Beti saiatu izan naiz euskara norbaiten ahotik atera zen lehen aldi hura irudikatzen. Zein izan ote zen euskarazko lehen hitza? Noiz eta non? Ze egoeratan? Hitz bat baino hots bat izango zen lehenbiziko hura. Soinu bat. Noiz ote zen? Europako hizkuntzarik zaharrena bada, kristo aurretik zenbat milaka urte lehenago? Europako etnolinguistentzat mirakulua, eta ikerketarako tresna interesgarria da euskara. Teoriak egiten dira haren jatorriaz eta ahaidetasunaz, kaukasiarrekin, afrikarrekin edo iberiarrekin loturak izan omen ditzakegu…
Pentsa noiztik datorren euskara gaur arte. Pertsonaz pertsona, gizaki haien ahotik dator esaten dugun hitz bakoitza. Herriko denda asko ere halaxe datoz, aspalditik. Historia dute. Familia asko dira Orion herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzen ari direnak urteetan. Negozio berriak ere asko sortu dira bidean.
Etxetik irten eta kalean sartu gara. Ireki dira etxeetako leihoak eta ateak, desmuntatu ditugu salako parkeak, desarmatu balkoietako gimnasioak, deslotu korridoreetako rokodromoak, desegin logelako bulegoak, desinstalatu Jitsi Meet, Zoom eta Hangouts… Askok oraindik telelanean jarraituko baduzue ere, orain arteko martxa deseraikitzen ari gara. Des eta des. Deseskalatze honetan ez al gara deseuskaratuko.
Tabernak ateak irekita, dendak pertsianak igota, herriko zerbitzuak martxan. Eusko Gudari, Arrantzale, plaza eta hondartza inguruak bizi-bizi. Xalbadorrek zioen herria da gorputza hizkuntza bihotza, eta dendak bizkarrezurra, erantsiko nioke. Edo herriaren artikulazioak. Herritarren arteko harremanak josteko guneak eta uneak bertan daude; lagun handiak txikitoak hartzen, txokolatezko muxuak, bixigu begiak, gominolazko errietak, letxugak bezain elkarrizketa freskoak, jende jantzia… Baina atzoko ogia baino gogorragoa da egoera.
Lazkaotxikiri behin galdetu zioten: Zer egin behar dugu euskararen alde, Joxe Miel? Berak erantzun: Zer egingo dugu ba? Hitz egin. Eta galdera izan balitz: Zer egingo dugu denden alde? Erantzungo zukeen: Zer egingo dugu ba? Erosi. Are hobeto, euskaraz erosita.
Jon Sarasuari entzun berri diogu beste geometria politiko bat behar dugula euskararen gaiarekin. Oso goiko politika. Serioa. Euskal kulturgintzaren AHTak eta Guggemheinak behar ditugula. Benetako inbertsio ekonomikoak. Oriotarren hizkuntzara ekarrita, euskararen aldeko barrak, putomuroak, malekoiak, motondoak eta mutiozabalak behar ditugu.
Hainbeste babes neurri hartzera ohitzen ari garen honetan, musukoak, pantailak, esku larruak… ondo legoke geure burua gehixeago maitatu zaindu maite duzun hori eta gure dendetan gure hizkuntzan erosten saiatzea. Europako etnolinguistek mirakulutzat duten mintzaira hau egunero erabiltzea. Beraiek jarraituko dute euskararen gainean teorizatzen, hipotesiak eraikitzen. Guk nahikoa dugu dakiguna egitearekin. Nahi gabe ateratzen zaiguna egiten jarraitu, eta kitto. Ez da fisika kuantikoa, ezta?