Gure aiton-amonak aguakatea ezagutu eta probatu gabe joan ziren gora, eta, ez dut uste, horregatik behintzat, pena handiegirik izango zutenik. Ideia hori etorri zitzaidan aurreko batean burura, goizean goiz, tostada parea egiten ari nintzen bitartean.
Aguakatea ogi txigortuan zabalduta, olio, gatz eta pipermin pixkarekin; aguakatea, urdaiazpikoa eta gaztarekin; aguakatea, letxuga eta tipulinarekin; aguakatea, nonahi Instagramen eta elikadura osasuntsuaren inguruko artikuluetan. Zer du, bada, ditxosozko fruituak, azken urteetan gure etxeetan halako indarrarekin sartu izateko? Diotena bezain “superalimento”-a al da, propietate on mordoaz gain txarretik gutxi duena? Gantz kopuru altu xamarra du, eta Mexikon prekarietatea, biolentzia eta basogabetze basatiak eragin ditu fruituaren ustiaketa neurrigabeak, baina ezer gutxi gehiago; kezkatuko gaituen “arazo larririk” ez, gure eguneroko bizitzan.
Ez dut gogoratzen “urre berderik” —hala ere deitzen zaio— gure amonaren sukaldean, babarrun, txorixo, legatz, baina, tripaki edo porru artean. Sukalde hura bai itsasargia, munduan bat balitz, garai moderno, #cool, transgeniko, #healthy eta aldrebes hauetan bide onari eusteko.