"Koronabirusaren testa egin gabe hasi dugu antxoaren kostera"

IƱigo Gaiton 2020ko api. 21a, 12:24

Berdelaren kupoa lau egunean bete eta itxialdiagatik etxean hilabete eman ostean, atzo atera ziren arrantzaleak urteko lehen antxoa harrapatzera. Lehorreko panorama ikusita, "ohi baino gusturago" joan da itsasora Jon Mujika, Orioko Kofradiako presidentea.

Etxean sartuta eman dituzte azken lau asteak Orioko arrantzaleek, berdelaren kupoa lau egunetan bete ostean. «Berdela asko izan dugu aurten, gehiegi, behar duguna baino gehiago», azaldu du Jon Mujikak, Orioko Kofradiako presidenteak. «Getaria, Zarautz eta Orio gainean ibili ginen arrantzan, urrutira joan gabe», dio zehaztapenak emanez.

Urteko aurreneko kanpaina bukatutakoan, baporeak moilan amarratzeko erabakia hartu zuten; batetik, koronabirusa zabaltzen hasia zelako, eta bestetik, antxoa agertzeko asteak falta zirelako. Itxialdiko asteak, beraz, etxean sartuta eman dituzte arrantzaleek. «Egia esan, elkarri txantxaren bat edo beste egin izan diogu gai honekin: baporean makina egun egiten ditugu toki gutxiagorekin! Elkarri pega-pega eginda baino erosoago gaude etxean!”, bota du umorez. Aitortu du, dena den, aurten nagikeria gutxiagorekin aterako dela itsasora, lehorrean dagoen panorama ikusita: «Egia esan, gogoa dut antxoatara ateratzeko, gustura joango naiz».

Berez, lehengo astean abiatu behar zuten antxoaren kostera, hilaren 13an, baina kontserba enpresetatik abisua jaso zuten: «Alarma egoeragatik enpresak itxi ostean, berriz lanean hasteko prestatzen ari zirela esan ziguten, enpresako instalakuntzak egoera berrirako egokitzen, eta egun batzuk itxoiteko eskaria jaso genuen».

Testak egin gabe itsasora
Arrantzaleek ere izan dituzte gorabeherak koronabirusaren aurkako babes neurriekin. «Hasiera batean, arrantzale guztioi testak egitea adostu zen, antxoaren kanpaina ahalik eta modu seguruenean hasteko. Zoritxarrez, ez da posible izan goitik iritsitako aginduaren ondorioz: guretzat ziren test guztiak Madrilera bidali dituzte, hango komunitatera eta osasun sailera», argitu du.

Arrantzaleak metro karratu gutxian bizi dira baporean, eta tartean koronabirusa duen inor tokatuko balitz, elkar kutsatzeko arriskua izango lukete. «Itsasora aterako garen guztiok sano gaudela suposatzen da, beraz, behin baporean egonda, ia ezinezkoa da kutsatzea, ez dugulako beste inorekin harremanik», zehaztu du.

Hala ere, Getarian antxoa deskargatzerakoan segurtasun neurriak hartuko dituzte. «EPI biserak, eskularruak, desinfektatzeko likidoak eta maskarillak izango ditugu eskura, portuan lanean aritzea tokatzen zaigunerako», dio Mujikak. Horretaz gain, Euskal Herrian portu bakoitzak segurtasun protokolo propioa ezarri du, bakoitzaren tamainaren eta itsasontzi kopuruaren arabera. Moilan eta lonjetan ahalik eta jende gutxien ibiltzea da neurri orokorretako bat, besteak beste.

Lehorrean zer topatuko
Ziurgabetasuna da arrantzaren ezaugarri nagusietako bat. Itsasora atera aurretik, tripulazioak ez du jakiten arrainik izango den edo ez; izozkailuak beteta edo esku hutsik porturatuko diren. 

Ohiko galderei beste bat gehitu behar zaie aurten: Zer eragin izan dezake koronabirusak antxoaren prezioan? Mujikak galdera ikur bat marraztu du airean. «Lehorreko salmentari dagokionez, ez dakigu zer gertatu daitekeen. Harrapatzen dugun antxoaren %90 kontserba fabriketara joaten da, eta %10 kontsumo freskora. Oraintxe, kontserba enpresak ez dira ari beti bezala lanean, eta horrek eragina izango du arrain salmentan, seguru».

Normalean, bapore bakoitzak egunean 10.000 kilo antxoa arrantzatzeko muga izaten du, baina aurten 6.000 kilora jaitsi dute zifra, “bestela lehorrean ez delako lana ondo egingo, eta kiloaren prezioa oso baxua izango litzatekeelako”, gehitu du Mujikak. “Osasun krisiaren eboluzioaren arabera, ikusiko dugu kopurua lehengora igotzen dugun edo ez”.

Udako hegaluzearen kanpainari begira, Mujikak zalantzak ditu. “Arrain freskoak ez du tiradarik izango, jatetxeetan mugimendurik ez bada; baina auskalo, egoera horretan, agian gehiago salduko da kontserbako produktua”, bota du airera. Zer gerta daitekeen ez jakiteak beldur pixka bat eragiten diola aitortu du, Montserrat baporeko patroiak.

Bertako antxoaren bila
Azken bizpahiru urteetan, euskal kostaldean harrapatu dute antxoa gehiena, Frantzia aldean beharrean; tamaina onena duena ere bai.  “Lehorretik hogei miliako distantzia hartuta, Hondarribitik hasi eta ia Santander alderaino harrapatu dugu antxoa azkenaldian. Ez dakigu zergatik, baina gertuago dabil; agian klimagatik, edo besterik gabe, antxoa gehiago dabilelako orokorrean”, dio Mujikak.

Konfinamenduaren ondorioz, lehen pertsona asko juntatzen zen lekuetan ez dabil egunotan, eta animalia gehiago ikusten eta entzuten da toki batzuetan. Horrek itsasoan ere eragina izan dezakeen galdetu diogu: “Lehengo astean, Laredoko nire lagun bat berdeletara atera zen, eta kostatik oso gertu, Santoña inguruan, hiru edo lau tonako balea koskorra geratu zitzaien sarean harrapatuta. Handik bi ordutara, berriro sarea bota eta beste balea bat kateatu zitzaien. Bi animaliak inongo minik gabe eta sarerik hautsi gabe askatu zituzten, berehala, baina oso arraroa da hori gertatzea. Urteak daramatzat itsasoan, eta ez dut sekula halakorik entzun».

Iazko antxoaren kostera «ona» izan zen Orioko patroiaren iritziz, eta konforme litzateke lehengo urteko zifrak errepikatuz gero. 1,35 eurotan saldu zuten antxoa kiloa, «merke», baina hori ez da beti txarra izaten: «Asko harrapatu genuelako izan zuen prezio hori. Aurten nola ibiliko garen ezin da jakin, baina azken egunetan uraren tenperaturak bi gradu egin du gora, eta seinale ona izan daiteke. Ikusiko dugu», agurtu da itxaropentsu. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide