Justizia eta erreparazioa helburu

Iñigo Gaiton 2020ko ira. 25a, 09:51

Babes politiko eta sozial zabala izango du ikerketak. Irudian, aurkezpenean parte hartu zuten ordezkariak. (Iñigo Gaiton)

1936tik gaurdaino gertatutako giza eskubideen urraketak aztertuko ditu Aranzadik, udalarekin eta herritarrekin elkarlanean, norbanakoen bizipen eta testigantzetan oinarrituz. 

Aranzadi elkarteak ikerketa zientifikoa hasiko du Orion, udaleko alderdi guztien eta Herritarren Foroaren babesarekin, herrian jazotako giza eskubideen urraketak aztertzeko xedearekin. Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten egitasmoa kultur etxean, ikerketa bultzatu duten erakunde eta taldeetako ordezkariek. 
Elkarbizitza indartzeko bidean, mugarria izango da egitasmoa. Babes sozial eta politiko zabalarekin abiatuko dute bi helburu nagusi dituen azterketa: memoria egitea, batetik, justiziari eta erreparazioari bidea zabaltzea, bestetik.
 
2012an hasitako bidea
2012an hasitako lanari segida emateko helburuarekin jarri dute martxan egitasmoa. Hala adierazi zuen Anuska Esnal Orioko alkateak: "Urte hartan, Orioko bizikidetza eta giza eskubideen egoeraren diagnostikoa eta plana egin ziren, eta, hurrengoan, herrian eragindako giza eskubideen urraketen inguruan lanketa egitea erabaki zen".

Lanketa horren baitan, herritarrei hitza ematea adostu zuten, horretarako sortutako Herritarren Foroaren bitartez. "Urte hauetan guztietan, hainbat herritar pasa da forotik. Bizipenak partekatzeko eta indarkeriak eragindako sufrimenduaz hitz egiteko aukera izan dute", adierazi zuen Esnalek. 

Bada, orain, elkarbizitzaren aldeko bidean beste urratsa emanez, Orion 1936tik gaurdaino gertatutakoa xehetasunez ezagutzeko beharra agertu dute udalak eta Herritarren Foroak. Esnal: "Aranzadiri eskatu diogu azken laurogei urteetan izandako sufrimendua aztertzeko, herritarren bizipenetan eta testigantzetan oinarrituz. Nazioarteko legediak eskatzen dituen irizpideak jarraituz egingo da ariketa". 

Sufrimendu orori tokia
Herritar guztiei eman nahi diete haien bizipenak kontatzeko aukera; ikerketa, urteetan isilpean sufritutakoa kanpora ateratzeko tresna izatea nahi da. "Norberaren bizipenak elkarbanatzeko aukeraz gain, besteen testigantzak ezagutzeko bide ere emango du egitasmoak", azaldu zuen alkateak. Herrian pasatakoak belaunaldi berriek ezagutzea ere garrantzitsua dela azpimarratu zuen. Horretarako, "ezinbestekotzat" jo zituen herritarrak, etorkizunean Orioko historia "ahalik eta gehien" ezagutu dadin.
Segidan, Joakin Urangak hartu zuen hitza: "Herritarren Foroan, urteak dira indarkeria politikoak gure bizitzan eta herrian izandako eraginaz hitz egiten dihardugula. Orain, haratago joan nahi dugu. Zauriak, ezagutzen ditugun heinean, sendatzen joan daitezke". 


Egia jakiteko beharra nabarmendu zuen Urangak, justizia eta aitortzak gauzatzeko. "Artxiboek informazio hutsa jasotzen dute: datuak, gertakariak, zenbakia,... Baina datuak hotzak dira, eta lekukotzak behar ditugu", eman zuen jakitera Urangak. Isiltasunak bukatu egin behar du, Herritarren Foroaren iritziz, eta bizi izandakoari ahotsa jarri behar zaio.

Oriotarren konpromisoa
Javier Buces Aranzadiko ikerlariaren hitzetan, herrian konpromisoa dago «gertatutakoa ezagutzeko» eta «zeinek sufritu zuten eta zeinek sufritzen duen gaur egun argitzeko». Oroimen historikoaren esparruan, 1936ko gerraren eta diktaduraren lehen bi hamarkadetako biktimek bizitakoak hartu nahi dituzte kontutan. Gertuko oroimenean, 1960tik gaurdainoko lekukotzak. 
Ikerketaren garrantzia azpimarratu zuen Bucesek: «Orio, Hernani, Azpeitia eta Tolosarekin batera, laugarren herria da bi garai historikoak ikertuko dituena. Azpimarratzekoa da udalak eta Herritarren Foroak egindako ahalegina». 

Memoriaren bulegoa
Sustatzaileek bi aukera jarri dituzte herritarren eskura, testigantzak biltzeko. Batetik, 943-
46 61 42 telefonoa eta memoria@aranzadi.eus e-posta helbidea. 
Bestetik, Memoria bulegoa ere zabalduko dute urriaren 21ean eta 28an eta azaroaren 4an eta 11an, kultur etxean, goiz eta arratsaldez. 

Hitzaldiak
Ikerketaren osagarri modura, bi hitzaldi antolatu dituzte ekimenaren sustatzaileek. Irailaren 30ean, esaterako, Errepresioa genero ikuspegitik hitzaldia izango da Lourdes Herrastiren eskutik, kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Urriaren 7an, berriz, Biktimen politikak: azterketa kritikoa hitzaldia emango du Jon Mirena Landak, ordu eta toki berean.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide