zitekeela pentsatzera iritsi nintzen. Zorionez, kontrakoa gertatu da.

Pandemiak behartu al zaitu lan egiteko modua egokitzera?
Bai. Sare sozialak gehiago lantzen ditut orain, dezente gehiago. Lehen ez nituen ia erabili ere egiten lanerako, eta orain ezinbesteko tresna bilakatu dira. Orain, adibidez, itxiera perimetralaren kontuarekin, alboko herrietako jendea harremanetan jartzen da sare sozialen bidez, eta produktuak bidali egiten dizkiet. Lan egiteko modua eguneratzera bultzatu nau izurriteak, bai.  

Produktu motari dagokionez, izan al da aldaketarik erosketetan?
Nik umeen arropa saltzen dut, eta hau guztia hasi zenetik, bezeroek arropa eroso gehiago erosten dute, etxean-eta gehiago egoten garelako. 

Eta aldaketarik atzeman al duzu bezeroen jarreran?
Hasieratik erakutsi dute errespetu handia osasun neurriekiko. Jendea ohitu da, bai, dendako funtzionamendu berrira, eta ondo moldatzen gara. Egoeraren gaineko kontzientzia handia du jendeak. 

Izurriteak indartu al ditu merkatari txikien arteko harremanak?
Bai. Horrez gain, izurritearen aurretik ere gure arteko harremana indartzen hasiak ginen, herriko komertzio kopuruak behera egin duelako azken urteetan. Gero eta gutxiago izateak hurbilagoko harremana izatera bultzatu gaitu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide