"Ontziolara etortzea primerako aitzakia izaten zen eskolatik alde egiteko"

IƱigo Gaiton 2020ko mar. 30a, 15:14

Esteban Gozategik erretiroa hartu zuen otsaila amaieran, ia berrogeita hamar urtez erriberako arotz lanetan jardun ondoren. Mutiozabal ontziolan juntatu gara berarekin elkarrizketa egiteko, aitak ofizioa erakutsi zion toki berean. Orion hasi zuen ibilbidea Albaolan bukatu du.

Zer oroitzapen dituzu ontziolara etortzen zinen umetako garaiez?
Gure aita zena, Agustin, hemen jarduten zen lanean, eta gu laguntzera-edo etortzen ginen. Eskolatik atera eta hona hurbiltzeko irrika izaten genuen. Ziurrenik, orduan gu mutil koskorrak izanik, ez ginen oso lagungarri izango aitaren eta lankideen jardunerako, baina gustura egoten ginen haiei begira. Gainera, egur pusketekin eta iltzeekin jolasten uzten ziguten.

Dibertimentu hura nola pasa zen ofizio izatera?
Egia esan, gure bueltakoak ez ginen eskolara oso emanak, eta ikasten jarraitzeko gogorik ez nuelako hasi nintzen aitarekin lanean. "Hemen bazagok nahikoa lan!", esan zidan.

Maisu ona izan al zenuen aita? Pazientziarik ba al zuen erakusteko?
Bai, bai. Hartzen zuen behar zen denbora.

Aitaren aurretik, zuen etxean ba al zen erriberako arotzik?
Ez. Aita baserritarra zen. Itsasoan ibili zen aurrena, eta geroago hasi zen ontziolan lanean, Txanka bazkide zuela.

Nola ikasi zuten baporeak egiten?
Nire aitaren kasuan, ondo gogoratzen badut, Manuel Elizondo izan zuen maisu. Gaztetan Ortzaika aldean dezente ibiltzen zen, han baporeak egiten ziren garaian, eta orduan piztuko zitzaion ofizioarekiko interesa. San Juan aldean ere ibilia zela entzuna dut.

1954tik 1974 artean, 33 bapore egin zituzten aitak eta bazkideek Mutiozabalen. Nolakoa izaten zen ontziolako eguneroko bizitza?
Giro bizia izaten zen errio bazterrean, ona. Jende desberdina pasatzen zen hemendik; langileez gain, ezagutu nituen goizean Michelinen lanean aritu eta arratsaldean hona etortzen zirenak. Baserri giroko lagunak ere hurbiltzen ziren, eta gure lehengusuak ere bai. Kuadrillatxoa juntatzen zen, bateko eta besteko. Apustuak ere egiten zituzten.

Apustuak lanean?
Bai, bai, lana nork azkarrago egingo. Aitaren zeregina, normalean, baporeen kanpoaldeko oholak prestatzea izaten zen. Bi edo hiru kuadrillatan banatuta, kaskoaren kanpoaldeko egurrak azkarrago nork josi jarduten ziren. Orduko hartan, zazpi t´erdiak aldera meriendatu egiten zuten, eta irabazleek debalde izaten zuten botila ardoa.

Zer klasetako langileak ziren?

Kolpe seguruko jendea zen. Benetako profesionalak. Nik askotan esan izan dut, gure aitaren belaunaldikoek lana jan egiten zutela. Ontziolan esku lanean ari zirenean, etxetik gauzak pentsatuta ekartzen zituztela ematen zuen. Hemen, ez zuten denborarik galtzen. Egia esan, egiten zituzten baporeak antzekoak ziren: aurrenekoak egin eta gero, ondorengoak koskan fabrikatu zituzten, elkarren segidan. Askotan, baporea uretara botatzerako hurrengoaren kila prest izaten zuten.

Nagusiek langileek adina ordu ematen zituzten lanean. Ontziolaren goialdeko bulegoan ez zen inor egoten, denak esku-lanean aritzen ziren... Asteburuak aprobetxatzen zituzten paper kontuak egiteko eta soldatak banatzeko.

Zenbat denbora behar izaten zen baporea egiteko?

Aitari entzunda dakit, itxurazko kuadrillarekin, bost bat hilabetetan edo egiten zutela kaskoa, astean sei egunetan lanean arituta. Ez du honekin zerikusi zuzenik, baina beste datu bat ere emango dizut: Albaolan egiten ari garen San Juan baleontziaren tankerakoak sei hilabetean egiten zituzten aitzina, lanean mila eta bostehun lagunetik gora jardunda.

Ezagutza handia beharko da, artisau eran baporea egiteko.
Beno, ez dakit. Etxea egitea zaila al da? Igeltsero batek ezetz esango dizu. Bada, gauza bera da.

Botadurak egun bereziak izaten omen ziren.
Baporea putzutara botatzen zen egunean, eskolan jai izaten genuen arratsaldez, hura ikustera joateko. Jendetza juntatzen zen moila inguruan. Ontziolako langileak marea handien zain egoten ziren, ontzia pasatzeko nahikoa hondo egon zedin. Moilaraino kablea pasatzen zuten kamioiarekin, itsasontziari tiratzeko.

Gogoan ditut botadurei lotutako anekdotak: behin, baporea kateatuta geratu zen. Beste behin, ontziolako sabaia jo zuten poparekin, eta teilatuari pusketa kendu zitzaion. Erritu modura, xanpain botila puskatzen zen baporearen kontra botata, eta oker ez banabil, baten bat bazen botilarekin begi-ondoan kolpea hartutakoa...

Zer egur klase erabiltzen zuten lanerako?

Haritza. Seguruenik, Nafarroa aldetik ekarritakoa. Egurrak ontziola ondoan egoten ziren luze-luze eginda, pilan, lehortzen.

Nolakoa tokia zen Mutiozabal lanerako?

Hotza eta hezea. Beti izaten zen korrontea barruan. Orain egituraren zati handi bat harrizkoa da, baina lehen egurrezkoa zen dena, eta zirrikituetatik haize hotza sartzen zen.

Zure lanari dagokionez, baporeak egiten baino konpontzen eman dituzu urte gehienak.

Hori da. Umetan aita eta lagunak baporeak egiten ikusi arren, hamabost bat urterekin Ondozabalenera joan nintzen lanera, eta handik, soldadutzara. Zerbitzu militarra bukatutakoan itzuli nintzen ontziolara.

Ordurako, itsasontziak burniarekin egiten hasi ziren, egurrarekin beharrean. Horren ondorioz, Mutiozabaleko lana konponketak egitera bideratu zuten. Bapore berrietan burnia nagusitu arren, aurreko hamarkadetako egurrezko itsasontzi asko zeuden martxan, eta haien mantenuak lan handia zuen; adibidez, egurrezko hozkailuak eta biberoak usteldu egiten ziren, eta konpondu egin behar izaten genituen. Baporearen egituran ere izaten ziren konponketak. Dena egur lana.

Zergatik hartu zuen burniak egurraren tokia?

Burnia material gogorragoa da eta mantenu errazagoa du. Egurrari urtero eman behar izaten zaio errepasoa, hauskorragoa delako. Bestalde, burnia seguruagoa izango da itsasoaren aurka joateko, sendoagoa.

Orion bakarrik aritzen al zinen lanean?

Getariako eta Pasaiako moiletan ere bai.

Errio bazterrean hainbeste ordu pasata, nabigatzea edo itsasoan ibiltzea gustatu al zaizu inoiz?

Ez... Behin arrai txikitara atera nintzen lagun batekin, eta trago txarra pasa nuen. Nahiago hankak lehorrean. Beno, arraunean ibili nintzen 1973tik 1977ra arte edo. "Erbestekoak" ginen gu, Lasarte Michelinekoak. Herriko jendearen kontra aritzen ginen lehian. 1973an gure taldeak Kontxa irabazi zuen, baina ni ordezkoa izan nintzen.

Borroka handia izango zenuten herrian.

Bai, garai batean San Pedro eta San Juan bezala ibiltzen ginen. Orain batek irabazi, gero besteak...

Orduan ez zen dirurik izango talde batera edo bestera joatea erabakitzeko. Nolatan joan zinen Lasarte Michelinera?

Gaztetako kontuak! Gu Ortzaikain hasi ginen arraunean, batela zahar batekin. Michelingoak Korta fitxatzera etorri ziren, eta gu han inguruan edo suertatuko ginenez, hara joateko gonbita egin ziguten.

Soldadutzatik itzulita, hiru hamarkadatik gora egin zenituen baporeetan konponketak egiten, 57 urterekin lana bukatu zitzaizun arte.

Gogorra izan zen. Nora joan behar nuen nik adin horrekin lan eske? Egoera zaila izanagatik, zorte ikaragarria izan nuen. Hemen lanean ari ginen batean Xabier Agotek bisiatu gintuen, eta buruan zuen proiektuaren berri eman zigun. "Egunen batean lanik gabe geratzen bahaiz, deituidak", bota zidan. Hitza hartu nion, eta halaxe suertatu zitzaidan Albaolan lanean hasteko aukera.

Bukaera ederra eman diozu ibilbide profesionalari.
Zorte ikaragarria izan dut, bai.

Euskal Herrian, zu izan zara azkenetako erriberako arotza. Orain, berriz, badirudi ofizioak gazteen interesa piztu duela. Albaolan ikus daiteke hori.

Han bada indar berria, bai. Orain dela hiru urte zabaldu zuten arotz eskola, eta lehen ikasle taldeak aurten du azken ikasturtea. Hemezortzi gazte dabiltza ofizioa ikasten, herrialde desberdinetakoak: Frantzia, Danimarka, Belgika, Grezia...

Hizkuntza-festa ederra izango zenuen inguruan...
Bai, bai. Haien artean ederki konpontzen dira ingelesez, baina gu moldatu ezinik ibiltzen gara! Keinu bidezko hizkuntza unibertsalarekin ulertu izan dugu elkar (Estebanek eskuarekin laneko keinuak egin ditu: mailua hartu, iltzea sartu...). Kuriosoa da: atzerriko gazteek hitz gehiago egiten dituzte euskaraz, guk ingelesez edo frantsesez baino!

Gazte jendez inguratuta hartu duzu erretiroa, beraz.

Bai. Harreman ona izan dut haiekin, eta sekula ez didate aurpegi txarrik jarri aginduren bat emandakoan. Albaolan bi lan jarri zizkidaten: bat, egitea, eta bestea, erakustea. Biak eginda jubilatu naiz, azken egunean espero gabeko omenaldia jasota. Jende baten aldetik estimazio pixka bat badudala sentituta bukatu ditut nire lan egunak. Zer gehiago eska dezaket?

Hemendik aurrera, arrantzale zaharrak bezala, moila bazterrean ikusiko al zaitugu egunero?

Ez dut uste. Etxean nahikoa lan izango dut, bateko eta besteko. Gainera, ahal dudan guztietan, Albaolara joango naiz boluntario moduan, laguntzera. San Juan baleontzia izan da hutsetik abiatuta egin dudan bapore bakarra, eta amorratzen haren botadura ikusteko. Ikaragarria izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide