Urriaren 3 eta 4an Orioko kiroldegian, Xabier Lizasoren do-re-ni musika-elkarteak antolatuta, antzerki musikal ederra eman zuten hainbat herritarrek. Ikuskizunak Eusko Ikaskuntzaren (EI) 100 urteko historia zuen ardatz, 1918an Oñatin egindako kongresuan sortu zenetik 2018ra bitartean egindako bidea. Kiroldegiko emanaldiak begiratu bat eman dio etapa horri, historian oinarrituta fikziozko istorio bat azalduz.
Eusko Ikaskuntzaren sorrerak bultzada izugarri handia eman zion Euskal Pizkundeari, 1876an Euskal Herriak bere Foruak galdu zituenean abiatu zen mugimenduari, alor politiko eta kulturalean gure herriak munduan toki bat bilatzeko abian jarri zenari. Bere buruari `Asmoz ta Jakitez´ leloa jarri zion erakundeak bidean gorabehera asko izan ditu, lau aldi guztiz desberdinetan: 1918tik 1936an gerra hasi bitartekoa, gerrako hiru urteak (1936-1939), frankismoaren diktadura (1939-1975) eta frankismo ostekoa (1975-2018).
Lau aldi horietatik lehenengoa izan zen, alde handiz, emankorrena eta arrakastatsuena Euskal Herriarentzat, 1936ko gerraren aurreko urteak. Batasun handia izan zen kongresu haren alde politikarien aldetik ere, Hegoaldeko lau lurraldeetako ahaldun nagusiak izan ziren batzar hartan. Batasun hark ilusio handia sortu zuen Euskal Herrian; eta urte haietan euskal kulturak aurrerapen izugarria egin zuen, jakintzaren alor guztietan: Gizarte eta Politika zientziak, Hizkuntza, Historia, Artea, Irakaskuntza, Etnografia… Kongresuak ekarri zuen hurrengo urtean (1919) Euskaltzaindiaren sorrera eta euskara baturako bidearen hasiera. Orduan jarri ziren abian beste egitasmo asko ere: emakumearen parte hartzea ikasketetan eta ikerketan, historian lehen aldiz; Autonomia Estatutuaren prestaketa, 1936an indarrean jarri zena, gerra betean; Euskal Unibertsitatearen lehen egitasmoa; euskara zabaltzeko elkarteak: Euskaltzaleak, Eusko Gaztedi…; tokian tokiko bizimoduaren eta kulturaren azterketak, herriz herri; lehenengo bertsolari txapelketak: 1935ean Basarrik eta 1936an Txirritak irabazitakoak…
Euskararen katedra bat sortu zen 1921ean Madrilgo Filosofia eta Letren fakultatean. Horren eragile nagusia oriotar bat izan zen, 1918ko batzarrean parte hartu zuen oriotar bakarra, Juan Zaragueta apaiz filosofoa. Eliza katoliko ofiziala ez zen agertu kongresuan hartutako zenbait erabakiren oso aldeko. Zaraguetak Elizaren alde irekiagoa ordezkatu zuen.
Euskal Jaiak zabaldu ziren herri askotan. 1924koa da Zarauzko aurreneko Euskal Jaia, orduan sortua. XIX. mende bukaeran Iparraldean sortutako Lore Jokoen jarraipen gisa sortu ziren, bertsolaritza, kantagintza, literatura, dantza… euskal kulturako hainbat alor lantzeko. 1934ko Zarauzko Euskal Jaiaren barruko Eusko Olerti egunean lehen saria eskuratu zuen Fabian Loidi apaiz olerkari oriotarrak, `Orioko umezurtza´ izeneko olerkiarekin. Umezurtza Patxi Danbolin zen, 9 urte lehenago Orioko barran izandako istripuan aita galdu zuen mutikoa.
Iparraldean, euskal pilota suspertzeko ahalegin handia egin zuten, hango pilotari asko hil zirelako lehenengo mundu gerran. Zeregin horretarako, laguntza eskatu zioten Bittor Enbil pilotari oriotarrari. Han ibili zen Enbil herriz herri, galdutako pilota-giroa suspertzen. Ederki eskertu zioten hori 1930ean Orioko plazan egindako festan. Orduan bistaratu zuten oraindik ere elizarako aldapako etxeko paretan (Enbilen jaiotetxea, orain apaiz etxe) dagoen harlauza, Bittorrentzako bertsoarekin.
2018an Eusko Ikaskuntzak liburukote bat argitaratu zuen, erakundearen 100 urteko historia azaltzeko. Liburu horretan, beste testigantza askoren artean, Anjel Lertxundirena dator. Euskal Pizkundea ahalbidetu eta bizi izan zuen belaunaldiko jendea omentzeko idatzia: “Euskarari prestigioa eman. Euskararen irakaskuntzari euskarriak jarri. Ahozko literatura duindu. Literatura idatzia bide berrien arrastoan abiarazi eta noranahikoa egin. Antzerkia dinamizatu. Prentsa sortu eta suspertu. Dantza berritu, dantza berriarekin joan-etorrian. Garaiko korronteen araberako musika bultzatu, eta musika tradizionala ikertu, baliatu, ezagutarazi. Arte plastikoak abangoardiarekin lotu, diziplina artistikoak elkarrekin harremanetan jarri... Euskarak ordu arte ezagutu zuen mugimendu kultural bizi eraginkorrena protagonizatu zuten Pizkundeko gizon-emakume haiek”. Anjelek aditza erabili zuen bere idatzi laburrean, aditza da hor beti mintzagaia, esangura duena. Garbi dago Anjelek zer adierazi nahi duen: Eusko Ikaskuntzak egin egin zuen, jardun, ez zen hitz hutsetan geratu.
Xabier Lizardi izan zen beharbada Euskal Pizkundeaz idatzi zuen lehenengo poeta. Harena da, Benitok doinua emanda, urte asko geroago plazaratu zen kantu ederraren olerkia (haren lerro batzuk):
Gauerdian hil zaigu amona gurea,
haren ipuirik al dek hik jaso gogoan?
Hik ez? Laratzak? Ezta...
Amonak gordetako sua, zu ere il ote zera?
Sua bizirik dago, galduak ez gera.
Geroztik ari nazu hauts zaharrak astintzen
aiton-amon guztien ipuiak jasotzen,
herriaren pitxiak magalean biltzen,
ez baita hil gure herria, zutitu gaitezen.
Hil ez da eta ez da hilko, guk ez badegu nahi.
Bizi irrikaz zegoen gure maitasun zai,
Egizute nerekin aberri bidea.
Bildu dezagun nonahi asaben lorea.
Ta gaurdanik goritu gure sukaldea.
Ni nor naizen asmatu: Euskal Pizkundea.
Euskal kulturaren pizkundeak erabateko amaiera izan zuen 1936an, gerra hastearekin batera. Bukaera haren seinale batzuk izan ziren gerraren aurretik. Lizardi olerkari zarauztar handia hil egin zen 1933an. 1936ak Txirritaren heriotza ekarri zuen, gerra hasi aurreko hilabetean. Gerra hasi berritan, Lizardiren emazteak, erreketeak bazetozela-eta, beldurrez, senarraren olerkiak eta paperak Oria ibaira bota zituen Tolosako etxetik. Egun hartan uretan galdu ziren paperak eta haiek gordetzen zuten guztia gerra hark eta ondorengo diktadurak lapurtu zigun guztiaren adibide dira.
Gerra hasi berritan, Lauaxeta eta Aitzol fusilatu zituzten. Lauaxeta euskal olerkari ezagunena zen orduan, “dana emon behar yako maite dan askatasunari”; Aitzol, garaiko kultur eragile sutsuena, bertsolari txapelketak eta beste hainbat kultur mugimendu bultzatu zituena. Aitzolekin batera fusilatu zuten Hernaniko kanposantuan Aiako alkate Gabino Alustiza ere. Gerra frontean hil zen Alejandro Lizaso txistularia, `Eusko gudariak´ kantuaren doinua asmatu zuen Orioko semea.
Gerrak erabat zapuztu zituen Euskal Herriaren pizkunderako egitasmo guztiak. Gerra bukatu orduko, euskarari eta euskal kulturari ate guztiak itxi zizkioten, denak, euskaraz hitz egitea debekatzeraino. “Gau luzea, gau latza, gau izar gabea, nekez gendun ikusi haren azkentzea”, Lizardiren olerkiaren lehen hitzen arabera, badirudi aurreikusi egin zuela urte gutxitara Euskal Herriari zetorkion diktadurako gau luze eta latza.
Hala ere, Euskal Herriak jakin zuen zulo beltz hartatik ateratzen. Eusko Ikaskuntzan, Jose Migel Barandiaranek hartu zuen gerra aurrekoaren lekukoa. 1960ko hamarkadan, diktadura bete-betean, bigarren pizkundea egin zen Euskal Herrian, hainbat alorretan. 1968an, EIren Oñatiko kongresutik 50 urtera, beste kongresu inportante bat egin zen Oñatiko Arantzazun, euskara batuaren oinarriak jarri zituen Euskaltzaindiaren batzarra.
Arantzazu bigarren pizkundearen ikur bilakatu zen. Hango basilika eraiki eta arte ederrez janzteko, bertan elkartu ziren Euskal Herriko orduko artista gorenak: Saenz de Oiza, Chillida, Basterretxea, Oteiza… Euskal letren alorrean ere, gerraren ondoren jaiotako belaunaldi batek ekarpen handia egin zuen: Gabriel Aresti, Rikardo Arregi, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi…
Baina bigarren pizkundearen ahalegin kolektibo haren adibide ezagunena `Ez dok amairu´ izan zen, garaiko kantari eta olerkariak bildu zituen taldea: Laboa, Lete, Lurdes Iriondo, Lertxundi, Joxan Artze…, sasi guztien gainetik jardun behar izan zutenak, debekuen eta zentsuraren kontra jardunagatik, gure imajinario kolektiboko kantu eder askoren sortzaileak.
Ona litzateke 100 urte barru, beste antzerki musikal bat egiteko, oraingo pandemiaren osteko euskal pizkundea hartzea gai, hirugarrena. Agian, lehen pausoa eman da horretarako: EIk lehendakari berria du irailaren 19tik, historian lehenengo aldiz emakumea: Ana Urkiza. Euskal gizarteak lan egiten baldin badu musikaleko antzezleek iraileko entseguetan jarri duten gogo, kemen eta ilusioarekin, loraldi berria piztuko dugu Euskal Herrian.