Bidasoa Irun eta Bada Huesca lehiatuko dira II. Karela Torneoan

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 6a, 14:17

Abuztuaren 15ean jokatuko dute eskubaloi norgehiagoka, Karela kiroldegian. Bihar eguerdian jarriko dituzte salgai sarrerak, 7 eurotan, Vivetix plataforma digitalean.

II. Karela Torneoa antolatu du Orio Eragin eskubaloi klubak, eta aurten Sacyr Asobal ligako bi talde gonbidatu dituzte: Bidasoa Irun eta Bada Huesca. Gainera, Jon Azkue Saizar oriotarrak  Bidasoako taldean jokatzen du, eta zalantzarik gabe partida berezia izango da berarentzat, baita bere ingurukoentzat ere. Norgehiagoka abuztuaren 15ean izango da, larunbatarekin, 13:00etan hasita, Karela kiroldegiko kantxan. Sarrerak zazpi euro balioko du, eta bihar bertan jarriko dituzte salgai, 12:00etatik aurrera, Vivetix atarian.

Sarrerak guneka antolatu dituztela jakitera eman dute antolatzaileek, eta gune bakoitzak sartzeko ordu jakin bat izango du. Beraz, erosterako orduan xehetasun horri erreparatzeko eskatu dute. Izan ere, B eta C guneetakoak 12:25ean sartuko dira, eta A eta D guneetakoak, berriz, 12:35ean. Karela kiroldegiko eskaileretatik izango da sarrera nagusia, eta bertan antolatzaileen eta laguntzaileen argibideak jarraitzeko eskatu du; besteak beste, sarrerako ilaran 1,5 metroko distantzia errespetatzea gomendatzen dute.

Horrez gain, osasun ikuspegitik hainbat neurri ere hartu dituzte COVID-19a dela eta: gunearen edukiera %50era murriztu dute; segurtasun distantziak bermatuko dira uneoro; seinaleak eta langileen argibideak jarraitu beharko dira;  derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera;  eskuak gel hidroalkoholikoz garbitu beharko dira sartzerakoan eta irteterakoan; eserlekuetan egon beharko da eta ezingo da altxata ibili; garaiz etorri beharko da; eta ezingo da inolaz ere jaitsi kantxara. Bestalde, sintomaren bat izanez gero etxean geratzeko eskatu dute antolatzaileek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide