Herriko ostalariek gustura hartu dute gaurko albistea, baina zalantza handiekin ere bai. Bordatxo tabernako Mila Urdangarin, esaterako, berria jakin orduko taberna garbitzera jaitsi da Herriko Plazara. “Egora gogorra bizi dugu ostalariok, eta itxaropentsu nago berriz ere taberna irekitzen utziko digutelako, ez baita erraza ia hiru asztez negozioa itxita izatea; laster erotu egingo gara martxan honetan”, aitortu du.
Hala ere, Urangarinek jakin badaki egoera epidemiologiko “zaila” dutela herrian 1.255,7koa intzidentzia tasarekin, eta horrek ere kezkatzen du. “Noski kezkatzen nauela, baina uste dut ostalariok oso kontzientziatuta gaudela COVID-19aren giarekin eta neurriak betetzeko ahalegin guztiak egiten ditugula. Ni neu behintzat etengabe garbitzen jarduten naiz, gure taberna leku segurua izan dadin”.
Bodegon Sarasua erretegiko Lide Yeregiren kasuan, zalantzati agertu da telefonoaren bestaldean. “Ondo iruditzen zait negozioak irekitzeko aukera ematea, baina zalantza handiak ditut. Zail ikusten dut aste honetan gure jatetxeko ateak irekitzea. Bost egunera zer erabakiko duten zain egon behar badugu, ez du merezi. Aurreikuspen minimo batzuk behar ditugu, lan-taldearekiko eta produktuen eskariekiko kontuak egiteko”, azaldu du.
Orioko egoera ere izan du hizpide ostalariak. “Herriko intzidentzia tasa hain altua izanik, ez dakit ideia ona den sektoreko ateak irekitzea. Burua erabili behar dugu denok”.
Egoerak hobera egingo duen esperantzarekin agurtu da. “Ea Aste Santuen bueltarako egoera hobean gauden denok. Lanerako gogo ikaragarria dugu, baina hori posible izateko, egoera epidemiologikoak hobea izan behar du derrigor. Eta horretarako, askotan pentsatzen dut bizphairu asteko itxialdi potente bat egitea litzatekeela onena, gero denok lasaiago ibili ahal izateko.”