'Gure haurrak zainduz, hezkuntza eta osasuna' jardunaldia antolatu dute azaroaren 8rako Arraunetxen

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 2a, 15:40

Haurrak jolasean. Artxiboko argazkia.

COVID-19ak sortutako ezohiko egoera honetan gune bat sortu nahi dute eztabaidarako, zalantzak argitzeko eta iritziak trukatzeko.

Orio Hezkuntza Herrian mugimenduak jardunaldia antolatu dute azaroaren 8rako, Arraunetxen (16:00etan hasita), Gure haurrak zainduz, hezkuntza eta osasuna izenburupean; hizlariak izango dira Juanjo Martinez familia medikua, Nerea Mendizabal psikopedagogoak eta Aingeru Aramendi irakasle eta pedagogoa. Ekimenarekin, COVID-19ak sortutako ezohiko egoera honetan, gune bat sortu nahi dute eztabaidarako, zalantzak argitzeko eta iritziak trukatzeko. "Haurraren heziketa komunitate guztiari dagokiola sinesten dugu eta, inoiz baino gehiago, hezkuntza-komunitate ahaldundu eta aktiboa behar dugula pentsatzen dugu", azaldu dute.

Izan ere, antolatzaileek uste dute martxoaz geroztik COVID-19aren inguruko "informazio uholdea" jasotzen ari dela gizartea. "Informazioan, ordea, irizpide ezberdinak eta batzuetan kontrajarriak ikus daitezke. Honek, ziurgabetasuna eta zalantzak areagotzen ditu. Gainera, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME), Europako herrialdeek nahiz Euskal Herriko lurraldeek irizpide ezberdinak erabili dituzte, eta, ondorioz, ezarritako neurriak ere ezberdinak izan dira". Hala, deigarria iruditze zaie "marko legal beraren azpian dauden ikastetxeetan ere neurri ezberdinak ezartzea, are gehiago neurri horiek zuzenean eragiten dutenean pertsonen arteko harremanengan eta sozializazioan. Oraindik hazte- eta hezte-prozesuan dauden haur eta gazteei bereziki eragiten diete, haien ikaskuntza-prozesua, jarrerak eta balioak guztiz baldintzatzen dituztelako eta honek ardura eta kezka sortzen digu. Gai horiei erantzun nahi dio hitzaldiak".

Jardunaldiko edukiera mugatua izango denez, berta parte hartzeko izena eman behar da oriohezkuntzaherrian@gmail.com helbidera idatzita.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide