Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, bigarrenez, Euskaraldia, eta hainbat berrikuntza izango ditu aurrekoarekin alderatuta. Izan ere, aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean egiteko aukera ere egongo da arigune-en bidez. Hau da, enpresetan, erakundeetan eta elkarteetan euskaraz aritzeko guneak sortzea da helburu nagusia aurten. Urrian hasi ziren herri askotan Euskaraldia prestatzeko lanetan, baina COVID-19 birusaren agerraldiak planak goitik behera aldarazi dizkie dinamizatzaileei. Hala ere, eta zailtasunak zailtasun, udako etenaldira martxa hartuta iritsi dira, eta horren lekuko, Orion astelehen arratsaldean Orioko hamalaukoarekin elizako zimitorioan atera zuten argazkia.
Herriko eragile, merkatari eta talde hauek dira aurtengo hamalaukoa, Euskaraldia babesten eta sustengatzen duten ekipoko partaideak: arraun elkartea, botika, Libe dietista-nutrizionista, Errusta taberna, Gozategi frutategia, Katxiña jatetxea, Kolon Txiki taberna, Kutixi kafetegia, musika eskola, AEK, Udala, Salatxo abesbatza, Saltxerak-Gaztetxea-Batukada, eta The Pass taberna-denda.
Giro ederrean, beren artean berriketan aritzeko aukera izan zuten talde argazkia ateratzeko agerraldira bertaratu zirenek, mokadutxoa jaten zuten bitartean. Hala, euskara ere izan zuten hizpide, eta azpimarratu zuten Euskaraldia garrantzitsua dela euskararen erabilera indartzeko. Askok aipatu zuten euskara dela harremanetarako erabiltzen duten hizkuntza nagusia, baina, beste zenbait arlotan aurrerapausoak emateko beharra ere nabarmendu zuten.
Aurtengo asmoen berri badute Orioko eragile askok, batez ere kirol eta kultur elkarteek, horiengana jo dutelako aurrena. Enpresak eta dendak ere hasi dira bisitatzen, baina nahi baino motelago ari dira eremu horietan. «Euskaraldiak aurten dakarren apustu potenteena eta berritzaileena enpresen ingurukoa da. Espazio horiek irabaztea da apustua. Gure eskualdean, euskalduntzeko falta den hori hor dagoelako», azaldu du Egoitz Dorronsoro Orio eta Aiako dinamizatzaileak. Dena den, Orioko kasuan, Dorronsorok argi du herriko merkatari eta ostalariekin egin behar dela lan, «enpresa gutxi dagoelako». Enpresa askorik ez, baina merkatari txiki asko; 100 establezimendu inguru zenbatu dituzte, eta %90ean Euskaraldiaren ariketa egin daitekeela uste du dinamizatzaileak. Dagoeneko egon dira Arkupe merkatari eta ostalarien elkartearekin, eta badute haren babesa. "Publikoki esan zuten parte hartuko zutela Euskaraldian".
Kultur eta kirol eragileekin ere egon dira, haientzako aurkezpena egin zuten herrian, eta "erantzun ona" jaso dute. Izan ere, gonbidatutako ia guztiak bertaratu ziren. "Futbol elkarteak ez du jakingo irailean zenbat talde edukiko dituen, edo musika eskolak zenbat ikasle izango dituen, baina izena eman dezakete, lanketa egiten has daitezke barne mailan, eta irailean berrartu gaia eta ariguneak osatu", azaldu du Dorronsorok.
Zailtasunak zailtasun eta atzerapenak atzerapen, egindako lanketaren ondorio da astelehenean aurkeztu zuten hamalaukoa. Hor daude merkatari eta ostalariak, kultur eta kirol eragileak.
Izena emateko aukera irail amaierara arte
Euskaraldiak hiru dinamizatzaile ditu kostako herrietarako, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topaguneak egindako hitzarmenari esker. Hirurak buru-belarri dabiltza herrietako Euskaraldiko batzordeetan akuilu lanak egiten, eta hilabete hauen gazi-gozoak izan dituzte hizpide. Alde batetik, «erantzun ona» jaso dutelako elkarte, denda nahiz enpresetara jo dutenean «eta mezua ulertu delako». Bestetik, baina, atzeratu egin behar izan dutelako guztia.
Hala kontatu du Alazne Aizpurua Zarauzko dinamizatzaileak: «Barne lanketa egin dugu, baina oso zaila izan da herrira begira lan egitea, are gehiago entitateekin harremanetan jartzea. Plangintza zeharo aldatu zigun koronabirusaren agerpenak. Izen emate guztiak datoz atzeratuta, gu geu ere atzeratu egin garelako egoeraren ondorioz».
Sara Saizar Zumaiako eta Getariako dinamizatzaileak gogorarazi du, halaber, Urola Kosta «oso turistikoa» ari dela bihurtzen: «Guretzat garrantzitsua da hor euskarari bere tokia ematea». Epe ertain-luzera begira ere jarri da zumaiarra: "Euskaraldia hamabost egunetarako ariketa soziala da, baina lanketa horrek beste fruitu batzuk eman ditzake. Zumaian, esaterako, iazko Euskaraldiko herri batzordetik sortu zen Larrainak euskara elkartea. Hori Euskaraldiak emandako fruitu oso aberatsa da".
Aian eta Getarian aurrenekoz sortu dira herrietako batzordeak Euskaraldia sustatzeko, eta pozik dira dinamizatzaileak aurrerapauso horiekin.
Entitateek irail amaierara arte dute izena emateko aukera Euskaraldian, eta oporren bueltan hasiko dira aurtengo erronka nagusiari adarretatik heltzen, COVID-19ak horretarako baimena ematen badu bederen.