Hondartzan arduraz jokatzeko eskatu du Orioko Udalak

Karkara 2020ko mai. 29a, 16:07

Hondartzan bete beharreko hainbat jarraibide ere zehaztu ditu udalak, azken egunetan hondartzan "jokaera desegokiak" ikusi direla nabarmenduta.

Azken egunetan jendez bete da Orioko Antilla hondartza, eta hondartzan ere arduraz jokatzeko deia egin die Orioko Udalak herritarrei eta bisitariei. Udal ordezkariek nabarmendu dute COVID-19ak sortutako "osasun-krisia ez dela oraindik gainditu" eta, azken egunotan, "jokaera desegokiak" ikusi direla hondartza inguruan.

Hondartzaren erabiltzaileei hiru jarraibide eman dizkie Udalak, bereziki:

  • Kontu handiz bainatu, eta kontuan izan udako denboraldia oraindik ez dela hasi eta, beraz, hondartzan ez dagoela sorosletza-zerbitzurik.
  • Egonaldi motzak egin hondartzan. Hondartzan egotea baimenduta dago, baina, ahal den neurrian, saihestu egin behar dira azken egunotan ikusi diren jende-pilaketak. Horretarako, Udalak gomendatzen du egonaldi motzak egitea, errotazioa sustatu eta pilaketarik ez izateko.
  • Hondartzan ere nahitaezkoa da bi metroko segurtasun-distantzia gordetzea eta, hori posible ez bada, maskarak erabili behar dira.

Orioko Udalak kartelak jarriko ditu hondartzaren sarreretan, aholku horien berri emanez eta jendeari arduratsu jokatzeko eskatuz. Horrez gain, hondakinekin ere arduraz jokatzeko eskatu du, eta azaldu du garrantzitsua dea sortako hondakinak bakoitzak bueltan eramatea eta gaika biltzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide