Udalak itzultzaile automatiko esperimentala txertatu du bere webgunean

Karkara 2019ko abe. 17a, 17:00

Hizkuntza-teknologia berriak udaletan nola txertatu probatzeko jarri dute martxan proiektua.

Orioko Udalak itzultzaile automatiko esperimentala txertatu du orio.eus webgunean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Etorkizuna Eraikiz" programaren babespean, hizkuntza-teknologiak baliatuz euskararen erabilera susta eta errazteko. Itzultzailearen bitartez, erabiltzaileek Udalak euskaraz sortutako mezuak gaztelaniaz irakurtzeko aukera izango dute.

Elhuyarrekin batera landu du proiektua Orioko Udalak, Foru Aldundiarekin elkarlanean, hizkuntza-teknologia berriak udaletan nola txertatu probatzeko. Proiektu pilotua da Orion martxan jarri nahi dutena, proba egin nahi dute Udalak, Elhuyarrek eta Aldundiak.

Proiektuaren lehen urratsa

Proiektua abian jartzeko, Udalak orio.eus webgunean egin du lehenengo aldaketa, hizkuntzen trataerari dagokionez: Udalak euskaraz sortutako eduki berriak, hots, albisteak eta agendako hitzorduak, gaztelaniaz ere irakurri ahal izango dituzte erabiltzaileek aurrerantzean, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren laguntzat. Nahikoa da botoi baten gainean klik egitea euskarazko edukia gaztelaniaz irakurri ahal izateko. Itzulpena momentuan sortze du tresnak, oraindik akats txiki batzuk egiten baditu ere, baliagarria da albistea ulertzeko.

UdalHiztek proiektua

Webgunean egindako aldaketa esan bezala lehen urratsa soilik da, izan ere, proiektu handiago baten barruan dago. Elhuyar eta Orioko Udala proiektu berritzaile eta esperimental batean murgilduta daude irailetik: UdalHiztek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz-GipuzkoaLab programak lagundutako proiektua da, eta, haren barruan, hainbat egitasmo jarriko dituzte martxan Elhuyarrek eta Orioko Udalak urtebeteko epean. Euskararen erabilera sustatzeko sortutakoak izango dira guztiak, Udal barruko komunikazioak nahiz herritarrekikoak landuz. Behin fase pilotua amaituta, proiektu honetan sortutako tresnak eta jasotako ondorioak gainontzeko udalerrientzat eskuragarri egongo dira, Etorkizuna Eraikizen logika esperimentalari eutsiz.

Gaur egun, hizkuntza-teknologiek aukera handiak ematen dizkigute euskararen erabilera sustatzeko eta komunikazio-kanaletan eragiteko, horrekin batera, beste hizkuntza batzuk ere aintzat hartuz. Horri etekina ateratzea da UdalHiztek proiektuaren helburuetako bat, eta webgunean itzultzaile automatikoa txertatzea da horren adibide. Lan hau, zehazki, orio.eus webgunea garatu duen Elkarmedia enpresaren laguntzarekin egin da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide