“Arteak bizitza era askeagoan bizitzeko aukera ematen du”

Aiora Larrañaga Solaberrieta / Iñigo Gaiton 2020ko urr. 10a, 15:55

Do Re Ni ikerketako boluntarioetako bat izan da Cristina Salsamendi. Azken asteotan izandako esperientziaren balorazio oso positiboa egin du.

Aurretik halako ikerketaren batean parte hartutakoa al zara?
Ez, ez, hau izan da aurrenekoa. Egia esan, ez nuen halako proiektuen berri.

Zer izan da ikerketako gauzarik onena?
Sentimenduak asko mugitu izana. Orokorrean, aukera asko eskaintzen dituen proiektua dela iruditu zait. Lan bikaina ari dira egiten Xabier Lizaso eta lantaldea.
Zer fase izan ditu?
Boluntarioak bi taldeetan banatuta gaude: aktiboak, ni nagoen taldea, eta aktibo ez direnak. Abuztu amaieran, denoi egin zizkiguten azterketa kogntibo eta psikiatrikoak. Gero, dena bukatzen denean, berriro egingo dizkigute, aktibo egon garenon eta ez direnen arteko aldea ikusteko. Aste hauetan guztietan musikaren bitartez gure burmuina estimulatzen ibili gara, eta ikusi nahi dute, bi taldeen emaitzak alderatuz, horrek zer onura dituen.

Nolakoa izan da musikalaren prestaketa?
Hilabete eman dugu, egunero bi ordu eta erdiz, prestaketa lanetan. Aurreneko egunean euskal kantak abesten aritu ginen. Gero, dantzari heldu genion, eta azkenik, musikalari.

Ba al zenuen esperientziarik musika munduan?
Ez gehiegi. Musika gustatzen zait, baina ez dut talenturik. Garai batean Salatxo abesbatzan egin nuen saiakera, baina ez dut ahots onik, ez da nire esparrua.

Antzerkigintzan bai, ordea.
Donostiara joaten naiz antzerkia egiten ikastera, eta, egia esan, han ikasitakoa baliagarria izan zait Eusko Ikaskuntza musikala prestatzeko.

Zer ematen dizu antzerkiak?
Barrua hustutzeko aukera. Egiten ditugun entseguetan, barrutik ateratzen zaiguna kolpetik esateko ariketak egiten ditugu, eta, egia esan, on egiten dit. Gure bizimoduan, gehiago edo gutxiago, denok isiltzen ditugu gauzak; ez ditugu sentimenduak oso gordin azaltzen, eguneroko bizitzako egoera askok hala eskatzen dutelako. Bada, barruan pilatutako hori ateratzeko aukera ematen du antzerkiak.

Eta pinturak? Zer lotura ikusten diozu musikarekin?
Bi arte diziplinetan adierazten dituzu zure sentimenduak, besteek pentsatu dezaketeenaz ahaztuz. Bietan zara libre nahi duzuna adierazteko.

Zer onura du arteak zahartzaroaren atarian?
Esan bezala, gizartean harremantzeko dugun moduari erreparatuta, onuragarria da sentimenduak ateratzen laguntzen dizun edozer gauza. Zahartzaroaren atarian, horrez gain, primerakoa iruditzen zait halako proiektuen bidez harreman berriak egitea.

Nolako harremana duzue Do Re Ni-ko partaideen artean?
Bikaina! Oso gustura gabiltza denok. Barre piloa egiten dugu.

Ikerketa barrutik ezagutu eta gero, halako gehiagoren aldekoa al zara?
Bai, dudarik gabe. Iruditzen zait udalak halako egitasmoen, eta orokorrean, kulturaren alde gehiago egin behar duela. Nire kasuan, antzerkia ikastera Donostiara joan behar izaten dut, eta, margotzera, berriz Zarautza. Iruditzen zait herrian aukera egon beharko lukeela halakoetarako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide