Orioko plaza

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2020ko ira. 12a, 10:13

Iñaki Iturainek KARKARAren 419.zenbakian argitara emandako artikulua.

Orioko plaza obretan da aspaldi honetan. Ez dakigu noiz arte, baina erabat eraberrituko da: kalea oinezkoentzat; ibilgailuak errio ertzetik, bi norabideetan; eta kiosko berria. Plaza herriko kultur gune nagusia izan da historian; herritarrentzat funtzio asko bete ditu: erreboteko pilotalekua izan zen, azoka eremu, abere feria, arrantzaleen portu, dema plaza, musika bandaren kontzertu eta emanaldi gune, komedianteen antzeztoki, estropalarien errezibimenduaren topagune, haurren jolastoki, gazteen grinen probaleku, zaharren atsedengune… Zer ez! Gauza bat izan du, hori bai, munduan oso-oso plaza gutxik izan dutena: arrantzaleak lehorreratutakoan, baporeak ia plazan bertan, haren edergarri, munduko antzokirik oneneko atrezzo dotoreena baino politagoa.

Orain, herriak kultur etxea, kiroldegia eta Arraunetxe izanda, ekitaldi gehienak plazatik kanpo izaten dira. Plazan: osteguneko azoka, herriko festetako musika eta ekitaldi batzuk, maiatzeko garagardo azoka, uztaileko Bisiguaren Festa, arraunlarien errezibimendua… eta gutxi gehiago.

Udal artxiboko dokumentuetan plazari buruz topatu dugun dokumenturik zaharrena 1883koa da. Orduko alkate Ramon Altunak sinatua, Ondartxikia izeneko tokian abere feriarako plaza eraikitzeko baldintzak aipatzen dira: hormatzar bat eraiki, estolda sarea jarri eta lur betelana egin. Jose Antonio Uranga eta Juan Jose Garateri agindu zitzaien lana.

Oraingoa egiteko bota duten kioskoa 1970 ingurukoa zen. 1969-02-28ko Udalbatzak erabaki zuen haren aurrekoa bota eta berria jartzea. Goiko egurra ustelduta eta burdina herdoilduta, arriskutsu zegoen; burdin puska bat erori zitzaion buru gainera herritar bati. Diputazioak onartu egin zuen obra. Beraz, 50 bat urteko historia izan du kiosko horrek. Azken urteotan, bi ikur izan ditu: zoruan marraztuta, aingura, euskal lurrari lotzeko; eta goitik zintzilik, airean hegan bezala, zortziko outriggerra, herria mundura zabaltzeko.

Dokumentuek diotenez, 1970 arteko kioskoa 1925ean eraikia zen. Aurreko plaza haren historia mamitsuagoa da orain artekoarena baino: 1925-08-20ko goizean inauguratu zen plaza. Joaquin Cortes zen orduan alkate. Ostegun goiz hartarako, Cortesek 10 zinegotziak eta herriko bikarioa deitu zituen ekitaldira, plaza berria bedeinkatzeko. Urte hartan bertan, 1925eko udazkenean, bigarren estreinaldia izan zuen, bisitari ospetsuekin. Espainiako erregina Victoria Eugenia etorri zen, Alfontso XIII.aren emaztea, Donostiatik Orioko plazaraino bertaraino, bapore batean. Estropalariek, Antonio Maria Uranga patroi zutela, irabazitako Kontxako bandera bedeinkatzeko ospakizunera gonbidatu zituen alkateak. Meza entzun zuten plazaren abaroan.

1940an beste bisitari bat izan zuen plazak, oriotarrentzat erregina baino ezagunagoa: Mariano Juaristi, Atano III.a pilotaria. Atano ere Kontxako banderaren bedeinkaziora etorria, Jose Mari Urdangarin, Txato, patroiarekin eskuratutakora. Atano III.ak urte hartan irabazi zuen bere lehenengo txapela. Arraunlaria eta pilotaria lagunak ziren; horregatik etorri zen azkoitiarra ospakizunera.

Orain, 2020an, eraiki duten kioskoa 1925ekoaren ia berdina da, haren egitura eta estetika berbera du. Txikixeagoa. Esteban Orbegozo enpresari ezagunak eraiki zuen, Zumarragako siderurgiako enpresa ezagunaren sortzaile eta jabeak. Halaxe esan zigun Juan Luis Amilibiak: “Gure aitonaren laguna zen Orbegozo; hark altxatu zuen plazako kioskoa”. Aiako Santiagoerrekako Arrazubi Aldekoa baserrian jaioa zen Esteban Orbegozo. Haren iloba zen Luis Alde harri-jasotzaile eta ardogilea.

Jorge Oteiza plazan kioskoa jartzearen kontra agertu zen. Hala esan omen zuen: “Ez dakit markesina hori altxatzeko, herrian toki hoberik ba ote den, baina okerragorik seguru ezetz!”. Plaza hutsaren edertasun estetikoa galtzeak hutsunea sortuko zion, seguru asko; edo, beharbada, kioskoa jartzeak errebote-jokoaren amaiera zekarrelako zen Oteizaren mina, aspaldiko tradizioari ateak ixten zizkiolako. Ordura arte han jokatzen zuen Orioko errebote-taldeak, Villabona, Zubieta eta Iparraldekoekin. Eta taldearen buru eta sustatzaile nagusia Oteizaren osaba zen, Bittor Enbil.

Iritziak iritzi, plaza hura zen jendearentzako topaleku ia bakarra herrian, elizatik kanpo. Aterpe handi haren babesean denetik izan zen; lehenengo urteetan, baserritarren ganadu feria, hileko azken larunbatean. Baserritar asko inguratzen zen, beren asto, behi, txerri eta zaldiekin. Txerriak Anjeloriyoneko arkupeetan jartzen zituzten, itxitura baten barruan. Gerora hasi zen ostegunetako denetariko azoka, oraindik ere badirauena.

Azokaz gain, nagusiki, musika eta dantzarako gunea izan da plaza. Bandaren garaian, igande arratsaldero izaten zen musika, eta herritarrak baltsean. Han elkartzen ziren bertako eta inguruko herrietako gazteak eta ez horren gazteak. Gerra ondoko garairik gogorrenetan, aguazila makilarekin ibiltzen zen mutil koskorren atzetik, baten bat neskari lotuta ikusiz gero, jo egiten zuen “ospa hemendik!” esanez. Mutilek txistu joz ematen zioten abisu elkarri, “kontuz, bazetorrek-eta!”. Aguazilik ez zenean, mutilak, binaka, baltsean ari ziren neskengana joaten ziren dantza-eske, “faborez”.

Udarako gau batzuetan komedianteen funtzioa izaten zen. Aguazilak bandoa jotzen zuen aurretik: “gaur gauean komedianteak plazan”. Telebistarik gabeko garai haietan, jende asko joaten zen plazara. Batzuk, etxeko sukaldeko aulkiekin; beste batzuk plazako bankuetan jartzen ziren eta, gainerakoak, haien atzean tente. Denetik izaten zen komedianteen funtzioan: txerpolaria hizketan, pailazoa, kantariak, dantzariak, trapezistak…, eta batez ere errifa. Anjel Linok oraindik gogoan du urte batean oso konpainia ona etorri zela, izar nagusi Kosmin ipotxa zuena: “Hiru egunerako etorri eta aste osoa pasatu zuten, plaza gauero ikuslez gainezka”.

Estropada bezperan, eguerdian, arraunzaleak batzen ziren plazan, egurrezko astoen gainean behekoz gora jarritako traineruaren bueltan. Arraunlari izandako beteranoek, txapela buruan, lapitz-hautsaz egindako ukendu magikoa ematen zioten txalupari, zapi batekin; biharamunean olatuetan azkarrago txirristatuko zen ontziak segundo batzuk irabazteko. Bandera irabaziz gero, igandeko alironean plazan bukatuko zen larunbatean plazan hasitako arraun festa.

Bestelako jardunak ere asko aterpetu ditu Orioko plazak, erreboterako itxi zenetik. Hain zuzen, Bittor Enbili omenaldi hunkigarria egin zioten Iparraldeko lagunek 1930eko abuztuaren 10ean, han herriz herri errebotea zabaltzen egindako lanaren esker onez. Ikusmin izugarria sortu zuen Luis Aldek 1957an jokatu eta irabazitako apustuak, 5 minutuko saioan 16 arrobako harriari (200 kilo) 5 altxaldi emanez. Eulogio Gurrutxagak, 71 urterekin, kanabeteko enborra moztu zuen 1984ko sanikolasetan. 1959an, Zumaia, Getaria eta Orioko gazte talde bana atletismoan lehiatu ziren: pertika, luzera-saltoa, hiruko jauzia eta korrika errelebotan. Benito Lertxundi, Jose Migel Loidi, Jose Mari Alberdi eta Migel Illarramendi oriotarrak nagusitu ziren.

Bertso eta kantu saioak ere, nola ez, izan dira hainbat aldiz. Handik pasatu ziren garaiko bertsolari onenak: Uztapide, Basarri, Lasarte, Xalbador… Benitok berak ere emana du kontzertua plazan, albotik pasatzen ziren automobilen zaratak amorratuta. Herrian sortu zen aurreneko rock taldea ere, Haika, Orioko plazan plazaratu zen.

Jose Artetxe idazle azpeitiarraren 1950eko Mi viaje diario liburuan artikulu bat dator Orioko plazaz, holako hitzekin: “Niretzat Orioko ederrena hango plaza da, Gipuzkoako politenetakoa, politena ez bada. Lasaitasun giroa ematen dit, baretasun sentsazioa: kareharrizko udaletxe xumea, dema-harria, sarez betetako gurdia, mahoizko galtzez eta txaketa urdinez jantzitako arrantzaleak, patxadan hizketan ari den apaiza, moilara igotako txalupa behera begira jarria…

Igande arratsetan, inguruko sagardotegietako parriletan erretzen jarritako arrainen usain sarkorrarekin batera, arrantzaleen kantuak hedatzen direnean, ahots lodi eta pausatuan, hango baretasunak goia jotzen du. Eta lasaitasun hori dastatzen denean, momentu horren betetasuna arimaren barru-barruraino txertatzen zaigu. Zenbat maite dudan nik Orioko plaza! Han, orduak behar bezala igarotzen dira, sarritan haren gainean hegan doazen kaioen hegaldi patxadatsua bezalaxe”.

Ez litzateke txarra, iraganean bezala etorkizunean ere, poetaren batek antzeko zerbait sentitzea Orioko plazari begira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide