Gaurko arraun hitzorduak

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 25a, 08:36

Orioko gizonezkoen lehen taldea, etxean jokatutako estropadan (Arnaitz Rubio Aprea)

KAE1eko mutilek etxe ondoan dute lehia, Getarian, eguerdian. Eusko Label eta Euskotren ligetakoak, berriz, Bilbon lehiatuko dira arratsaldean. Sailkapenetan lehia estua dute hiru taldeek.

Estropada bakoitza da garrantzitsua, eta aurten gehiago. Horregatik, dena ematera aterako dira gaur ere Orio Arraunketa Elkarteko neska-mutilak. Eguerdian lehiatuko dira KAE1ekoak, Getarian; atzealdean sartuta daude oriotarrak, eta lehia estu-estua dago hor: bederatzigarren da Orio, 8 punturekin, eta atzetik puntu bakarrera dauka Zumaia, 7 punturekin. Urrunago, Astillero (4 puntu) eta Getxo (3 puntu). Goikoa ere gertu daukate, ordea, oriotarrek, Donostiarra baitago zortzigarren postuan, 9 punturekin. Ea gaurko estropada nola joaten zaien OAEko gazteei. 12:00etan hasiko dute lehia.

Euskotren eta Eusko Label ligak, berriz, arratsaldean jokatuko dira, Bilbon. 17:40ean ekingo diote emakumezkoek, eta 18:00etan, berriz, gizonezkoek. Emakumezkoak lider dira sailkapen orokorrean, 22 punturekin. Denboraldi ederra egiten ari dira, eta ezustekorik ezean, gaur ere lan ona egingo dute. Donostiarra da bigarren, 18 punturekin. Patroi onenaren sailkapenean, berriz, lidergotik puntu bakarrera dago Nadeth Agirre, 10 punturekin. Natalia Tubio Donostiarra taldekoa da buru oraingoz, 11 punturekin.

Eusko Label ligan lehia bizi-bizia dago sailkapenean, eta horren lekuko, sailkapenaren goialdea: 63 puntu ditu Santurtzik, 58 Oriok, 55 Donostiarrak, eta 54 Bermeok. Dena ematera uretaratuko dira, beraz, oriotarrak.

Jarraitu arraunak ematen duen guztia KARKARAren atal berezian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide