Euskaraldia 2020

"Euskara gure hizkuntza eta gure altxorra da"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 4a, 17:57

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, bigarrenez, Euskaraldia, eta hainbat berrikuntza izango ditu. Izan ere, aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean egiteko aukera ere egongo da arigune-en bidez.

Orion hainbat merkatari, ostalari eta eragilek osatu dute Euskaraldia babesten eta sostengatzen duen hamalaukoa. Xaltxerak, Batukada taldea eta Gaztetxea dira Euskaraldian parte hartuko duten eragileetako batzuk.

Xaltxerak: "Euskaratik eta euskaraz militatzen dugun talde feminista izanik ariguneen kontzeptuak gurekin bat egiten duela ikusten dugu. Norbanako hiztunez gain, kolektiboak hartzen ditu kontuan aurten Euskaraldiak, eta feminismoak, euskarak bezala, kolektibotasun horri eusteko beharra du. Ezin baitugu ulertu hiztun bat talderik gabe, ezta ere jardun feminista bat talderik eta hizkuntzarik gabe. Elkar-zaintza beharrezkoa dugu pertsonok, baita euskarak ere, euskararen zaintza presente izateak lagunduko digu hizkuntza-ohiturak aldatzen".

Batukada: "Euskaraz aritzen gara kantuak ikasterakoan, gure arteko harremanetan, baita kantuan aritzen garenean ere. Gurera etortzen denak euskaraz egingo duelako eta euskaraz egingo diogulako".

Gaztetxea: "Arduratuta gaude. Kalean geroz eta euskara gutxiago entzuten denaren sentsazioa daukagu. Gaur egun bizi garen gizarte aurreratu honetan, ez zaigu agian gure hizkuntza komunikaziorako tresna garrantzitsua iruditzen, baina hala da. Horixe bera transmititu nahiko genieke euskalduntze prozesuan daudenei eta baita euskaldun zaharrei ere. Horretarako, egoki ikusten dugu Euskaraldiaren jarduna eta aurtengoan, ariguneen dinamikarekin, pauso bat aurrera egingo delakoan gaude eta euskararen erabilera areagotzea espero dugu. Ea denon artean euskara bizi-bizi mantentzea lortzen dugun, gure hizkuntza eta gure altxorra baita".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide