55 urte olatu gainean

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 10a, 12:00

Argazkian, Juan Antonio Azkue eta Joxeju Olasagasti.

Uda honetan 55 urte bete dira oriotar batek aurreneko aldiz surf egin zuenetik. Ramon Esnal ‘Etxeberri’ izan zen olatu berri hura hartu zuen lehen herritarra, hondartzan “bañerua” zen garaian. Orion surfa nola errotu zen jakiteko saiakera egin du KARKARAk, dozena erdi bat argazki zaharren hariari tiraka.

Ramon Esnal “Etxeberri”, Eugenio Cotado, Joxeju Olasagasti eta Jose Antonio Azkue. Gehiago edo gutxiago, guztiak jardun ziren surfean 60 eta 70ko hamarraldietan. Ordutik itsasaldi asko joan direla eta, elkarrizketatuek nahastu dituzte gertaera konkretu batzuen data zehatzak. Hala, historia zehaztasunik gabe idaztea praktika kamutsa denez, Orioko surfaren aurreneko istorio eta gertakizunak bildu dira erreportajean.

Aurreneko surflaria

“1965. urtean hartu nituen aurreneko olatuak, ingelesei erosi nien taularekin”, hasi da hizketan Ramon Esnal “Etxeberri”. 1964tik 1971ra bitartean sorosle lanetan jardun zuen Antilla hondartzan, uda garaian. “Basatia zen hondartza. Ia urtero izaten genuen hildakoren bat”.

1964an, ingeles taldetxo bat etorri zen kanpinera. Esnalen esanetan, haiek izan ziren Orion surf egin zuten aurreneko atzerritarrak. “Martin Fowles eta konpainia, elkarren lagunak egin ginen. Hurrengo urtean, dirua nahi baino lehenago bukatu zitzaiela eta, surf taulak saltzeko intentzioa zutela esan zidaten. 2.500 pezetatan hiru ohol erosi nizkien. Lanpernatara joan behar izan nuen dirua biltzeko. Orduan, hilean 6.000 pezetako jornala irabazten nuen sorosle lanagatik, eta erdia Mariñela jatetxean joaten zitzaidan, bazkaritan. Hogei duro kostatzen zen eguneko menua”.

Bost bat urtez jardun zen Esnal surfean. “Udan baino gehiago negu aldean, neoprenozko jantzirik gabe. More-more eginda ateratzen nintzen uretatik. Hala ere, ez ginen oso-oso sarri ere ibiltzen. Tarteka, Katxiñako Jose ere sartzen zen uretara nirekin”.

Egun batez, Iñigo Letamendia —gerora Pukas etxea sortuko zuen donostiarra— hurreratu zitzaion. “Hark bazekien zerbait guri buruz, eta Afrikan eta Portugalen hartutako olatuen berri eman zigun. Atzerritik ekarritako kristoren surf pelikulak zituela eta, Aginagara gonbidatu gintuen, filmak ikustera. Hangoa zuen bikotea: Marian Azpiroz”.

Parentesia: idiak

Esnal uretan zebilen batean, Jose Etxeberria “Lizargate” hondartzaraino hurreratu zen idiekin, animaliak ibiliz urizkinan hankak bustitzera. “Ikaragarri ona zen pare hura”, gogoratu da. “Josek eta biok elkar ezagutzen genuela eta, nigana gehiegi gerturatu zen, itsasaldera, eta olatu kolpe batek idiak harrapatu eta barrura eraman zituen. Uztartuta zeuden animaliak, haien makakorroak! Uretan aurrera joanda, hankekin ez zuten hondorik jotzen, baina igerian-edo, urazalean mantendu ziren nolabait. Gutxinaka, urizkinara eramatea lortu genuen, eta, azkenean, onik atera ziren.” Lehorrean hanka jarri orduko, txistu batean alde egin zuten idiek hondartzatik.

Hurrengoak

Joxe Mari eta Patxi Zaldua, Agustin Lizaso, Anjel Lopetegi, Jose Luis Arin, Tiburtzio Arostegi, Santiago eta Igancio Ugarte, Jose Mari Salsamendi... Ramon Esnalen ondoren, ia segidan edo urte gutxira, zerrendako lagunak ere hasi ziren olatuak hartzen, Eugenio Cotadok dioenez. “Esnalen lagun ingelesek taulak hemen uztea erabaki zuten hurrengo urtera arte, haraino eramatea garestia zelako, eta niregain laga zuten haiek zaintzeko ardura. Ohol horietako batekin hartu nituen aurreneko olatuak, 11 urte nituela. 15 kilotik gorako pisua izango zuen taulak. Neoprenozko trajerik ez nuenez, nylonezko kamiesta batekin sartzen nintzen uretara, parafinak urraturik ez egiteko. Berehala harrapatu ninduen sentsazio hark: uretan hartzen zen abiadura, adrenalina, beldurra...”.

Aurreneko txapelketak

Jose Antonio Azkueren memoriaren arabera, 1972 edo 1973an egin zen Orioko aurreneko surf txapelketa. “Leihaketa baino gehiago, festa moduko zerbait izan zen, herrian surfa ezagutzera emateko. Zerbait egin behar zela eta, huraxe egin genuen. Surflariak eta bainulariak elkarren artean nahastuta gogoratzen ditut, denak pilan. Nahikoa gauza anarkista izan zen. Zarauztar batzuk ere etorri ziren antolaketarekin laguntzera. Gure surf maila nahikoa kaskarra zen orduan, eta beno, hantxe ibili ginen zerbait egin nahian. Sekula surfean aritu gabekoren bat ere sartu zen uretara. Gauza berria zen kirol hura”.

Agustin Lizaso izan zen txapelketako garaile. Handik bizpahiru urtera edo, beste bat antolatu zuten, apur bat serioagoa. “Bitoriano Olidenek irabazi zuen. Olatuak eskuinaldean hartu genituen olatuak, harrobi aldean, eta epaileak arroketan eserita egon ziren. Ordurako maila hobexeagoa genuen, eta olatuan denbora gehiago egiten genuen zutik; maniobraren bat edo beste ere ikusi zen uretan”.

Bi leihaketa horiek bakarrik egin ziren herrian, Orioko Surf Taldekoek 1996an lehendabiziko txapelketa “ofiziala” antolatu zuten arte.

Bizi-postura aldatzeraino

Azkue azkar kateatu zuen surfak. “Niretzat erakarpen indar handia zuen olatuen arteko mundu hark. Garaia ere halakoa zen: gaztetasuna, surfak bearekin zekarren bizi-estiloa, askatasun nahia... Egia esan, orduko gizartean zaila zen afizio hura justifikatzea. Gainera, etxe onekoa izan behar zen orduko surflariak bezala ibiltzeko, batera eta bestera, egun guztian olatuen atzetik”. Haien belaunaldian surfak ez zuen inoren eguneroko bizitza irauli, baina hurrengoetan bai. “Iñigo Timon eta horiek zer bizimodu zuten ikusten nuenean, nire bizitza ereduaren inguruko zalantzak sortzen zitzaizkidan”.

Zarauzko kuadrilla batek Mundakara eraman zuen Azkue 16 urte zituela, astea pasatzera. “Grumette” deitzen zioten, taldeko gazteena zelako. “Oraindik inozentzia galtzeko nuen, eta bidaia hartan harrapatu ninduen surfa biltzen zuen guztiak; hippy-en mobidarekin bat egiten zuen guzti hark, apurtzailea zen. Gogoan dut zarauztar bat azidoa —LSD— janda atalaiako zuhaitz batera igota... Hura mundua!”.

Joxeju Olasgastiren kasuan, surfa udako jostaketa izan zen hiruzpalau urtez, ez gehiago. “Errioa, frontoia eta hondartza ziren gure jolastokiak, eta surfa denbora pasa aparta zen udarako. Etxean kristoren matraka eman eta gero, amak Itxastresna bat erosi zidan”.

Itxastresnak

Patxi Olidenek herriari emandako guztia ondo ezaguna da. Gehiegi luzatu gabe, primeran ulertu daiteke surfari egin zion ekarpena Olasagastiren adierazpenekin: “Patxiri esker, kuadrillako guztiok lortu genuen surf taula bat. Kanpotik ekarritakoak ikaragarri garestiak ziren, ordainezinak guretzat, eta hari zor diogu surfa probatzeko aukera eduki izana”.

Cotadok balio handiagoa eman dio denborarekin Patxik egindakoari. “Errespetu handia genion. Beti ikasten jarduten zen gizona, pazientzia ikaragarriarekin. Momentuan ohartu ez arren, Patxik lezio onak eman zizkigun”.

Surflari onak herrian

“Kanpinera etortzen zen hawaiar batek harri eta zur laga ninduen. Harekin ikusi nuen zer zen benetako surfa!”, dio oraindik ere harrituta Cotadok. “Taula nahi bezela mugitzen zuen hankapean, batera eta bestera, zirt eta zart. Jeff Hakman surflari profesionala ere inoiz ikusi izan dut Orion; Mundakan ezagutu genuen elkar”.

Uretan ikusi duten surflari onena zein den galdetuta, Azkuek eta Olasagastik etxeko erreferentzia eman dute aho batez: Iñigo Timon. “Umetan hasi zen surfean, amak hondartzan lan egiten zuelako, eta berehala igerri genion talentu berezia. Fenomenoa zen. Hondarretan eserita gogoratzen dut nire burua, Timoni begira. Guretzat olatu handiegiak zeudelako uretara sartzen ez ginenetan, hark kristoren olatuak hartzen zituen”.

Beste maila batean, erreferente modura Joxe Mari Zaldua ere aipatu dute. 1973an Zarautzen egindako txapelketa batean parte hartu zuen Zalduak, eta emaitza ona lortu zuen. Ondorengo sari banaketan, ordea, gorabeheraren bat izan zuen; hango surflarien artean ezezaguna zela eta, haren atzetik sailkatutakoari eman zioten saria.

Surfa galarazita

Egun batez surf egitea galarazita egon zen Orion. Cotadok kontatu du istorioa: “Zarauzko bi soroslerekin gorabeheraren bat gertatu zen, eta lanera gehiago ez etortzea erabaki zuten. Orduko alkateak, Aiestaranek, bi guardia zibil jarri zituen sorosle lanetan, arazoari irtenbidea emate aldera. Berehala esan ziguten guri: “Está prohibido entrar al agua con esas piraguas...”. Akabo gure gozamena! Hurrrengo egunean, hondartzara triste antzera joan ginen, eta bi lagun ikusi genituen uretatik atera ezinik. Surf taulak hartu eta erreskatatu egin genituen; bi guardia zibilak ziren. Handik aurrera, uretan nahi bezala ibiltzeko baimena eman ziguten”.

Emakumeak uretan

“Orain, poz handia hartzen dut neska txikiak neoprenozko jantziekin eta taulekin ikustean. Lehen ez zen halakorik, hemen behintzat ez; gizonezkoak ibiltzen ginen olatu artean, halakoa zen gizartea”, azaldu du Cotadok. Hala ere, bazen tarteka olatuetan irristaka ibiltzen zen emakume bat herrian. “Don Jose Lacadena orduko medikuaren alaba bat, Maria Jose, oker ez banago. Hark Zarauzkoa zuen bikotea, surflaria hura ere, eta oso tarteka surf egiten zuen”. Ziurrenik, bera izango omen da surf egin zuen aurreneko herritarra.

Mundaka amets—gaizto—

Mundakara buelta batzuk egindakoak dira Cotado, Azkue eta Olasagasti. Gazte garaian trenez egiten zuten bidaia, eta haraino iristeko egun osoa behar izaten zuten. Paradisuaren antza zuen toki hark. “Mundakako surflariek beso zabalik hartzen gintuzten, sano-sano. Surfa eta laguntasuna, biak bat dira niretzat, garai haietan bizitako esperientzia ederrengatik”, gogoratu da Cotado. “Ez dut ahaztuko han hartutako aurreneko olatua: zilipurdika erori nintzen! Mundaka olatu bikaina da, baina oso exijentea, eta guk erabiltzen genituen Itxastrenak ez ziren oso egokiak han ibiltzeko”.

Olasagastik ere senperrenak ikusi zituen behin, sekulako itsasaldiarekin. “Atalaiara iritsi ginenean olatu oso politak ikusi genituen; uretara sartutakoan, ordea, hark guztiak beste dimentsio bat hartu zuen. Hala moduz hiru olatu hartu ondoren, laugarrengoan erori eta taulak alde egin zidan. Ikaragarri kosta zitzaidan igerian moilaraino hurbiltzea”, gogoratu da. “Orduko neoprenozko jantziek ere ez zuten asko laguntzen. Mundakako argazkietan ikusten diren jantziak, adibidez, San Jose eta Reina Maria baporeetatik hartu genituen —eskatu gabe—. Egun hark oroitzapen txarra laga zidan; gauak, ordea, bikaina!”.

Azken olatuak

Azkuek duela hiruzpalau urte hartu zituen azken olatuak, “Mikel Agotek egindako taularekin”. Gaur egun, oraindik ere ikaragarri gozatzen du hondartzaraino hurreratu eta surflariei begira; “batez ere, tartean surfean txukun egiten duenik bada”.

Cotado ere garai bertsuan sartu zen uretara azkenekoz, lagunarteko erronka txiki bat irabaztearren. “Denborarekin, bizitzan beste gauza batzuk probatzen eta ezagutzen ere joaten zaren heinean, gorputza ere makaldu egiten da, eta uretan ez duzu gaztetako gozamen bete-bete hura esperimentatzen. Hala ere, niretzat lehengo urteak ez dira hobeak oraingoen aldean. Zaharrak eta berriak, garai denak dira desberdinak; garai denak dira onak”.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide