Orioko aparkalekuei buruzko gogoeta-saioa antolatu dute ostegunerako

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ira. 5a, 09:39

Saio bakoitzean 25 lagunek parte hartu ahal izango dute gehienez; horregatik, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Herriko aparkalekuei buruzko hausnarketa abiatu zuen udalak maiatzean, prozesu parte-hartzaile baten bidez, eta irailaren 10ean egingo dute bigarren gogoeta saioa. Lehen saioa modu telematikoan egin zuten, alarma egoeran bete-betean murgilduta zegoelako gizartea, baina oraingo honetan aurrez aurreko bilera izango dela jakinarazi du Orioko Udalak.

Dena dela, aforoa mugatua izango denez, bi saio egingo dituzte. Lehenengoa 17:30ean hasiko da, eta bestea 19:00etan. Saio bakoitzean 25 lagunek parte hartu ahal izango dute gehienez; horregatik, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Hala, udalak dei egiten die gaiarekin interesa duten guztiei, izena eman eta parte hartzeko. 

Saioak kultur etxeko areto nagusian egingo dira eta ordu eta erdiko iraupena izango dute. Euskaraz izango dira, baina herritarrek aukera izango dute beren ekarpenak euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko. Gainera, bertan erakutsiko den material idatzia bi hizkuntzetan aurkeztuko dute eta, beraz, euskaraz ondo ez dakitenek ere jarraitu ahal izango dutela azaldu dute udaletik.

Aparkalekuen inguruko gogoetan saioan izena eman nahi dutenek orio.eus webgunean dute horretarako aukera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide