Jan-edanerako ordua iritsi zain

IƱigo Gaiton 2020ko api. 16a, 14:00

Jatetxe, taberna eta kafetegiak itxita daude azken asteetan, hutsik eta isilik, COVID-19 gaitzaren aurkako neurriek hala aginduta. Katxiña, The Pass eta Sukiako arduradunekin bildu da KARKARA, bizi duten egoeraren gordina bertatik bertara ezagutzeko. 

Iñaki Zendoiak mahastietan lan egiteko aprobetxatu ditu itxialdiko asteak. Katxiña itxita dute konfinamendua hasi zenetik, eta mahatsa lantzen dihardu, gora eta behera, batera eta bestera. “Terrenoetan lan txiki asko ditugu egiteko, eta horiekin gabiltza buru-belarri”, azaldu du ardogile eta parrilleroak. Gizarteak bizi duen osasun krisiarekin kezkatuta dagoela aitortu du, elkarrizketa hasi orduko. “Gure negozioari dagokionez, egoera zaila ari gara bizitzen. Jatetxea geldi-geldirik dago, eta egia esan, arraroa egiten da hau horrela ikustea. Txakolindegia beharrean, txaleta ematen du oraintxe honek: isil-isilik eta hutsa geratu da dena, egun batetik bestera”, penatu da.

Ostalari askoren modura, gaitzaren hedapen azkarraren ondorioz, espero gabe eta denbora gutxian jaso zuten bodega ixteko agindua. Zorionez, ez zitzaien jenerorik alferrik galdu. “Haragia ekartzen digun hornitzailearekin harreman oso ona dugu, eta horri esker, produktuak itzultzeko aukera eman zigun. Arraina, berriz, itxialdia igandean sartu zen indarrean, eta aurreko egunean ez genuen eskaririk egin. Larunbatean soberan geratu ziren pieza batzuk, berriz, gertuko jendeari saldu genizkion erositako prezioan. Azken piezekin, afaria egin genuen lantaldearekin jatetxea goitik behera garbitu eta gero. Arrain onarekin leporaino afalduta esan genion agur elkarri”, ekarri du gogora.

Katxiñan lan asko egiten dute ezkontzekin, eta koronabirusaren ondorioz, geroratu egin behar izan dituzte azken asteetarako aurreikusitako bederatzi bazkari eta afari. “Azarora eta datorren urtera atzeratu ditugu datak.”

Zendoia kezkatuta dago eguneroko bizitzarako itzulerarekin. “Ea, ikusiko dugu osasun krisi larri honek nolako arrastoa uzten duen. Azken finean, jendek aisialdiaz gozatzeko jotzen du gurea bezalako jatetxeetara, eta patrikak estutzen badira, denok aterako gara galtzen”. Udari begira, zaila ikusten du betiko martxan lanean hastea. “Itxura guztien arabera, datozen hilabeteak ez dira errazak izango guretzat”, dio. Egunek eta asteek aurrera egin ahala egokitzen joatea tokatuko zaie.

Txakolinaren esportazioari dagokionez, Holanda, Frantzia, Polonia, Alemania, Japon eta EEUUra bidali dituzte botilak aurten, baina gehiena Euskal Herrian saldu dute. Erretegia geldirik dutela eta, azken egunotan txakolina salmenta zuzenaren bidez ateratzen hasi dira, etxez etxeko banatuz. “Txakolina erosi nahi duenak, jar dadila gurekin harremanetan telefonoz, eta etxera eramango dizkiogu behar dituen botilak edo kaxak”, zehaztu du ardogileak. Oraindik ez du galdu umorerako bizitasuna: “Etxean sartuta ordu asko eman behar ditugunez, txakolina beti da lagungarria aldarte onari eusteko edo siesta ederrak egiteko!”. COVID-19ak negozioa aldrebestu arren, barre txikiarekin agurtu da.

Galderak airean
Zaintza lanetara emanda bizi da Maider Sukia azken asteetan. Hiru seme-alaba dituzte etxean, eta “ondo” daudela esan du. “Inguruan ez da inor gaixotu, eta ezin dugu kexatu”. Sukia tabernari dagokionez, konfinamenduan bueltaren bat edo beste egin du izozkailuak ondo daudela ziurtatzera, eta gutxi gehiago. “Tabernetan txukunketa lanak egiteko aprobetxatu dituzte batzuk egun hauek, eta niri ere ematen dit horretarako goga, baina ezin dut denera iritsi”, zehaztu du.

Ostalariek egoera gogorra bizi dutela baieztatu arren, ilunak atzean utzi eta argitara begiratzen saiatzen ari da Sukia. “Gure lanarekin, oso zaila izaten da asteburuetan seme-alabekin egoteko eta gozatzeko tartea hartzea, eta beno, horretarako behintzat balio izaten ari da itxialdia”, poztu da.

Konfinamenduko lehen egunak ziurgabetasunarekin bizi izan zituen, ezjakintasun handiarekin. “Ez dakit hitza beldurra den, baina arraroa izan zen dena. Haurrak ikastolatik etxera bidali zituztenean, taberna irekita genuen oraindik. Behin lekuak ixten hasita, onena denok batera ixtea zela iritzi nion hasieratik”. Kontatzen duenez, egun haietan urduri ibili ziren bera eta Arkupe elkarteko komertzio txikietako gainontzeko kideak.

Negozioaren kudeaketari dagokionez, itxialdiak ez du garai txarrenean harrapatu. “Bi aste beranduago gertatu izan balitz, ondorioak kaltegarriagoak izango ziren, Aste Santuari eta udari begirako lantaldea osatzen hasia egongo nintzelako”, azaldu du. Uda garaia aipatutakoan, konfinamenduko asteburuetan egin duen eguraldi ederra ekarri du gogora ostalariak. “Giro honekin, gure tabernan oso ondo egiten dugu lan asteburuetan. Pena da, baina ez dago besterik, aurrera egin beharra dago. Nik behintzat, argi dut: tabernan lanean jarraituko dut, kosta ala kosta”.

Orain arte behintzat, Sukiak ondo kudeatu ditu taberna itxita izateak sortutako zalantzak eta gorabeherak, baina orain, eguneroko bizitzarako itzulerarekin kezkatzen hasi da. “Noiz eta nola irekiko ditugu tabernak?”. Airean laga du ezinegona eragiten dion galdera. “Osasun krisia konpontzeko elkarrengandik urrun egon ostean, udan zer egongo gara hondartzan eta tabernetan, elkarri pega-pega eginda? Ez dut uste”, bukatu du.

Egoera berrira moldatu beharra
Ane Otamendirentzat egoera gogorra ari da izaten esparru profesionalean, baina dagoeneko izan du asimilatzeko denbora. “Sektoreko negozio guztiok gaude antzeko egoeran. Beraz, dagoena onartu eta aurrera jarraitzea besterik ez zaigu geratzen”, azaldu du The Pass kafetegi eta dendako jabeak. Duela lau aste bizi izan zituen momenturik txarrenak, establezimendua zabalik izandako azken egunetan. “Koronabirusa jende guztiaren ahotan zebilen, eta egun haietan, herritar askorekin harreman zuzena genuenez, buruak buelta asko eman zizkidan”. Kontraesan batean bizi izan zen. “Alde batetik, lanean jarraitu nahi genuen, baina bestetik, kutsatzeko edo guk bezeroak kutsatzeko beldurra geneukan”, zehaztu du.

Otamendirentzat, azken asteetan diru sarrerarik ez izatea da gogorrena; lanera itzulera nolakoa izango den ez jakitea ere bai. “Hau guztia hilabeteko kontua balitz, lasaiago geundeke, baina luzerako joko duela iruditzen zait. Oraindik ez dakigu negozioa noiz zer baldintzatan ireki ahal izango dugun."

Udaberri eta udako arropa berrien kaxak jasotzen ari zirela harrapatu zituen krisialdiak, bete-betean. “Itxialdiko lehen bi asteetan Interneten aritu gara lanean, gure webera produktuak igo eta eskuragarri jartzen. Arropa berriak oraindik kaxetatik atera gabe genituen The Pass itxi genuenean, eta online saltzen saiatzen ari gara”, argitu du. Bere ustez, osasun krisiak agerian laga du komertzio txikiek duten garrantzia, eta jendea ari da horren kontzientzia hartzen. “Kalera atera eta lokalak itxita ikusitakoan, argiago ikusten dugu komertzio txikiak ixteak ekarriko lukeen panorama tristea”, dio Otamendik. “Erosketa guztiak Amazon edo multinazional handien bidez egiten baditugu, urte gutxi barru kaleak konfinamenduan bezala egongo dira: isilik eta hutsak. Mugimendurik gabe”. Osasun krisiarekin, agerian geratu da komunitate gisa hazteko eta elkar laguntzeko dugun premia, bere ikuspegitik.

Lehengo urtean, atzerriko turistekin lan dezente egin zuten The Passen, aurrekoan baino gehiago nabarmen. Aurtengo udaz galdetuta, nahikoa ezkorra da: “Ez dut uste atzerritarrak etorriko direnik; ez behintzat iaz beste.” Bestalde, erakunde publikoetatik babes gutxi jaso dutela salatu du. “Autonomoen azken kuota berdin-berdin ordaindu dugu, eta gainontzeko fakturak ere bai”.

Aurrera egiteko, etorkizunean gehiegi ez pentsatzen saiatzen da Otamendi. “Moldatzea tokatuko zaigu. Gure kasuan, kafetegiko produktu guztiak kanpora edo etxera eramateko moduan eskainiko ditugu, horretarako prestatu gara dagoeneko. Datozen hilabeteetan negozioa ez da lehengoa izango, eta gauza bat argi dago: urtea gogorra izango da”.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide