Nerea Mendizabal psikopedagogoak online hitzaldia emango du bihar, irailak 9, 19:00etatik aurrera. Orioko Udalak antolatu du saioa, herriko gurasoei zuzenduta. Izan ere, ikasturtea hasi berri den honetan, "bizi dugun errealitateak gurasoen beldurrak eta segurtasunik eza hauspotzen" dituela iritzi dio, eta horren harira prestatu du hitzaldia. "Nork bere burua zaintzeko eta norberaren eta ingurukoen beharrak asetzeko, beharrezkoa da beldur eta intseguritate horiei buruz hitz egitea eta egoerari aurre egiteko prestatzea", adierazi du udalak; "txerto emozionala jartzea", alegia.
Hortaz, biharko saioan, kezka eta beldurrak lantzeko aukera izango dute herriko gurasoek. Ordu eta erdi iraungo du hitzaldiak, eta udalak azaldu duenez, bitan banatuko du Mendizabalek: hainbat eduki mahaigaineratuko ditu lehenengo, eta gero, parte-hartzaileek galderak egiteko edota hitza hartzeko tartea izango da.
Zoom plataformaren bidez eskainiko du saioa psikopedagogoak; hain zuzen, ondorengo helbidean: https://us02web.zoom.us/j/8172370620#success. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, baina ordu erdi lehenago sartzea komeni dela dio udalak, hau da, 18:30ak aldera.
Euskaraz arituko da Mendizabal, baina udalaren esanetan, "gurasoen aldetik horren eskaria" egotekotan, gazteleraz ere antolatuko dute hitzaldia, aurrerago.