Lehenengo sanmartinak Orion 1935ean

IƱaki Iturain 2020ko aza. 16a, 19:13

Iñaki Iturainek KARKARAren 422.zenbakian argitara emandako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

Aurten ez dugu San Pedro festarik ospatu Orion, Anibarko Portukoak ere ez, eta sanmartinak eta sanikolasak ere ez ditugu ospatuko. Birus aluak hori ere izorratu digu. 1936. urtean San Pedro ospatu zuten, baina San Nikolas ez. Arraun festarik ere ez zen izan, ez baitzen estropadarik jokatu. Urte hartako uztailak gerra ekarri zuen, eta hiru urtean, 1939ko udaberrian bukatu zen arte, ez zen herriko jairik ospatu.

Gerra hasi aurreko urtean, berriz, 1935ean, nahiz eta estropadan Orioko trainerua hondoratu Donostiako uretan, San Pedro eta San Nikolas festekin batera, sanmartinak ere ospatu ziren, historian lehenengo aldiz Orion.

Aizperro baserriko Genobeba Eizagirre zenak idatzitako eskuizkribu batek adierazten du hori. Aurten haren ahizpa Kontxik ekarri digu papera KARKARAra. Idatzi horixe du artikulu honek abiapuntu. Dokumentuan, modu harrigarri zehatzean, azaltzen du Genobebak San Martin festaren lehen edizioa noiz izan zen, zeinek antolatua, eta jaia nola ospatu zuten.

Espainiako Bigarren Errepublikaren garaia zen; ohituretan eta giza harremanetan, artean gerraren ondoreneko diktadurak eta elizak ekarritako errepresioaren eraginik gabeko aroa zen. Euskal Herriak berpizkunde giroa bizi zuen: erakunde, elkarte eta ekimen berri asko sortu ziren urte haietan. Zarauzko Euskal Festa 1924an ospatu zen lehenengo aldiz. 1935eko ekainaren 2an, Eusko Etxeko mendizaleek Pagoetako gurutzea zutitu zuten. Urte hartan bertan, azaroaren 11n, San Martin festak ospatzen hasi ziren Orion. Festaren gerra aurreko edizio bakarra izateak ematen dio berezitasun nagusia estreinako urte hari, kutsu nolabait historikoa.

Gerra aurre hartan, San Martin ermitaren inguruko nekazariak festa gogoz ziren, nonbait, eta San Martin eguna ospatzea erabaki zuten. Genobebaren idatziak dioenez, lau lagunek antolatu zuten festa: Sarobe baserriko Jose Peñak, Etxaizko Jose Francisco San Sebastianek, Kallabarroko Agustin Gozategik eta Lizargateko Pedro Morroiak.

Pentsatzekoa da hurrengo hiru urteetan (1936, 1937 eta 1938), gerrak zapuztu zuela festa berriro ospatzea. Hortaz, jakin ez dakigu, baina seguru asko bigarren edizioa 1939koa izango zen, estropadak bezala.

1935eko urtean astelehena tokatu zen San Martin eguna, azaroaren 11. Ez dakigu egunean bertan ospatu zuten edo bezperara aurreratu ote zuten, igandean izateko. Badakiguna da meza San Martin ermitan Don Migel Mujika Orioko apaiz hondarribiarrak eman zuela, eta Antxiolak kantatu zuela baselizan, herriko alkate Ramon Loidi bertan zela.

Meza entzun ondoren, auzotarrak Lizargatera bildu ziren, festari jarraipena emateko. Han bi neskak dantzatu zuten aurreskua, Genobeba Eizagirrek (urte asko geroago festaren berri ahizpa Kontxiri idatzita eman ziona) eta Mercedes Gozategik. Ignazio Leunda Potxolok jarri zuen aurreskuaren doinua txistuarekin, Dionisio Larrañaga barbero danbor-joleak lagunduta.

Buruaundineko Joakin Alberdi, sukaldari

Egun hartan korrika apustua ere izan zen. Esteban Gozategi eta Frantzisko Etxezarreta ibili ziren lasterka, gora eta behera, nor baino nor gehiago. Eta, nola ez ba, dantza egiteko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek; Igeldoko Txominek alaitu zuen erromeria bere eskusoinuaren aireekin. Korrika eta dantzan ibiltzeak nekatu ere egingo zituen orduko gazteak, eta nekea arintzeko eta indarrak berreskuratzeko txanda izan zen. Lizargaten bazen taberna moduko lokal bat eta, aldez aurretik kozinarako gaiak ekarrita, Buruaundineko Joakin Alberdik egin zituen sukalde lanak.

Alberdik prestatutako afari-merienda dastatu ondoren izango zen han bertsoa ere. Bailara horrek bertsolari asko eman ditu bere denboran. Lehenengo San Martin hartan bertan izango ziren, noski, Axentxio Txanka, Pello Saikola, eta Prantxisko Mari Lertxundi eta Frantzisko Arruti (Errikotxiaren semea eta biloba), laurak bailarako bertsolariak. Haiek han izanda, pentsaezina da isilik egongo zirenik, bertsotan egin gabe.

Gaztelu, inguru hartako bertsolari ezagunena, aurreko urtean hila zen (1934an). Hiru urte lehenago hil ziren (1932an) Orioko beste bi bertsolari ere: Jose Agustin Lertxundi Errikotxia eta Inazio Izagirre Itxaspe. Patxi Etxeberriak, berriz, aurreneko San Martin festa hartan entzungo zituen, beharbada, lehen bertsoak, bost urte lehenago Errezabal baserrian jaiotako mutil koskorrak.

Ez dakigu urte hartan mutil-ardorik eta baserriz baserriko oilasko-biltzerik izan ote ziren, hori ez baita agertzen Aizperroko Genobebaren paperean. Geroztik, aspaldiko urteotan behintzat, urteroko ohitura izan dute. Mutil-ardoa festa finantzatzeko modua zen, familia bakoitzak jarri beharreko dirua. 1935ean baserri bakoitzak 30 pezeta jarri behar izan zuen. Orain 40 urte inguru, 60 bat gazte elkartzen ziren oilasko-biltzerako, bi taldetan: goitarrak eta behetarrak, eta Lizargatetik abiatuta bailarako baserri guztiak pasatzen zituzten.

Genobebak 1935eko festari buruzko papera noiz idatzia den ere ez dakigu, bere ahizpa Kontxiri orain dela hogeita piko urte eman zion eskura, XX. mendearen bukaera aldean. Emakume hark bazuen festa gogoraraztearen kontzientzia. Paperean idatzita dagoelako dakigu berak hura idatzi zuen momentuan 1935eko festaren protagonistetatik 13 falta zirela, ordurako hilak: Jose Eizagirre, Ignazio Peña, Simon Peña, Jose Mari Arruti, Ignazio Irastorza, Jose Brit, Jose Mari Arruti, Martin Peña, Asensio Etxabe, Frantzisko San Sebastian, Jose Zumeta, Lizargateko Pedro eta Ignazio Etxezarreta.

Azken berrogeita zortzi urteotan Ortzaikan ospatzen da jaia, hango Oliden jatetxearen ondoan. Aldaketa autopistak ekarri zuen: Lizargate baserria zegoen tokitik pasatu behar zuela-eta bota egin zuten baserria; eta festak aldapa behera hartu zuen Ortzaikaraino. Zalantza izan zuten festa nora eraman: Aizperro, Katxina…; Ortzaikan taberna egoteak erabaki zuen. Orioko bertsolariek bertso-sorta asmatu zioten Lizargateko bukaerari: Tristura etorri zan hiruitamabian autopista egiteko bota zutenian.

Baina festak ez zuen etenik izan; eta, gainera, hasierako festa moduari eutsi zioten: meza, hamaiketakoa, herri kirolak, bertsolariak, erromeria eta afaria. Urte batzuetan, tiro-platoa ere bai. Orain ere horrexeri eusten zaio, lehengo arima du festak.

Maria Angeles eta Inaxi Etxeberria Lizargateko ahizpek diotenez, garai batean festa entzutetsua zen eta kanpoko jende asko etortzen zen, baita urrutitik ere, Tolosatik eta hola. Gaur egun San Martin bailaran senar-emazte diren bikote asko sortu ziren festako erromerian.

Orioko jai nagusiak, udan San Pedro eta neguan San Nikolas, oso aspaldikoak dira. Azken ehun urteetan bi alditan bakarrik geratu dira bertan behera: gerran eta oraingo pandemian, gainerakoan urtero ospatu dira. Beste zenbait jai ere ezagutu ditugu herrian, horren aspaldi ez dela. Garai batean Arrantzaleen Jaia ospatzen zen udazkenean, arrantzaleek hegaluzearen kanpaina bukatuta lehorreratu ostean, Arrantzaleen Kofradiak antolatuta.

Orain Anibarko Portuko auzoan ospatzen diren auzo jaien antzekoak ezagutu ditugu beste auzo batzuetan ere: Goiko Kalean, Diken eta Bikamiotan. Horiek denak hasi bezala bukatu ziren, halako batean. San Martin festa, sortu zenetik 85 urte pasatu diren honetan, oraindik ere ospatzen da. Zerbaitengatik izango da!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide