Bihartik aurrera irekiko dituzte hitzordua ematen duten establezimenduek; esaterako, ile-apaindegiek eta fisioterapia zentroek. Horietako askok egoera normalean ere hala funtzionatu izan dute. Beste mota bateko zerbitzuek ere ekingo diote lanari bihar: arropa dendek, esaterako. Beste kasu batzuetan, berriz, zalantzak daude. Lore denda batek ireki ditzake ateak astelehen honetan, ala hilaren 11ra arte itxaron behar dute?
KARKARA herriko hiru merkatari txikirekin egon da: Mara arropa dendako Naiara Urangarekin, Miren Gozategi fisioterapeutarekin eta Muxutruk lore dendako Imanol Amantegirekin.
"Ez dut uste beherapenak orain arte bezala izango direnik"
Naiara Uranga, Mara arropa denda
Mara arropa dendako Naiara Uranga eta haren lankidea lanean ari ziren atzo, larunbata, biharko dena prestatzeko. Izan ere, denda zabaltzeko asmoa dute, muga askorekin izan arren. "Bezeroek banan-banan sartzea izango dute dendara. Horretarako, aurrez hitzordua hartzea edukiko dute; hona etorri eta inor ez badago, berriz, momentuan sartzea izango dute. Bestela, esango genieke orduerdira edo ordubetera etortzeko. Bi pertsona aldi berean etortzen badira, berriz, adinekoek izango dute lehentasuna". Ordutegia betikoa izango dute.
Protokoloa zein den argi du Urangak langile nahiz bezeroen osasuna babesteko. "Aurreneko gauza eskuak garbitzea da. Bezeroa etortzen denean, gelarekin garbitu beharko ditu, eskularruak eduki ala ez. Hemen nahi badu beste eskularru batzuk janzteko aukera izango du, baina orduan ere gelarekin garbitu beharko ditu. Maskara, berriz, geuk edukiko dugu soinean, eta ez da beharrezkoa izango bezeroak ezer jartzea". Arropa probatzea egongo da, baina horretan ere neurri zorrotzak ezartzen ditu protokoloak: "Bezeroak probatutako arropa guztiak ondoren derrigor 48 orduz egon beharko du desinfektatzen. Guk aparatu bat lortu dugu denbora hori gutxitzeko, baina oraindik ez zaigu iritsi. Ozono makinak oxigenoa (02) ozono (03) izatera pasatzen du, eta esaten dute desinfektatzaile onena dela".
Dendan ere erabiliko dute aparatua. Gauez utziko dute martxan, eta goizetan dena aireztatuko dute. "Berez, horrekin denda zeharo desinfektatuta egongo da".
Hilaren 11tik aurrera, berriz, beste pauso bat emango dute aurrera dendek: pertsona bat baino gehiago sartu ahalko da barrura, eta zirkuitu bat egongo da markatuta, hura jarraituz, bezeroak elkarrekin ez gurutzatzeko.
Mara dendakoak azaldu du itxialdiak "asko-asko" aldatu duela lana egiteko modua. "Orain arte ez genion kasu handirik egiten Facebook-i eta Instagramari. Ez zitzaigun garrantzitsua iruditzen". Aste hauetan, ordea, hor jarri dituzte indarrak, "eta hemendik aurrera jarraitu egingo dugu argazkiak igotzen eta norbaiti zerbait gustatzen bazaio, whatsapp-ez eska dezake eta etxera bidaltzen dugu, Espainiako lurralde osora".
Dena den, onartzen du itxialdiak asko eragin diola negozioari. "Aurreneko hilabetean ez genuen ezer eduki, eta bigarrengoan mugitzea erabaki nuen. Jendea hasi da jakiten lanean jarraitzen dugula Internetez, eta herrian merkatari txikiei buruz bueltaka ibili den bideo batek ere asko lagundu dit. Jendeak gehiago jarraitzen nau sare sozialetan, eta eskaera gehiago eduki ditut".
Marakoek dendan daukate denboraldiko arropa guztia, eta ahalik gehien saltzen saiatuko dira. "Beherapenak iritsi aurretik kendu nahi dugu ahalik gehien, eta beherapenak ere, ez dut uste izango direnik orain arte bezala. Denboraldi bat sei hilabetekoa bada, ezin dugu arropa guztia lau hilabetetan sartu. Denboraldia murriztu egin denez, nik uste dut beherapenak ere murriztu egingo direla. Egia da egunetik egunera gauzak aldatzen doazela, eta ikasten ari garela, eta egoera denak ez direla berak, baina nik hori uste dut".
Merkatari txikiei asko eragiten dien beste gai bat lokalarena da: ez da gauza bera lokala norberarena izatea, ala alokairuan egotea, ala erosi eta hipoteka ordaintzen aritzea. Marakoek erosi egin dute lokala. "Ahal dugun guztia egin behar dugu honek martxan segitzeko urte askoan. Alokairuan dagoenak beharbada momentu batean pertsiana jaisten du eta kito, baina guk berdin-berdin ordaindu behar dugu, eta hemen egongo gara ahalik urte gehien".
Gizarteak gero eta gehiago kontsumitzen ditu produktuak Internetez zein zabalera handiko saltokietan. Baina Urangak badu esperantza: "Ikusiko dugu herritarrek hemen kontsumitzen duten ala ez, guk badugu esperantza. Internetez baino zerbitzu pertsonalizatuagoa eskaintzen dugu guk: handik ezin da arroparik probatu, ez dizute esango zure gorputzari zer gelditzen zaion ondoen... Geuk ere ahal den neurrian eskainiko dugu arropa online, baina geureari helduta". Urangak argi du zein den gakoa: "Jendearen menpe egongo gara. Protokoloak ondo betetzen baditugu, denak lehenago egingo du onera. Bakoitzak nahi duena egiten badu, berriz, agian berriro etxera itzuli beharko dugu. Jendearen menpe gaude; ondo egin behar ditugu gauzak".
"Udaberria da irabazien %70 lortzen den sasoia gure gremioan"
Imanol Amantegi, Muxutruk lore denda
Muxutruk lore dendako Arantxa Satrustegi jabearen bikotea da Imanol Amantegi, eta ostiralean azaldu zuen gremiokoekin eta gestoriarekin ari zirela hizketan. "Argitu beharra dugu hitzordua emanda zabal dezakegun. Baina, ireki-ireki, hilaren 11n irekiko dugu, edukiera mugatuta".
Orain arte, telefonoz eta online aritu dira lanean, eta bezeroei produktuak denda kanpoan ere entregatu dizkiete. "Ezin da salmenta zuzena egin". Ez dute arazorik eduki era horretara lan egiteko, baina noski, fisikoki irekita ez edukitzearekin, asko nabaritu dute diru sarrera jaitsiera. "Bi arazo egon dira: bat, fisikoki irekita ez egotean jendeak uste du dena itxita dagoela eta ez da etorri; bestea, jarri dugunean eskaerak telefonoz egiteko aukera, horrek lan ikaragarria sortu digu". Zergatik? "Bada, argazkiak bidali behar dituzulako, azaldu zer den eta zer ezaugarri dituen, gero etxeetara eraman...". Gaur, igandea, Amaren Eguna da, eta lan askorekin dabiltza. "Eskaera guztiak guk eraman behar ditugu etxeetara, eta eromena izaten ari da".
Lore denda batentzat, konfinamendua urteko sasoirik okerrenean etorri da, ezkontzak eta jaunartzeak izaten diren garaian. "Guk galdutzat ematen genuen udaberria, irabazien %70 lortzen den sasoia. Baina badirudi salbatuko dugula. Behintzat, aurrera ateratzeko moduan". Izan ere, zorionez, lokala beraiena da. "Horrek dena markatuko die merkatari txikiei. Guk gure lokala dugu, eta horrek asko laguntzen digu. Alokairuan daudenek sufritu egingo dute".
Sasoi osoa galdutzat eman ondoren, orain, argi pixka bat ikusten dute, maiatzaren 11n irekitzeko hartu den erabakiagatik. "Ez da izango beste urteetan bezain ona, baina aurrera egiteko modukoa bai".
Laguntzak ere jaso dituzte Espainiako Gobernuaren partetik. Nahikoak izan dira, gustura daude? "Gehiago ez genuen espero. Zaila da, denentzako dirua ez dago, eta behintzat laguntza egon da, eta horrekin konformatu behar. Duela bi aste arte erabat itxita eduki dugu denda, baina ez ziguten ematen negozio-etetea. Beste urteekin alderatuta %30 baino gutxiago irabazi dugulako eman digute laguntza". Garaiz iritsi da laguntza? "Guk jaso dugu. Nahiko azkarra izan da eta, egia esan, harritu egin gaitu".
Amantegi lorezaina da, eta lanean jardun du itxialdian ere. "Autonomo bezala, ezin genuen gelditu, baina normal lanean aritzeko aukera ere ez dugu izan. Mantenua eta kanpoko lanak egin ditugu, baina etxeetara ezin izan dugu sartu. Mugatuta aritu gara. Udaberriko dirua galdu dugu, baina ezin izan dugu laguntzarik eskatu, legeetan ezarritako diru sarrera gutxienekoak gainditzen ditugulako".
Denda berriro zabaltzean, espero dute herritarrak bertaratzea? "Hori espero dugu. Azkenean, herrian zerbitzua ematen ari gara; ez daukagu gaitasunik hemen saltoki handiek duten eskaintza zabala edukitzeko, baina bai eskatu eta ekartzeko. Beraz, jendea etortzen bada, eskaera egin, eta guk gure zerbitzua eskaintzen badiogu, bikain".
Bakoitzak bere maskara ekarri behar
Miren Gozategi, fisioterapeuta
Miren Gozategik ere bihar zabalduko ditu FisiOrioTerapia zentroaren ateak. Bezeroak derrigor hartu beharko du ordua aurrez, eta Gozategik kartel informatibo bat osatu du, zeinetan birusarekin kutsatzea saihesteko hartu beharreko neurriak azaldu dituen. Lau zati ditu kartelak: aurrena, joan aurretik kontuan hartu beharrekoak azaltzen ditu; gero, iritsitakoan egin beharrekoak; ondoren, saioan zehar egitekoak; eta azkenik, saioa amaitzean.
Horrez gain, Gozategik azpimarratu du bezeroak bere etxetik eraman beharko duela maskara, zerbitzua jaso ahal izateko.
Hemen puntu bakoitza zehaztuta:
- Joan aurretik. Azken 14 egunetan sintoma hauetakoren bat sentitu baduzu, jakinarazi fisioari, eta ez joan sesiora: sukarra, eztul lehorra, arnas arazoak, usaimen edo zapore arazoak. Baita positibo eman duen pertsonaren batekin harremana izan baduzu ere.
- Iritsitakoan. Zentroan pertsona kopurua mugatua izango da. Sartzean eskuak hidroalkoholarekin garbituko ditugu eta etxetik ekarritako maskara jantziko dugu.
- Saioan zehar. Profesionalak neurriak hartuko ditu, Fisioterapeuten Elkargoak gomendatutakoak. Besteak beste, eskuak ondo garbitzea, eskularruak erabiltzea eta maskara jartzea.
- Saioa amaitzean. Zentrutik ateratzerakoan, bezeroak berriz garbituko ditu eskuak hidroalkoholarekin. Era berean, hurrengo pazientea sartu aurretik, profesionalak erabilitako gainazal guztia garbituko du desinfektatzaileak erabilita.