Koronabirusa saihesteko neurriak hartzen hasi dira Aian eta Orion

Karkara 2020ko mar. 11a, 13:59

Atzora arte emandako datuen arabera, Aian eta Orion ez dute koronabirus kasurik atzeman. Dena den, hainbat eremutan hasi dira dagoeneko birusa saihesteko neurriak hartzen. Orioko Eguneko Zentroan, esaterako, bisitak murriztu dituzte eta zentroko erabiltzaileei eta langileei tenperatura hartzen diete.

Koronabirusa bezala ezagutzen den pandemiak mundua hankaz gora jarri du, 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian lehendabizikoz antzeman zutenetik. SARS-CoV-2 birusak edo Wuhango koronabirusak Txinako mugak zeharkatu ditu, eta hilabete gutxiren epean mundu osora hedatu da. Birus horrek COVID-19 gaixotasuna eragiten du gizakiengan, eta gaur egun 114.000 kasu inguru antzeman dituzte mundu mailan. 3.600 hildakotik gora eragin ditu, horietatik gehienak Txinan bertan, baina gogor astindu ditu Iran edota Italia.

Hego Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna –oraingoz Ipar Euskal Herrian ez da kasu bat bera ere detektatu–. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguerdian emandako datuen arabera, 197 pertsona kutsatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik sei hil dira. Nafarroan, berriz, COVID-19ren hamahiru kasu antzeman dituzte, Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera.

Gaixotasunaren hedatzeak eragin zuzena du gizartean. Ospitaleak lanez gainezka daude lehen kasuak detektatu zituztenetik, eta haiek artatu dituzten sendagileak ere jarri dituzte, kasu batzuetan, bi asteko berrogeialdian. Araba da kutsatu gehien dituen lurraldea, eta Gasteizen, baita Bastidan ere, ikastetxeak eta unibertsitateak itxi dituzte. Hasiera batean, martxoaren 23ra arte izango dute neurri hori indarrean.

Koronabirusak adinekoengan eta aurretik patologia jakin batzuk dituzten pertsonengan eragiten du gehien. Hori dela eta, adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan ere neurriak hartu dituzte. Oraingoz ez dituzte egoitzak itxi, baina familiartekoak edo lagunak bisitatzera joaten direnen kopurua kontrolatu dute.

Ikusle kopuru handiak biltzen dituzten ekitaldietan ere nabarmen eragingo du koronabirusak. Espainiako futbol ligako datozen bi jardunaldiak ateak itxita jokatuko dituzte. Hau da, Lehen Mailako 28. eta 29. jardunaldietan ez da zaleturik izango zelaietan. Saskibaloi partidei dagokionez, hau idazterako orduan ez da erabaki zehatzik hartu, baina partida horietako batzuk ere kiroldegietako ateak ixtea aurreikusten ari dira.

Apirilaren 5ean egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bertan behera uztea edo beste data batera atzeratzea ez du oraingoz planteatu hauteskunde batzordeak. Baina, neurri batzuk hartuko dituztela jakin da, Italian –koronabirusak gogor astindu duen estatua– izandako hauteskundeetako aurrekariak kontuan hartuta. Hala, gomazko milaka eskularru erostea aurreikusten du hauteskunde batzordeak, igande horretan hauteskunde mahaietan egon beharko dutenek erabili ditzaten.

Aiako eta Orioko entitateen neurriak

Aipatu bezala, adinekoak dira zaurgarritasun maila altuenetarikoa duten giza taldea. Horrek behartu ditu adinekoen zentroak gainontzekoek baino neurri zorrotzagoak hartzera prebentziorako. Orioko Eguneko Zentroan, esaterako, Osakidentzak adineko zentroei emandako gomendioak jarraitzen ari dira. Ahal den neurrian bisitak murriztegomendatu diete, baita aitona-amonei eta langileei tenperatura hartzea eta eskuak askotan garbitzea ere. Horrez gain bertara sartzen diren salbuespenezko bisitei alkoholdun xaboiarekin eskuak garbitzeko eskatzen ari dira langileak, prebentzio neurri gisa. "Osakidetzak zehaztu dituen gomendioak adinekoen egoitzetara zuzenduta daude, eta guk ezin ditugu denak bete, azpiegitura aldetik horretarako aukerarik ez dugulako. Adibidez, zentroko erabiltzaileak elkarrekin gune bakar batean ez edukitzeko eskatu dute, hau da, gela desberdinetan banatzeko, baina guk ez dugu horretarako aukerarik, Orioko Eguneko Zentroak gune handi bakarra baitu". 

Bestetik, asteazken arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak erretiratu eta pentsiodunen aisialdi guneak eta elkarteak ixteko agindua eman zuen, koronabirusa adinekoen artean ez zabaltzeko neurri gisa. Hori dela eta, gaurtik aurrera itxita egongo da Orioko Zaharren Babeslekua, eta elkarteko presidente Txomin Iribarrek jakinarazi duenez, asteazkenero herriko kultur etxean egiten duten bingo saioa eta hilaren 25erako antolatua zuten Orioko Erretiratuen eta Pentsiodunen Eguna ere bertan behera geratu dira. Elkarteak zehaztu du hasiera batean neurria hamalau egunetarako izango dela gutxienez, baina Eusko Jaurlaritzak irekitzeko baimena eman arte itxita jarraituko duela Zaharren Babeslekuak

Haur eta gaztetxoen gurasoen artean ere sortu da kezka, eta Orioko Herri Ikastolako arduradunek aitortu dute dei ugari jaso dituztela azken egunetan koronabirusa dela eta. Dena dela, argitu dute Hezkuntza eta Osasun Sailetik jaso duten aholku bakarra dela ikastolan eta etxean higiene-neurriak indartzea. Horrez gain, etxetik atera aurretik 37 graduko tenperatura baino gehiago izanez gero, etxean geratzeko eskatu diete ikasleei. "Datozen egunetan neurri bereziak hartu behar baditugu, Ikastolak zuzenean jakinaraziko die guraso guztiei", nabarmendu dute.

Kirol arloari dagokionean, pertsona kopuru handiak biltzen dituzten ekintzen gaineko erabakiak ere hartu ditu Espainiako Gobernuak. Besteak beste, futboleko nahiz saskibaloiko hainbat jardunaldi ateak itxita jokatuko dituzte kirol taldeek. Herriko kirol elkarteek jakinarazi dutenez, oraingoz ez dute prebentziorako neurri berezirik hartu beren egunerokoan, baina federazioek zer esango zain daude. Orioko Futbol Taldea, esaterako, Gipuzkoako Futbol Federazioarekin harremanetan jarri da, aurrerantzean zein neurri hartu behar dituzten jakiteko.

Kareka Kiroldegiko arduradunek KARKARAri jakinarazi diotenez, oraingo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioak jarraitzen ari dira, eta ez dute prebentziorako neurri berezirik hartu kudeatzen dituzten azpiegituretan. "Dena dela, adi-adi jarraitzen ari gara Osakidetzaren berriak, abisua ematen dutenean behar diren neurriak hartzeko". 

Eliza ere hasi da neurri zehatz batzuk hartzen. Gipuzkoako Bikaritzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, zenbait neurri hartzeko eskatuz. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kentzea, eskuak garbitzea, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko eta jaunartzean ostia ahora ez ematea eskatu diete eliztarrei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide