Osasun krisiak sei hilabete

"Arriskutsua ikusten dut ospitaleetan eta anbulatorioetan soilik koronabirusari begira egotea"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 19a, 09:00

Sei hilabete bete dira koronabirusaren izurriteak mundua kolpetik irauli zuenetik. KARKARA elkarrizketa sorta bat ari da egiten, hainbat esparrutako herritarrek izandako bizipenak biltzeko. Erizain laguntzailea da Amaia Guridi, eta Donostia ospitaleko Amara eraikinean egiten du lan. Orain sei hilabete, bere plantara hasi ziren iristen COVID-19arekin kutsatutako aurreneko herritarrak.

Gipuzkoan COVID-19arekin kutsatu eta ospitaleratzea behar izan zuten aurreneko herritarrak Donostia Ospitaleko Amara eraikineko hirugarren solairura eraman zituzten. Han ari zen lanean Amaia Guridi erizain laguntzailea, eta haraxe eraman zuten bere senarra ere, Patri Bravo, koronabirusak jota. Orduan etxean berrogeialdian isolatuta egon ziren Guridi eta alabak. Hori guztia KARKARAren apirileko aldizkarian kontatu zuten senar-emazteek.

Guridik hasieran pentsatu zuen berak kutsatu zuela senarra, eta "kezka horrekin" egon zen hasieran. Ordea, negatibo eman zuen berak PCR probetan, eta baita serologikoetan ere. Senarrak hamar egun egin zituen ingresatuta.

Hirugarren solairu horretan jarraitzen du lanean Guridik, baina zehaztu du birusagatik iristen diren herritarrak laugarren solairuan egoten direla. "Sintomak dituztenak hirugarrenean daude, lau gela ditugu horretarako prestatuta. Positibo ematen badute koronabirusaren probetan, laugarren solairura igotzen dituzte", azaldu du. "Izan ere, hirugarren solairua pasokoa da, probak egiteko eta".

"Oso erraz ahaztu ditu gauzak jendeak"

Gertutik ikusi du gaitzaren eragina, bai lanean, bai etxean, eta horregatik, ez du ulertzen gizartearen jarrera. "Jendea lasai-lasai dabil, baina hor dagoen gaitza da, serioa da, eta jende gaztea ere ari da kutsatzen, baita 20 urtetik beherakoak ere. Gehienak asintomatikoak dira, baina badira gaizki daudenak ere".

"Oso erraz ahaztu ditu gauzak jendeak. Askotan elkartu izan dira maskararik gabe, ez soilik gazte jendea, erru guztia ezin zaie haiei bota, helduek ere egiten zuten. Denontzat da nahikoa deserosoa maskara, baina horrek babestu egiten gaitu. Kutsatze guztiak ez ditu saihestuko, baina sintomak suabeagoak izatea eragingo du. Gustatu ala ez, maskara erabili egin behar da", azpimarratu du.

Hiru gauza eskatuko lizkioke herritarrei: distantzia, maskara eta higienea.

Adibide bat eman du: "Taberna barruan nahiz terrazan baldin banago, edaten ari ez naizen momentuetan maskara jartzen dut. Horrela egin beharko genuke, eta oro har, ez da egiten. Ez gara polizia lanetan ibiliko, besteei esanez zer egin behar duten; norberak ikusiko du. Nik ondo egiten dut".

"Zerbait gogorra etorriko da"

Datozen hilabeteei begira, ez da oso baikorra Guridi: "Zerbait gogorra etorriko da. Jendeak ez du horretan pentsatzen, baina nik uste dut baietz. Ez da koronabirusa soilik, gripea ere hor dagoelako. Eta tristea da, egoera honetan, bai ospitaleetan, bai anbulatorioetan, koronabirusari begira bakarrik aritzea. Beste patologiak eta beste gaitzak ere badaude, eta horiek pixka bat bazter utzita dituzte, eta hori arriskutsua ikusten dut. Horrekin ere kezkatuta nago". Iruditzen zaio "benetan serioak diren patologia batzuk" baztertu egiten direla momentu hauetan osasun sisteman. Herritarrei dagokionez ere, ikusten du askotan tramite guztiak ez pasatzeagatik zuzenean larrialdietara jotzen dutela. "Eta, normala den bezala, gainez egiten dute larrialdiek".

Anbulatorioak prest ikusten dituen galdetuta, Guridik dio ezetz. "Ez daude prest anbulatorioak. Dena telefonoz egin behar da, ez dute uzten kontsultarik egiten ez badaude oso-oso ziur ez dela COVID-19a, eta zuzenean esaten dute PCR egin behar dela, eta negatibo emanez gero, agian ikusten zaituzte. Hor nahikoa atzeratuta gaude. Gero, noski, ospitalera etortzen dira aiton-amona batzuek, beste arazoren batengatik, baina jartzen diete balizko COVID bezala txostenean, eta beraz, ziurtatu arte negatibo direla, ez dizkiete beste probak egiten edo behar bezala begiratzen zer duten. Buruko min pixka bat badute, edo eztarriko mina... iruditzen zaie dena COVIDa dela".

Lehen "oso berde" ikusten zuen osasun sistema, "baina oraindik berde gaude, antzera jarraitzen dugu".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide