PAPEREKOA

"Egoera honek galera handiak ekarriko dizkie musikariei"

Izaro Altzibar 2020ko mai. 7a, 09:22

Unibertsitatean musika arloko promotorea sortu zuen Gratxina Lertxundik, Gure Bazterrak izenarekin. Geroago, Benito Lertxundi eta Olatz Zugasti gurasoen kontzertuak kudeatzea suertatu zitzaion, eta manager lanetan dabil geroztik. Alarma egoerak euskal musikan duen eraginaz mintzatu da elkarrizketa honetan.

GRATXINA LERTXUNDI 

Nola eragin du konfinamenduak zure manager lanean?
Urte hasierarako ez genuen kontzerturik aurreikusita; maiatzean hitzartuta zegoen lehena. Beraz, alde horretatik, nahiko zorte ona izan dugu, ez dugulako kontzerturik utzi behar izan bertan behera. Maiatzeko kontzertuak atzeratuko ditugu hemendik aurrera, betiere ziur jakin gabe egingo diren edo ez. Beraz, egun hauetan egoera hori kudeatzen ari gara, diskoen salmentari eutsiz, hori bai.


Nola eragingo du krisi honek kultura sortzaileengan?
Kultura zabala da, eta nahiago dut musikaren alorretik hitz egin. Musikari gehienak kontzertuetatik bizi dira, oso jende gutxi bizi da disko salmentatik, eta are gutxiago streaming musikatik. Kulturaren bultzatzaile nagusietakoak dira kontzertuak edo zuzeneko emanaldiak, eta egoera honek galera handiak ekarriko dizkie musikariei. Gainera, etorkizunean kontzertuetako jende kopurua mugatzen badute, horrek esan nahi du zenbait kontzertuk ezingo dituztela diru aurrekontuak bete, eta hala baldin bada, kontzertu horiek ezingo dira egin, edo beti bezala, musikariak gutxiago irabaztea onartu beharko du. Handicap handia egongo dela ziur naiz.

Zer iritzi duzu apirilaren 21eko eta 22ko greba digitalaren inguruan?
Protesta bat da. Ikusarazteko musika eta arte sortzaileak, gainontzeko guztia bezala, produktuak direla. Egun hauetan jende asko dabil musika pila bat entzuten, edo liburuak irakurtzen, eta orain pentsatzen dut: zergatik ez lehenago?. Orain guztiek nahi dute kontzertuetara joan, eta pena dute kontzerturik ez dagoelako, baina denbora luzez daude kontzertuak arriskuan, lehenagotik datorren kontua da. Egoera honek argitara ekarri du arazoa, eta ikusarazi du beharrean izango den sektore bat izango dela kulturgintza.

Zenbait musikariri online eta doan jotzeko eskatu zaie...
Bai, nire gurasoei ere bai. Azken urteetan kontzertuak gutxitu dira aurrekontu faltagatik, eta egoera hauetan beti jotzen da sortzaileengana. Nire gurasoei iritsi zaizkie eskariak bideo edo zuzeneko kontzertuak eskaintzeko. Baina beraiek musikatik bizi dira, eta jendeak sarrera bat ordaintzen du kontzertuetara joateko. Zer onura jasoko lukete beren produktua doan emanda? Bakoitzak desberdin biziko du, eta egongo dira promoziorako aukera gisa erabiliko dutenak. Ohiko egoeran zure produktuak funtzionatzen badu eta jendeak kontsumitzen badu, zergatik emango duzu doan orain?

Zein izango da euskal kulturaren egoera hau amaitzean?
Ez dakigu noiz itzuliko garen normaltasunera. Baina aldaketa handi xamarra espero dut. Batez ere kontzertuak antolatzeko zailtasunagatik eta une honetan ez dagoelako datorren urterako kontzertuak zehazteko jarrerarik. Ez udalek, ez inork, ez du arriskurik hartu nahi kontzertuak lotzeko, eta normala da. Lehenago ere zaila bazen kontzertuak lotzea, zailagoa izango da orain. Beste alde batetik, ez dakigu ikusleen jarrera nolakoa izango den. Sortzaileei dagokionez, musikariaren araberakoa izango da egoera, baina gehienak kontzertuetatik bizi dira, beraz...

Zer aldatuko dela uste duzu?
Egia esan, ez dakit, baina guztia asmatzeko dagoela uste dut. Aurrerantzean jendearen jokaera aldatuko da derrigor. Internet bidezko zerbait asmatuko da agian... Kontzertuak oso gune jendetsuak dira eta edukieraren arabera neurtzen da guztia: aurrekontuak, gastuak... Ikusle kopurua mugatuz gero, sarrerak garestitu beharko lirateke errentagarria izateko. Horretarako, ikusleak ere prest egon behar du gehiago ordaintzeko, baina gehienek uste dute musika merke kontsumitu behar dela, eta ikuspegi hori aldatzea da benetan positiboa kulturarentzat, hemendik aurrera kontzertuetara joatea pribilegioa izan daitekeelako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide