Osteguneko greba orokorrean aldarri feministak erdigunera eramatera dei egin du Xaltxerak taldeak

Karkara 2020ko urt. 27a, 15:30

Ostegunean besoko morea erabiltzeko  proposamena egin du Xaltxerak taldeak. Amantalak leiho zein balkoietan eskegiz, "emakumeek doan egiten dituzten lanak ikusarazteko" deia ere egin du, baita "greban egon ezin diren emakume guztiak" gogoan izateko "eremu sinbolikoak" sortzekoa ere. Bestalde, zaintza gune kolektiboak egitearen garrantzia ere izan dute hizpide.

Datorren ostegunean, urtarrilak 30, greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian. Orioko mugimendu feministak ere bat egin du greba deialdiarekin; hala, herriko eragileei zein Eskubide Sozialen Kartaren parte diren sindikatuei eskatu diete "beren gain hartzeko greba feministaren aldarrikapenak".

Xaltxerak taldeak hainbat proposamen egin ditu greba orokorrari begira, aldarrikapen feministak erdigunera eramateko bidean. Besoko morea erabiltzeko proposamena egin du batetik, eta bestetik, "emakumeek doan egiten dituzten lanak ikusaraztera" egin du dei. Horretarako, amantalak leiho zein balkoietan eskegitzea proposatu du. "Greban egon ezin izan diren emakume guztiak" gogoan izateari ere jarri diote azpimarra mugimendu feministako kideek, "eremu sinbolikoak" sortzearen bidez. Esaterako, "etxeko langileak, presoak, zaintza lanak egiten egon diren emakumeak edota eraildakoak" aipatu dituzte, ostegunean greban egon ezingo dutenen artean.

Horretaz gain, ostegunerako "zaintza gune kolektiboak" sortzeko deia egin dute, "ardura emakumeen eta pentsionisten gain" erori ez dadin.

Zaintza, "ariketa kolektiboa"

Grebaren testuinguruan ere, Xaltxerak taldeak bi eskaera nagusi mahaigaineratu ditu: "bizitzaren jasangarritasun kolektiboa bermatzea eta elkarmenpekotasuna onartzea". "Zaintza lanei ez zaie oraindik ere baliorik ematen, eta emakumeen gain uzten dira. Zaintzen kudeaketaren ariketa kolektiboa egitea proposatzen dugu", gehitu dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide