osasun krisiak sei hilabete

"Bost egun pasa nituen sukar oso altuarekin eta botaka geratu ezinik, jipoi ikaragarria izan zen"

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 16a, 13:06

Sei hilabete bete dira koronabirusaren izurriteak mundua kolpetik irauli zuenetik. KARKARAk elkarrizketa sorta bat egingo du, esparru desberdinetako herritarrek izandako bizipenak biltzeko. Sonia Zianiren kasuan, COVID-19ak bete betean jo zuen, eta, gaztea izan arren, sufritu egin zuen gaixotasunaren sintomen ondorioz.

Nola pasa zenuen gaixotasuna?

Kristoren jipoia eman zidan. Hiruzpalau egun gorpuzkera txarrarekin pasa ondoren, gaizki esnatu nintzen goizeko bostak aldera. Pilatutako nekearen ondorioa izango zela pentsatuta, dutxa bat hartu eta pasako zitzaidala pentsatu nuen. Bada, aitak lagundu behar izan zidan dutxatik ateratzen. 

Sukarra igotzen hasi zitzaidan, momentu batzuetan 40 gradutara iristeraino. Ordura arte, gaixotu izan naizenetan, ez nuen 38 baino gehiago izan sekula, pentsa. Sukarra igotzearekin batera, botaka ere hasi nintzen, eta horrela eman nituen hurrengo bost egunak.

Geroago, usaimena ere galdu nuen. Gurasoek prebentzioz etxea sarri garbitzen zutenez, aitak esaten zidan: "Ez dakit nola aguantatzen duzun ondo gela honetan sartuta, dagoen lixiba usainarekin". Usaina ez zitzaidan iritsi ere egiten.

Zer esan zizuten erietxean?

Hau guztia itxialdiko asteetan izan zen. Gaixotutakoan, anbulatoriora deitu nuen berehala, eta etxean geratzeko eskatu zidaten, gelan bakartuta. Ahalik eta gehien aguantatzeko agindu zidaten, ospitalera joatea saihesten saiatzeko.

Orokorrean, gazte gutxiri tokatu zaio gaixotasunaren sintomak sufritzea.

Bai. Niri tokatu arte, gehienek bezala pentsatzen nuen: "Tira, kirolaria izanik eta sasoiko egonda, honekin ez zait sufritzea tokatuko..".

Bizitzako bost egunik txarrenak pasa nituen. Nire gaixotasunaz gain, aita edo ama kutsatzeko beldur handia nuen. Biak arrisku taldeetakoak izanik, borroka handia izan nuen nire buruarekin.

Baikorra al zara aurrera begira?

Saiatzen naiz, baina ez da erraza. Beharbada, nik bizi izan dudanagatik ziurrenik, oso kontziente naiz birus honen arriskuaz. Hori horrela izanik, eta udan hondartzak eta terrazak nola egon diren kontutan hartuz gero, ba ez dakit; iruditzen zait ez garela ohartzen honen guztiaren dimentsioaz. Jende asko ari da hiltzen eta gaizki pasatzen. Eta, ondorio ekonomikoei dagokionez, oraindik gogorrena ikusteko dagoela uste dut. Ea ez dudan asmatzen!

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide