Salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko eskatuko du Etxeratek igandean hondartzan

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uztailaren 29a

Elkarretaratze bateko irudia, iaz

Beste urte batez, Gipuzkoako sei hondartzatan egingo dute ekitaldia, tartean Orion eta Zarautzen; eguerdian izango dira biak, 12:00etan. Orotara, Euskal Herriko 16 herrietan deitu dute mobilizatzera.

"Bada garaia euskal presoen familiakoei, seme-alabei, gurasoei eta lagunei ezartzen zaien zigorrarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko; bizirik eta etxean nahi ditugulako", adierazi du euskal preso eta iheslarien Etxerat elkarteak. Hargatik, salbuespenezko espetxe politikaren berehalako eta behin-betiko amaiera eskatuko dute Euskal Herriko 16 hondartzatan egingo dituzten mobilizazioetan. Tartean, Orion: 12:00etan elkartuko dira autopistako zubiaren azpian, ondoren hondartza aldera joateko.

"Euskal gizarteak aurrera egin nahi du konponbidean eta bakean, bizikidetzan, eta, beraz, ezin dugu onartu estatuek ehunka familien sufrimenduari eustea; izan ere, milaka pertsonek jarraitzen dute espetxe-salbuespenaren ondorioak jasaten", adierazi dute oharrean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide