Itsasgora eta arratsalde bero eta eguzkitsua bat etortzen direnean haurrez josi ohi dira arranpla eta moila ingurua. Atzo gainera, udako programazioaren barruan, uretako puzgarriak jarri zituzten arranplan, eta ederki pasa zuten haurrek uretan jolasean.
Aurreko urteekin alderatuta zertxobait desberdina izan zen jarduera, COVID-19ari aurre egiteko neurriak errespetatuz gozatu baitzuten haurrek puzgarriez. Ilaran itxaron zuten beren txanda iritsi arte, eta gel hidro-alkoholikoarekin eskuak garbitu zituzten puzgarrietara sartu aurretik. Hala, COVID-19ak ez zuen zapuztu herriko haurren artean arrakasta izaten duen udako jarduera.