LED motako argiak jarriko ditu Udalak herriko faroletan

Iñigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020ko abu. 2a, 09:00

Egunotan aldaketak egingo ditu Udalak argiteria publikoan, energia-planaren barruan, efizientzia energetikoko irizpideen arabera. 793 LED argi jarriko dira herriko faroletan; aurrerantzean, herriko argindar-koadroen bi heren guztiz LED motako argiekin geratuko dira.

Argiak aldatzeko lanak datozen bi asteetan egitea aurreikusten da eta, beraz, abuztuaren erdirako bukatzea. Lan horiek 277.762,17 euroko kostua izango dute eta Imesapi SA enpresak egingo ditu.

Lanak egiteko, IDAEren (Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energía) dirulaguntza jasoko du Udalak. Guztira, kostuaren % 50 jasoko du: 138.881,08 euro. Europar Batasuneko FEDER fondoetatik (Fondo Europeo de Desarrollo Regional) ematen ditu dirulaguntza horiek IDAEk. Behin lanen fase hau bukatuta, Udalak bigarren fase bat abiatu nahi du eta, hartara, aldatzeko geratzen diren 7 argindar-koadroetako argiak ere aldatu.

Energia-kontsumoa %80 gutxitu

Argi horiek aldatu ostean, farolen energia-kontsumoa % 80 jaitsiko dela aurreikusten da: farola horietako kontsumoa eguneko 542.271 kWh izatetik 81.789 kWh izatera pasatuko da.

Egin beharreko lanek eragozpenak sortuko dituzte, zenbait momentutan, herriko aparkaleku edo pasabideetan. Udalak barkamena eskatzen die herritarrei, aldez aurretik, sortuko diren eragozpen horiengatik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide