Berreskura dezagun iparra

Aratz Madariaga 2020ko ira. 27a, 09:00

Aratz Madariagak KARKARAren 420.zenbakian argitara emandako artikulua, 'Akuilua hartuta' atalean.

Ate joka dugu udazkena. Gurean euri gehien egiten duen urtaroa omen da. Lurrak usain berri ugari eskaintzen dizkigu, basora sartu eta arnasketa bakoitzak elikatzen gaituen sentsazioaz goza dezakegu.  Hilabete luzez soinean  izan, baina jadanik behar ez dituzten hostoei erortzen utziko diete zuhaitzek, lurrari kendutakoa, lurrari bueltatuaz. Hain maitatuak ditugun perretxikoek ez diete urteroko zitari hutsik egingo eta fruituak ere, noski, ugariak izango dira. Etorkizuna ziurtatuko dute hauek, eta bide batez, hainbat animaliari negu gogorra pasatzen lagunduko. Jakintsua da natura. Ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera. Hartu-emana. Naturaren magia. 

Guk ordea aspaldi galdu genuen honekin sintonia. Gidatzen gintuen iparrorratza ere bidean erori zitzaigun antza eta bizitzaren benetako koordenadak irakurtzeari utzi genion. Baina ezin esan noraezean gabiltzanik. Zoritxarrez ondo seinaleztatua dugu maldan bera eta frenorik gabe amildegira garamatzan bidetxurra. Eta bide honetan parada miresgarritzat saldu digute hurrengo hilabeteetan 100%-eko funtzionamenduan izango dugun erraustegia. Negu gehiegi igarotzen lagunduko ez digun udazkeneko fruitu pozoitsua. Ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera. Hartu-emana. Gizakion magia. 

Asko dira zaborraren errausketak ingurumen zein bizidunongan eragiten dituen kalte larriak frogatzen dituzten ikerketa eta esperientziak. Filtroek eutsi ezinezko furano, dioxina zein bestelako metal astunak igortzen ditu atmosferara eta hauek minbizi-sortzaile gisa aitortuak ditu Osasunaren Mundu Erakundeak. Eusko Jaurlaritzak berak igorritako azterlan batek aitortzen zuen eragina 15 km-ko erradio batean ematen dela. Eremu honen barruan, 201 hezkuntza zentro ditugu eta milaka gara gure bizitokia bertan dugunak. Kaltetuak izango zaizkigu ere elikagai eta animaliak. Maiatzean bertan ehunka arrain hilda agertu ziren zubietako erraustegitik bera doan Arkaitzerrekan, erraustegiaren funtzionamendua oraindik partziala izan arren. Gertakari hau ezkutatzen saiatu ziren, baina beraien arduradunen zoritxarrerako argitara atera zen azkenik. Esan beharrik ez dago erreka honi darion ura Oria ibaian barreiatzen  dela. 

Europak, 2021etik aurrera erraustegi gehiago eraikitzea debekatzen duen legediaren aldeko apustua egin du,  hauen ondorio kaltegarriez jabetu ostean. Debekuaren arriskuan, justu-justu iritsi dira gure zenbait agintari eta enpresa kriminal euren negozio partikularra irekitzera. Paradoxikoki eta lotsa aztarnarik gabe “Ingurumen Zentrua”  izenpetu dute, belarriei kalte gehiegi ez egiteko neurri gisa. Errefuxa bidez elikatzen da teorian, baina bertan amaitzen duten hondakin gehienak birziklagarriak dira. Gipuzkoako herri batzuk aspaldian hasi ziren ardura kolektibo eta kudeaketa jasangarri baterako bidea egiten. Aia eta Orioko datuek berriz, praktika kaltegarri honen babesle garela ohartarazten digute. 2019ko erregistroen arabera, bi herrietan bizi garenen arteko batezbestekoari erreparatzen badiogu, biztanleko 242 kilo hondakin bideratu genuen errefuxara. Usurbilen biztanleko 67 kilo edota Arrasaten 98 kilo bideratu ziren bitartean. 

Gure eskuetan dago praktika hau elikatzen jarraitu edota arduraz eta errespetuz jokatzea. Egin dezagun barne lanketa eta atera dezagun behar diren kontuetan herri nortasuna. Birzikla dezagun kontzientzia, berreskura dezagun iparra eta zaindu gaitezen elkar.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide